Lan hau SEGITTURek Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailarekin, Basquetourren bitartez, duen lankidetza-hitzarmenaren barruan kokatzen da. Hitzarmen horren helburua turismo-helmuga adimendunak sustatzeko eta bultzatzeko hainbat jarduera garatzea da, eta, horren ondorioz, Euskadi inplikazio handia du Helmuga Turistiko Adimendunen (HTA) ereduarekin.
Nazioz gaindiko metodologia hori lehen aldiz aplikatuko da Euskadiko hiru eskualdetan; zehazki, HTA txostena eta ekintza-plana egingo dira Goierrin (Gipuzkoa), Arabako Errioxan (Araba) eta Uriben (Bizkaia).
Gipuzkoako Goierri eskualdeak 18 udalerri eta sei turismo-bulego ditu, eta erakunde kudeatzailea Goitur turismo-agentzia da; Arabako Errioxak 15 udalerri biltzen ditu, eta erakunde kudeatzailea honako hau da: Ardoaren Ibilbidea, Arabako Errioxako lankidetza publiko-pribatuko erakundea, non Kuadrillak eta tokiko ekintza-taldeak ere parte hartzen duten. Azkenik, Bizkaiko Uribe eskualdeak 24 udalerri biltzen ditu eta Jata-Ondo Landa Garapenerako Elkartea du erakunde kudeatzaile.
Helmuga Turistiko Adimendunen metodologia bost jarduera-ardatzetan oinarritzen da: gobernantza, berrikuntza, teknologia, irisgarritasuna eta jasangarritasuna. Horien gainean 261 adierazle eta 97 baldintza ebaluatzen dira.
Udalez gaindiko HTA metodologia egokitzeko, adierazleetako batzuk egokitu behar izan dira; esate baterako, helmugak ardatzetako bati lotutako udal-planik duen baloratu behar izan da, lurralde-antolamenduko planik badagoen ikusteko.
Helmugen metodologia honetan, erakunde kudeatzaileak (udalak, esaterako) ere badu eskatzen zaion informazioa; eskualdeen kasuan, berriz, erakunde kudeatzaileak datu-iturrira bideratu behar ditu kontsultak.
SEGITTUReko taldeak lehen bilera egin du Goierriko, Arabako Errioxako eta Uribeko erakunde kudeatzaileetako arduradunekin, lanaren xehetasunak azaltzeko. Bileren emaitzak, inplikatutako eragile guztiek emandako informazioaren azterketarekin batera, euskal eskualdeek ardatz bakoitzean duten betetze-maila ebaluatzeko balioko du, eta hori da diagnostiko-txostena eta turismo-helmuga adimenduna bihurtzeko ekintza-plana egiteko oinarria.
Gasteizko eta Donostiako txostenen berrikuspena
Era berean, SEGITTURek Gasteizko eta Donostiako helmugekin lan egingo du, 2020an eta 2019an egindako txosten diagnostikoak eta ekintza-plana berrikusteko, hurrenez hurren.
Helmuga turistiko adimenduna bihurtzeak bere balioa handitzea dakar berrikuntzaren eta teknologiaren bidez, eta horrek berekin dakar lehiakortasuna handitzea, eraginkortasuna hobetzea eta helmugaren garapen iraunkorra bultzatzea, ez bakarrik ingurumenaren arloan, baita ekonomiaren eta gizarte eta kulturaren arloan ere.