Bildarratz sailburuaren bidaia Estonia eta Finlandiara

0

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua Tallinnen –Estoniako hiriburuan- da dagoeneko, datozen egunetan Estonia eta Finlandian zehar egingo duen bidaia hasi berri.

Azken hilabeteotan atondu den bidaia honen asmoa da bi herrialde horietan hezkuntza arloan abian diren proiektu eta ekimenak ezagutzea, pedagogiaren abangoardian egon daitezkeen proposamenak sakon aztertzeko.

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordea lagun duela, Hezkuntza sailburuak hainbat topaketa eta bileratan parte hartuko du, hezkuntza arloko erakundeekin zein arduradun politikoekin. Besteak beste, aipatzekoak dira Li Andersson Finlandiako Hezkuntza ministroarekin izango duen hitzordua edo Helsinkiko Udalean egitekoa den bilera. Azpimarratu behar da Finlandiako hezkuntza-antolamenduak erantzukizun eta autonomia handia ematen diela udalerriei. Finlandiako sistemari berezitasun nabarmena ematen dio ezaugarri horrek.

Aurretik, Estonian dagoen bitartean, Jokin Bildarratzek bilera izango du Tallinngo Unibertsitatean. Eve Eisenschmidt irakaslearen zuzendaritzapean -bere taldeak “Eskola eta Zientzien arloa” du aztergai- hezkuntzaren digitalizazioa aztertuko dute; digitalizazioaren indarguneak eta erronkak. Hezkuntza-arduradunekin batera, hezkuntza-proiektu berritzaile bat bisitatzeko aukera ere izango dute.

Finlandiara iristean, agendak Bildarratz sailburuaren, Pedrosa sailburuordearen eta Finlandiako hezkuntza eta politika arloko arduradunen arteko bilera ugari aurreikusten ditu. Ministroarekin izango dituen hitzorduez gain, agendan bilera bat du Hezkuntza Agentzia Nazionalarekin edo Finlandiako Parlamentuko Hezkuntza Batzordeko kideekin, besteak beste.