2022-2026-rako ijito herriarekiko EAE-ko estrategia berriaren bidez, kolektiboak jasaten duen diskriminazio historikoa eta egiturazkoa gainditu nahi da

0

Beatriz Artolazabal, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur nabarmendu duenez, 2022-2026rako Ijito Herriarekiko EAEko Estrategia berriaren bidez, “gizon eta emakume ijitoek ijito izateagatik jasaten duten diskriminazio historikoa eta egiturazkoa gainditzen lagundu nahi da”. Ijitoen aurkako jarrera, gainera, estrategia berri honen ardatz nagusietako bat da. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak Ijitoen aurkako jarreraren kontrako Itun Soziala sustatuko du. “Azken batean, helburua da ijitoen gizarte-ongizatea eta parte-hartzea gainerako euskal herritarrenekin parekatzea”.

Gaur, martxoaren 21ean, Arrazagatiko Bazterketa Ezabatzeko Nazioarteko Egunean, sailburuak testu berri hori onartu dela jakinarazi du. “Estrategia horrek beste urrats bat gehiago dakar EAEko gizarte bidezkoagoa eta inklusiboagoa eraikitzeko, diskriminaziorik onartzen ez duena, diskriminaziorako aitzakiarik gabea”, esan du Artolazabalek; izan ere, “ijitoen aurkako jarrera ez da ijitoen kontua soilik, kontu sozial bat da, eta guztion ardura da”.

Sailburuak “estrategia berriak dakarren” ikuspegi feminista ere nabarmendu du. “Eremu horretan ere ezarri nahi ditugun aurrerapenak ez lirateke posible izango emakumeak aintzat hartu gabe, kasu honetan, bereziki, emakume ijitoak aintzat hartu gabe”. Hori horrela, dokumentuak, emakume ijitoen inplikazioari eta sustapenari esker, atal berezi bat du, eta, bertan, matxismoaren aurkako borrokan eragin zuzena duten ekintzak eta emakume eta gizonen arteko benetako berdintasunerako aurrerapena jasotzen dira; gainera, genero-ikuspegia zeharka jasotzen da atal guzti-guztietan.

Testu berriak ijitoen aurkako jarrerarekin amaitzeko ekintza batzuk jasotzen ditu eta, haren bidez, 2018-2020rako Ijito Herriarekiko EAEko Estrategiari eman nahi zaio jarraipena –azken estrategia hori 2021era arte luzatu zen–. Mota horretako hirugarren estrategia da, eta Eusko Jaurlaritzak eremu horretan bildutako politika esplizitu eta positiboen inguruko hogei urteko esperientzian oinarrituta dator. Nobedade esanguratsua da Estrategiari, oraingoan, giza eskubideen ikuspegitik heltzen zaiola eta tratu-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren osagaia sartu dela.

Printzipioak eta orientabideak

Estrategia bat dator Ijito Herriaren Berdintasunerako, Inklusiorako eta Parte-hartzerako 2020-2030erako Europako Esparru Estrategikoaren jarraibideekin eta Espainian Ijito Herriaren Berdintasunerako, Inklusiorako eta Parte-hartzerako Estrategia Nazionalarekin (2021-2030). Era berean, koherentea da 2024rako Udaberri Planeko konpromisoekin (Bizikidetza, Giza Eskubide eta Aniztasunaren Plana).

Testuak jatorriz erromaniak diren pertsonak gizarteratzeko Europa mailan aitortutako oinarrizko baterako hamar printzipioak hartzen ditu kontuan. Laburbilduz, printzipio horiek honako hauen garrantzia nabarmentzen dute:

  1. Politika eraikitzaileak, pragmatikoak eta ez-baztertzaileak.
  2. Berariaz ijitoei begira aritzea baina haiek bakarrik aintzat hartu gabe.
  3. Kulturarteko planteamendua.
  4. Ijitoak gizartean erabat integratzeko helburua izatea.
  5. Genero-dimentsioaren kontzientzia izatea.
  6. Ebidentzietan oinarritutako politikak transmititzea.
  7. Tresna komunitarioak erabiltzea.
  8. Eskualdeetako eta tokiko administrazioen parte-hartzea.
  9. Gizarte zibilaren parte-hartzea.
  10. Ijitoen parte-hartze aktiboa.

2022-2026rako Ijito Herriarekiko EAEko Estrategia hiru ardatz estrategikoren (I. Errespetua, II. Gizarte-sustapena eta III. Aitorpena) eta zeharkako bi ardatzen (genero-ikuspegia eta ikuspegi intersekzionala / belaunaldien artekoa) inguruan  antolatzen da, eta zazpi eremutara zabaltzen da (Hezkuntza, Osasuna, Etxebizitza, Gizarte- eta lan-inklusioa, Berdintasun eraginkorra, Kultura eta identitatea, Emakume eta gizonen arteko berdintasuna).

Eremu horietako bakoitzerako, Estrategiak jarduteko zenbait ildo proposatzen ditu, eta ildo horietako bakoitzean zenbait ekintza zehatz zehazten dira, Estrategiaren helburu orokorra lortzeko bidean aurrera egiteko.

Estrategia hau prestatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko ijito herriaren erabateko sustapenerako eta partaidetza sozialerako kontseiluaren parte-hartze aktiboa izan da. Kontseiluaren helburu dira honako hauek: partaidetza eta elkarrizketa bideratzea, ijitoen populazioaren asmoak eta eskaerak jasotzea eta ijitoen populazioaren erabateko sustapena bultzatzeko proposamenak biltzea.