Ekindarreko bazkideak laguntzeko dirulaguntza lerroa onartu du Azpeitiko Udalak

0
Azpeitiko Udalak dirulaguntza lerro berri eta propio baten bidez, Ekindarreko bazkideak diruz lagunduko ditu.  Azpeitiko Udalak emandako laguntza honekin herritarrak Azpeitia jasangarriago bat izan eta energiaren arloan alternatiba jasangarrien alde egitera animatu nahi dira. Diru laguntza orokorra 500€koa izango da, gehienezkoa ekarpenaren €50a izanik. Egoera ekonomiko zailean dauden herritarrentzako laguntza handiagoa izango da, gehienez ere 1.000€koa.

Asteazkenean Ekindar azpeitiarron energia kooperatibaren abiapunturako batzarra egin ostean, gaur,  Azpeitiko Udalak Ekindarreko bazkide egiten direnei bideratutako laguntzen inguruko xehetasun gehiago eman nahi izan dituzte Nagore Alkorta alkateak eta Aitor Bereziartua Ingurumen Batzordeburuak.

Egunerokoan, «presentzia eta zeresan gero eta  handiagoa» hartzen ari dela energia eta, batez ere, «energiaren prezioa» adierazi du Alkortak hitzartzearen hastean. «Energia ezinbesteko lehengaia da gure bizitzetan eta Ekindarren bidez, energiaren arloan herritarrak ahaldundu eta sentsibilizatzeaz gain, gaurtik erantzun behar zaion trantsizio ekologiko eta energetikoaren alde pauso bat eman nahi da». Bide horretan, Azpeitiko Udalak konpromiso osoa duela «trantsizio energetiko bultzatu eta klima aldaketari aurre egiteko» baliabideak jartzeko adierazi du. Ekindar energia kooperatibaren bidez egingo den bidea, gainera, modu publiko eta komunitarion eta irabazi asmorik gabeko kooperatiba herritar baten bidez egingo dela gaineratu du.

Udala, Kreanekin batera, duela bi urte lantzen hasitako proiektua da Ekindar, eta denborak» apustu beharrezko eta sendoa dela erakutsi» diete. Proiektua herritarren interes orokorreko eta Azpeitiaren onurarako proiektua dela azpimarratu du eta horregatik, «hasiera-hasieratik proiektuan sinetsi» dutela.

Laguntzaren xehetasunak

Gaur aurkeztutako dirulaguntzen bidez, proiektua bultzatu eta herritar gehiagorentzat iristea lortu nahi da. 2022ko aurrekontuetan Ekindarren bazkideak diru laguntzeko 250.000€ko dirulaguntza poltsa jarria du udalak eta horretaz gain kooperatibarekin lankidetza hitzarmen bat sinatzea ere aurreikusten du. Laguntza lerroa aste honetan bertan, onartu da Ingurumen Batzordean, eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialera bideratuko da orain argitaratu eta deialdia abiatzeko.

Diru laguntza Ekindarren bazkide egiten diren herritar guztiek eska dezakete. Laguntza orokorra 500€koa izango da. Beti ere, bazkidetzarako eginiko ekarpenaren %50a izanik gehienezko laguntza. Horretaz gain, egoera ekonomiko okerrenean dauden herritarrek 1.000 euro arteko laguntza jasotzeko aukera izango dute, betiere, Ekindarrera egindako ekarpenaren %75a izanik topea. Dirulaguntza norbanakoek zein autonomo, merkatari txiki edo bestelako izaera duten elkarteek ere jaso ahal izango dute.

Dirulaguntza eskaerak deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutako egunetik ekainaren 17a bitartean egin ahal izango da. Eta ohi bezala Herritarren Arreta zerbitzuan zein astelehenean irekiko den Ekindarren bulegoan bazkide egiten direnei laguntza tramitatzeko azalpenak eta laguntza eskainiko zaie. Azpeitiko Udalak emandako laguntza honekin herritarrak Azpeitia jasangarriago bat izan eta energiaren arloan alternatiba jasangarrien alde egitera animatu nahi dira.