Kontroleko osoko bilkura

0

Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.

Galdera, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Ukrainako gerrari buruz.

Lehendakariak azpimarratu du Ukrainan gertatzen ari dena aldebakarreko inbasio militar bat dela, “justifikaziorik eta probokaziorik gabe hedatua”, eta gaitzespenik argiena merezi duena. Horrela, nabarmandu du politikan argitasuna beharrezkoa dela, eta hau inbasio militarra dela. “Errusiaren aldebakarreko eta justifikaziorik gabeko erasoa da. Giza eskubideen aurkako erasoa, nazioarteko legezkotasuna eta zuzenbidea urratzen dituena”, zehaztu du. 

Gainera, adierazi du Ukrainan gertatutakoak ekarri duen egoerak auzolanaren erantzuna eskatzen duela; baita ere berehalako erantzuna. “Erantzunak zeharkako lankidetza-estrategia eraginkorrak eskatzen ditu maila guztietan. Nazio Batuetan, Europar Batasunean, Estatuan eta Euskadin. Batasuna eskatzen du”, gainearatu du. Urkulluk esan du lehen egunetik erantzuna lau eremutan egituratu dela: humanitarioa, errefuxiatuei harrera duina eskaintzeko; energiaren arloa, Europar Batasunak energiaren prezioak jaisteko neurri sendoak hartu behar ditu; erantzun sozio-ekonomikoa, jarduerari eta enpleguari eusteko eta sektorerik ahulenak babesteko; eta Europako funtsak eta inbertsio publikoaren sustapena.

Galdera, Miren Gorrotxategi Azurmendi Elkarrekin-Podemos taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Hezkuntza-itunaren berehalakotasunari buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak hezkuntza-akordio honen aldeko jarrera eta ahalegina eskertu ditu, eta prozesua eraikitzailea izaten ari dela azpimarratu du. “Oinarrien dokumentua aurrera egiten jarraitzeko konfiantza sortzen duen abiapuntua da. Gure konpromisoa da lortutako akordio guztiak jasotzea”, adierazi du. Hala, konfiantzazko eta lan partekatuko giroari eusteko deia egin du, “lortu nahi dugun helburuak merezi duelako: Euskal Hezkuntza eraldatzea, ekitatea eta bikaintasuna batuz”.

Ildo horretan, Legebiltzar honetan herritarren legezko ordezkaritza Euskadin Hezkuntza hobetzeko itun bat eraikitzen saiatzen ari den espiritu ireki eta eraikitzailearen aurrean berriz hausnartzeko eskatu die sindikatuei.

Galdera, Carlos Iturgaiz Angulo euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Hezkuntzako lege berriari buruz.

Lehendakariak nabarmendu du Hezkuntzako Lege berri batek akordioa behar duela, “guztiok maximalismoei uko egitea eta gutxieneko izendatzaile komun bat bilatzea behar da”. Hala, ziurtatu du Eusko Jaurlaritzaren helburua ez dela legealdi baterako lege bat onartzea, belaunaldi baterako baizik, eta, horregatik, ahalik eta akordio zabalena eta ikuspegi positibo bat lortzen saiatzen direla. «Legeak ez du ezer kentzen edo murrizten; Legeak Hezkuntza batu, hobetu eta eraldatzen du», adierazi du. Gainera, Urkulluk konpromisoa hartu du ahalik eta babes handiena bilatzeko, “ekitatea eta bikaintasuna erraztuko dituen, gure hezkuntza-sistema indartuko duen eta gure ikasleei erronka berriei aurre egiteko beharko dituzten tresnak eta balioak irakatsiko dizkien prozesu batean aurrera egiteko”.

Hezkuntzako lege berria egiteko irizpideak Ganbera honetan Ponentziaren esparruan egiten ari den eztabaidatik eratorritakoak izango dira. Zentzu horretan, Iñigo Urkulluk gogorarazi du ponentziaren esparruan ekarpen guztiak bildu, aztertu, baloratu eta kontuan hartu direla, “baita zure taldeak aurkeztu dituenak ere”.

