Ertzaintzak aurrera jarraitzen du integrazioan eta berdintasunean, adimen-desgaitasuna eta gaixotasun mentala duten pertsonei arreta emateko

0

Hainbat erakunderekin lankidetzan, ertzainek jarraibide batzuk dituzte dibertsitate funtzionalen bat duten pertsonekin polizia-jarduketak egin behar dituztenerako

Ertzaintzak aurrera jarraitzen du egungo gizartean integratutako polizia gisa eman behar duen berdintasunezko tratuan, eta laneko jarraibideak gaitasun ezberdinak (autismoa, Downen sindromea) dituzten edo gaixotasun mental bat duten pertsonen kolektiboetara moldatzen ditu.

Ertzainek jakin behar dute nola lan egin behar duten kolektibo ezberdinetako pertsonekin, eta nola entzun behar dieten eta nola lasaitu eta artatu behar dituzten. Alde horretatik, herritarrei arreta hobea emateko etengabeko ahaleginean, Ertzaintzako profesionalei zuzendutako jarraibide batzuk landu eta agiri batean jaso dira. Modu horretara, agenteek desgaitasun bat edo gaixotasun mental bat duten pertsonen edo kolektiboen ezaugarriak eta behar bereziak zein diren jakin dezakete, horiek kontuan izateko eta pertsona horiekin elkar eragiten dutenean nola erantzun jakiteko.

Ertzaintzak, DOWN ARABA ISABEL ORBE, APNABI Autismo Bizkaia eta ASAFES (Buruko Gaixotasuna duten Pertsonen eta Senideen Arabako Elkartea) elkarteekin eta ERAGINTZA Fundazioarekin lankidetzan, agenteentzako liburuxka bat prestatu du, kolektibo ezberdinetako pertsonekin elkar eragin behar dutenerako jakintza espezifikoak izan ditzaten.

Agiriaren helburua desgaitasun intelektualen bat eta buruko gaixotasunen bat duten pertsonen ezaugarriak ezagutzeko tresna izatea da, eta autismoaren espektroko nahasmenduak (AEN), Downen sindromea edo gaixotasun mentalak dituzten pertsonei ahalik eta arretarik onena eman ahal izateko jarraibide egokiak azaltzen ditu.

Ertzaintzak lapurreta edo ebasketa, sexu-abusua, genero indarkeria/etxeko indarkeria edo beste edozein egoera jasan dutelako biktima izan litezkeen edo polizia-jarduketa ezberdinetan inplikatuta egon litezkeen kolektibo horietara egokitu nahi du eta horien arreta hobetu nahi du.

Gaixotasun mental bat duten pertsonen polizia-tratamenduak ere berebiziko garrantzia du, eta lanerako jarraibideek gako eta gomendio batzuk ematen dituzte pertsona horiek inplikatuta dauden krisi edo gertaera bakoitzean nola jokatu jakiteko.