Jokin Bildarratzek Hiri Hezitzaileen Sarearen XV. Topaketa irekitzeko ekitaldian parte hartu du

0

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Hiri Hezitzaileen Estatuko Sarearen XV. Topaketaren irekiera ekitaldian parte hartu du gaur goizean. «Hiri Hezitzailea sendotzen» lelopean, Gasteizen ari da egiten topaketa, gaur eta bihar. Sailburuarekin batera, ekitaldian izan dira Joan Subirats Unibertsitate ministroa, Maider Etxebarria Gasteizko lehen alkateordea eta Marina Canals Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Elkarteko idazkari nagusia.

Ekitaldian hitza hartu duelarik, Bildarratzek, topaketaren eta Hiri Hezitzaileen Sarearen ikuspegia eta helburuak hartu ditu hizpide eta, adierazi duenez, zaila da horiekin bat ez egitea. “Hiriak, herriak, edozein udalerri handi zein txiki, funtsezkoak dira gizarte guztietan hezkuntzari bultzada emateko”.

Hiriak edo ingurune hurbilenak horretarako duten indarraren erakusgarri, sailburuak datu bat eman du: ikasle batek, Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan edo Bigarren Hezkuntzan, ikastetxean ematen duen denboraren % 8 edo % 12. “Gainerako denbora eskolatik kanpo ematen du: parkean, lagunekin, etxean edo eskolaz kanpoko edozein jardueratan. Horregatik da garrantzitsua babesa ematea, ez bakarrik ikasgelan, baizik eta une oro”.

Ildo horretan, Bildarratzek adierazi du etorkizuneko Euskal Hezkuntza Legean nahitaez jaso beharko dela udalerrien parte-hartzea. “Momentu honetan, garai zirraragarria ari gara bizi izaten Euskadiko Hezkuntzan. Legealdi honetan, egungo Hezkuntza Legea eguneratzeko lanean ari gara. Lege horretan, ezinbestean, udalerrien eta hirien presentzia areagotu beharra daukagu, haien inplikazioa handitu beharra. Hezkuntza Sailaren lidergoarekin, baina gainerako erakundeen parte hartze koordinatuarekin. Sekulako potentziala daukagu elkarrekin koordinatuta aritzen bagara eta jabetzen bagara elkarlanean aritzea gazteek ere positibo ikusiko dutela”.

112 udalerri

Bi egunez (martxoak 17 eta 18), 112 udalerrik eta 270 pertsonak baino gehiagok parte hartuko dute Gasteizko Europa Jauregian egingo den foroan, gehien bat erakundeetako ordezkariak, gizarte eta hezkuntza-eragileak eta ikasleak. 

Topaketak aukera emango du Hiri Hezitzaileen Sareko (RECE) 91 hirik 2020az geroztik egindako lana ezagutzeko, lau sare tematikoren inguruan: “Hiri inklusiboa, Hiri Hezitzailea”, Vitoria-Gasteiz buru duena; “Berdintasuneko hiriak eta genero-indarkeriarik gabekoak”, Sevillak gidatua; “Lan eredu kooperatiboak: hiri hezitzaile baten erreakzioa”, Aviles buru duena; eta “Garapen jasangarrirako helburuak haurren inplikazioarekin (II. Fasea), Leidaren gidaritzarekin.