Galdera, Amaia Martínez Grisaleña talde Mixto – Vox-eko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Voxen inguruan Konstituzioaren aurkako kordoi bat onartu zutenek izan zitzaketen erantzukizun politikoak argitu beharraz, Konstituzio Auzitegiak ebatzi bezala, lehendakariak uste duenari buruz.

Lehendakariak gogorarazi du botere legegileari dagokiola gai horri buruzko erabakia hartzea. Nolanahi ere, Urkulluk bere iritzia eman du: «Inola ere ez da egokia inolako erantzukizun politikorik planteatzea”; izan ere, sistema demokratikoaren funtzionamendu normalean ohikoa da hori, botere-banaketatik eratorritakoa. Adierazi duenez, ”ez da egon inolako “osasun-lokarririk” Legebiltzar honetan parte hartzea eta ekimenak aurkeztea galarazi dionik”.

Era berean, azpimarratu du ukaezina dela lehendakariarekin izandako harreman instituzionaletan “«Osasun-hesia» deritzon horrek zuk zeuk jartzea erabaki duzula”. “Zuek zarete harresi bat eraikitzen duzuenak Legebiltzar honetako erakundeekin edo talde parlamentarioekin dituzuen harremanetan. Egia esan, zure jarrerek zailtzen dituzte harremanak: Euskal autogobernuaren aurkako jarrera; migratzaileen eta adingabeen aurkako diskurtso xenofoboak eta jazarpenekoak; Ukrainako inbasioari buruzko epeltasuna eta kontraesanak. Zuek zarete harresi bat eraikitzen duzuenak genero-desberdintasuna, emakumeen aurkako indarkeria edo klima-aldaketa ukatzen duten diskurtsoekin. Arazoa ez duzue Eusko Legebiltzarrarekin. Arazoa zuen ideiekin duzue, eta ideia horiek Europa demokratiko, zibiko eta pluralean eragiten duten inpaktuarekin”, zehaztu du.

Interpelazioa, Iker Casanova Alonso EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Gerraren ondorioen aurrean EAEko ekonomia eta pertsonak babesteko Jaurlaritzak hartu beharreko neurriei buruz .

Lehendakariak adierazi duenez, egoeraren larritasunaren jakitun dira ikuspegi humanitario eta ekonomikoari dagokionean, eta, horregatik, aldez aurretik eta gertakarien bilakaerari jarraituz jardun da, pertsonekin, elkarteekin, sektoreekin eta enpresekin harreman estuan. “Hiru aste hauetan ez dugu segundo bat galdu”, azpimarratu du. Hala, azaldu du pertsonen babesa izan dela lehentasuna, eta, horrekin batera, erantzun sozio-ekonomikoa bideratu dela jarduerari eta enpleguari eusteko eta sektorerik ahulenak babesteko. “Ukrainako egoera, krisi humanitario handi bat izateaz gain, erronka bat da gure ekonomiarentzat, baita munduko ekonomiarentzat ere. Egoera horrek hazkundeari eragiten dio eta inflazioaren gainean goranzko presioa eragiten du”, gaineratu du.

Lehendakariak bere hitzaldian adierazi duenez, Europar Batasunak eta Espainiako Gobernuak hartu behar dituzten premiazko erabakien osagarri izan behar duten neurriak abiarazteko lanean ari dira, “ez gaudelako tokiko arazo baten aurrean, baizik eta arazo global baten aurrean”.

Era berean, lehendakariak azpimarratu du neurri horiek ez digutela ahaztuarazi behar Ukrainako herritarrak bizitzen ari diren giza drama. “Gogoratu behar dugu funtsezkoa dena: ez dago inolako justifikaziorik alde bakarreko inbasio eta eraso armatu baterako, eta irmotasun osoz gaitzesten dugu. Giza eskubideak errespetatzea, eta bereziki bizitzeko eskubidea, helburu bat da berez. Hori da beti, edozein lekutan eta iraganeko, oraingo edo etorkizuneko edozein egoeratan aplikatu beharko genukeen etika maximoa”, adierazi du.