3.601 pertsona aurkeztu dira Euskal Poliziako deialdi bateratuko lehenengo azterketetara

0

Josu Erkoreka lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua eta Andrés Zearreta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia Barakaldoko BECen izan dira, bertan hasi baitira Euskal Poliziako kidegoetako oinarrizko eskalako agenteen 496 plazetako bat eskuratzeko hautaprobak. Kopurua handitu ahal izango da hautaketa-prozesuak irauten duen denboran, datozen hilabeteotan, plaza hutsak sortzen badira deialdia egin duen administrazio publikoetako batean.

Plaza guztietatik 424 Eusko Jaurlaritzak deitu ditu Ertzaintzaren hogeita hamaikagarren promozioko agenteentzat eta beste 72 Euskadiko 31 udaletako udaltzain-plazetarako dira: Abadiño, Zornotza, Amurrio, Arrasate, Bakio, Balmaseda, Barakaldo, Basauri, Berango, Bilbo, Donostia, Durango, Eibar, Erandio, Errenteria, Galdakao, Getxo, Hondarribia, Irun, Lasarte-Oria, Laudio, Markina-Xemein, Mungia, Muskiz, Pasaia, Tolosa, Vitoria-Gasteiz, Zarautz, Zumarraga, Sondika eta Zierbena.

Gaur egindako azterketak psikoteknikoak eta teorikoak izan dira eta baztertzaileak dira, beraz, gainditzen dituztenek bakarrik izango dute hurrengo fasera sartzeko aukera: proba fisikoak eta elkarrizketa pertsonalak. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak, ziurrenik, Aste Santua baino lehen deituko ditu lehen aipatutako probak.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak izena emateko prozesua amaitu duten 4.393 pertsona deitu ditu probetara. Horietatik, 3.601 aurkeztu dira (2.490 gizon eta 1.111 emakume), % 93 jatorriz Euskadikoak dira eta % 69 18 urtetik 30era bitartekoak.

HIRU HELBURU

Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek lehentasunezko hiru helburu ezarri dituzte Euskadiko polizia-kidegoetan sartzeko deialdi bateratu honetarako:

  • Euskal Poliziak ematen duen oinarrizko zerbitzu publikoa behar bezala betetzeko beharrezko eta behar adinako baliabideak bermatzea. Deialdi honekin aurrera egingo da belaunaldien txanda eta erroldak gaztetzea bermatzeko konpromisoan.
  • Emakumeak deialdi honetara aurkez daitezen sustatzea, emakumeek erroldetan duten presentzia eskasa zuzentzeko. Emakumeen eta gizonen berdintasunean aurrera egiteko konpromisoa da, baina baita zerbitzu publikoa hobetzeko konpromisoa ere, esate baterako delitu matxisten biktimak artatu behar direnerako.
  • Polizien erroldaren % 100 euskalduna izateko azken helburura iristeko bidean aurrera egitea, euskara harremanetarako ohiko hizkuntza izan dadin, bai laneko hizkuntza gisa bai herritarrei arreta emateko hizkuntza gisa.