Kirol Eskolak bere transformazio digitala indartu du 2021ean, bere online prestakuntzetan 17.000 ikasle izan ostean

0

Kirol Eskolak, Eusko Jaurlaritzaren kirol-prestakuntza eskolak, bere transformazio digitala indartu du 2021ean, joan den urtean emandako 12 online ikastarotan izandako 16.936 ikaslerekin. Zifra horrek % 18an gainditzen du 2020koa (14.262 ikasle 11 ikastarotan).

2021ean izena eman duten pertsonen % 52 Bizkaitik etorri dira, % 26 Gipuzkoatik eta % 16 Arabatik. Ikasleen % 28 emakumeak dira.

Kirol Eskolak 2019an hasi zituen prestakuntza digitalak, eta ordutik 25 online ikastaro eman ditu, 31.476 ikaslerekin. Euskarri digitalaren aldeko apustuak zerbitzu eskuragarria eskaini nahi die kirol-prestakuntzan interesa duten pertsona guztiei, kalitatezko edukiak dituen eredu eroso, parte-hartzaile eta jasangarri baten bidez.

2021ean modu birtualean emandako 12 ikastaroek gai hauek jorratu dituzte, besteak beste: kirolean indarkeriaren prebentzioa, eskola-kiroleko Covid protokoloak, kirol-inguruneetan adingabeek teknologiaz egiten duten erabilera; eta kirol-esparruan ikaskuntzaren, entrenamenduaren edo portaeraren oinarriei buruzko teknifikazio-prestakuntzak.

Online eskaintza hau aurrez aurreko jarduerekin uztartzen jarraitzen da. Horien artean, 2021ean, UPV-EHUrekin batera, Bilboko Aste Olinpikoa antolatu zen. Hiru jardunaldi horietan Olinpismoaren orainaz eta etorkizunaz hausnartu zen, baita Tokio 2020an izan zen euskal ordezkaritzaz, kirol egokituaz eta emakumeen presentziaz ere.

Kirol Eskolak formatu digitalaren alde egindako apustua bere online komunitatean ere islatzen da, non edukiaren bolumena eta kalitatea, irismena eta interakzioak nabarmen hazi diren aurreko urteekin alderatuta. Nabarmentzekoa da eskolaren Youtubeko kanala, bere jardueraren multimedia artxibo gisa funtzionatzen baitu, eta 2021ean 26.000 erreprodukzio, 3.900 bisualizazio-ordu baino gehiago eta 260.000 inpresio izan ditu.

Nortasun korporatibo berria

Kirol Eskolak azken urteotan bizi izan duen transformazio digitala 2022an aurkeztu duen identitate korporatibo berrian ere islatzen da. Marka berria ‘Kiroletik hazi eta ikasi’ leloak lagunduta doa eta eskolaren balio dibulgatiboak, pedagogikoak, prestakuntzakoak eta moralak jaso nahi ditu (pertsonen arteko berdintasuna, aniztasuna, inklusioa, kiroltasuna, kirolean indarkeria desagerraraztea, adingabekoei babesa…), online prestakuntzaren aldeko apustuaz gain.