Andaluziako gobernuko ordezkaritza batek EAE-ko telelaguntza aurreratuko zerbitzuaren instalazioak bisitatu ditu

0

Andaluziako Gizarte Zerbitzuen eta Mendekotasunaren Agentziako (ASSDA) ordezkaritza batek, Andaluziako Juntako Berdintasun, Gizarte Politika eta Kontziliazio Kontseilaritzaren mendekoak, Victor Manuel Bellido zuzendari kudeatzailea buru izan duela, betiON EAEko telelaguntza aurreratuko zerbitzuaren instalazioak bisitatu ditu, gaur, Bilbon.

Han Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza batekin bildu dira; bilerako buru Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordea eta Marian Olabarrieta Gizarte Zerbitzuetako zuzendaria izan dira. Aurrez aurre ezagutu dute Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza aurreratuko zerbitzu publikoa; zerbitzuak 10 urte bete zituen 2021aren amaieran.

EAEk telelaguntza-eredu berritzailea du, gizarte- eta osasun-zerbitzu eta -prestazioen koordinazioan oinarritzen dena eta mendekotasunaren eta kronikotasunaren alderdietan zahartzearen erronkari aurre egiteko diseinatua. Eredu horrek etengabeko hobekuntzaren alde egiten jarraitzen du eta, gainera, Estatuan erreferentea da. Horretarako, eguneko 24 orduetan eta asteko zazpi egunetan martxan dagoen telelaguntza garatu da, eta, hartan, koordinazio soziosanitarioa nabarmentzen da.

“Erabiltzaileei dei egiten diegu, hobeto ezagutzeko eta haien beharrei hobeto erantzun ahal izateko. Eta horrek zerbitzu integrala eskaintzeko ateak zabaldu zituen. Zerbitzu pertsonalizatu horrek erabiltzaile bakoitzaren behar bereziei erantzuten die”, esan du Amilibiak.

BetiON zerbitzuaren pertsonalizazioak, digitalizazioarekin batera, aukera eman du, azken urteotan, telelaguntza aurreratua garatzeko, egoera zehatzei arreta emateko programa eta proiektu bereziak dituena. Hala, kasu baterako, besteak beste, honako hauekin lan egiten da: zaintzaileari laguntza emateko programa; tratu txarrak detektatzeko protokoloa; suizidio-arriskuak detektatzeko programa, eta zerbitzua narriadura kognitiboa, dementziak edo Alzheimerra duten pertsonetara eta haien familietara egokitzeko proiektu pilotua