Ekindarren bulegoa irekita da Azpeitian herritarren zalantzak argitu eta bazkidetza tramiteak egiteko

0
Gaur 10:00etan ireki da Ekindarrek Goiko kale 2an izango duen bulegoa. Irekitzerako jendea zain zegoen bulegoan zalantzak argitu eta tramiteak egiteko. Irekiera ekitaldian izan dira Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendaria eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea, besteak beste. Bulegoa astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara izango da herritarrentzat irekita. 

Gaur, 10:00etan ireki da Ekindar azpeitiarron energia kooperatibaren bulegoa, Goiko kale 2 zenbakian. Bulegoak ateak irekitzerako hamarnaka herritar zain ziren kanpoan. Bulegoa gaurtik irekita izango da astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara era 17:00etatik 20:00etara. Bulegoaren irekieran izan dira Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendaria eta Nagore Alkorta Azpeitiko Alkatea, Hodei Arzak Krean Ingenieritza kooperatibako kidea, Leire Goenaga eta Aitor Bereziartua Udal GObernuko zinegotziak eta Amaia Etxeberria eta Ander Ugarte EAJko nizegotziak. Ekindar azpeitiarron energia kooperatiba eta eguzki plakak ezartzeko proiektuaren baitan, beste pauso garrantzitsu bat eman dutela azpimarratu du Alkortak eta eskerrak eman dizkie proiektuaren baitan bidelagun diren Energiaren Euskal Erakundeari Ekiolari eta proiektua teknikoki garatzen ari den Krean ingenieritza kooperatibari. Eta bereziki eskertu ditu «proiektuan interesa agertzen ari diren azpeitiar guztiak».

Iazko abenduan aurkeztu zuten proiektua eta hasieratik izugarrizko harrera izan du proiektuak. Horren adierazle da aurreko astean egindako batzarrean 500 lagun inguru elkartu izana: «Interesa sortu du proiektuak, eta izugarria da herritarrek proiektuari adierazitako babesa», gaurko irekieran ere ikusi da hori.  «Azpeitiarrok gure etxean geuk sortutako energia izatea gero eta gertuago dugu. Ekindarren bidez, Azpeitia jasangarriagoa eraikiko dugu, energiaren arloan ahaldunduko gara herritarrok, energiaren demokratizazioan eragingo dugu eta trantsizio energetikorako pausoak emanez klima aldaketari aurre egiteko baliabideak jarriko ditugu».

Pasaden asteazkenetik proiektuan parte hartu nahi dutenentzako bazkidetza kanpaina abian da eta gaur bulegoa irekiz kanpaina horretan beste pauso bat eman da Herritarren bulegoaren bidez, tramiteak egiteaz gain, beren zalantzak argitu eta proiektuaren inguruko informazio osoa jasotzeko aukera izango dute. Bazkide egitea erabakitzen dutenei dituzten diru laguntza eta kenkari fiskalen inguruko informazioa ere azalduko zaie. Astelehenetik ostiralera, egunero, goiz eta arratsaldez izango da irekita Goiko kale 2ko bulegoa.

Ansolak herritarrengantik «horrelako harrera izatea berri ona» dela azpimarratu du: «Proiektu honen bereizgarritasuna herritarrek parte hartzeko aukera izatean datza. Herritarrak dira energiaren sortzaileak eta beraiek  kontsumitzen dute sortutakoa». Herritarren kooperatiba energetikoak sortzeko proiektu aintzindaria dela Azpeitikoa gogorarzi du eta harrera «ona eta esanguratsua» izaten ari dela gaineratu. Eskertzak ere eman nahi izan ditu: «Esperientzia honen parte diren erakunde guztiak eskertu nahi ditut eta, batez ere, Azpeitiko Udalaren lan ona proiektuan interesa pizteko». Bukatzeko  azpeitiarrak animatu proiektuan parte hartzera animatu nahi izan ditu.

Bazkideentzat diru laguntzak

Dirulaguntzen bidez, proiektua bultzatu eta herritar gehiagorentzat iristea lortu nahi da. 2022ko aurrekontuetan Ekindarren bazkideak diru laguntzeko 250.000€ko dirulaguntza poltsa jarria du udalak eta horretaz gain kooperatibarekin lankidetza hitzarmen bat sinatzea ere aurreikusten du. Laguntza lerroa  onartua du udalak Ingurumen Batzordean, eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialera bideratu da  argitaratu eta deialdia abiatzeko.

Diru laguntza Ekindarren bazkide egiten diren herritar guztiek eska dezakete. Laguntza orokorra 500€koa izango da. Beti ere, bazkidetzarako eginiko ekarpenaren %50a izanik gehienezko laguntza. Horretaz gain, egoera ekonomiko okerrenean dauden herritarrek 1.000 euro arteko laguntza jasotzeko aukera izango dute, betiere, Ekindarrera egindako ekarpenaren %75a izanik topea. Dirulaguntza norbanakoek zein autonomo, merkatari txiki edo bestelako izaera duten elkarteek ere jaso ahal izango dute.

Dirulaguntza eskaerak deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutako egunetik ekainaren 17a bitartean egin ahal izango da. Eta ohi bezala Herritarren Arreta zerbitzuan zein astelehenean irekiko den Ekindarren bulegoan bazkide egiten direnei laguntza tramitatzeko azalpenak eta laguntza eskainiko zaie. Azpeitiko Udalak emandako laguntza honekin herritarrak Azpeitia jasangarriago bat izan eta energiaren arloan alternatiba jasangarrien alde egitera animatu nahi dira.