Teknologia kuantikoei bultzada berria Euskadin

0

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Komunikazio Kuantikoaren I+G+Brako Programa Osagarriaren aurkezpen ekitaldian parte hartu du, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan. Ekitaldi horretan, Eusko Jaurlaritzak programa horretan parte har dezan adierazpen instituzionala sinatu du Bildarratzek Zientzia eta Berrikuntza Ministerioarekin. Euskadirekin batera, beste lau autonomia erkidegok ere parte hartzen dute programan, hala nola, Katalunia, Galizia, Gaztela eta Leon eta Madrilgo erkidegoek. Euskadi horiekin elkarlanean arituko da.

Programa honetan parte hartuta, Euskadik 5.810.617 euroko finantzaketa jasoko ditu Europatik, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan. Eusko Jaurlaritzak, bestalde, programarako 3.189.383 euro ipintzeko konpromisoa hartu du. Beraz, Euskadi garatzen hasiko den programa 9 milioi eurora iritsiko da. Europako finantzabide berri hori Eusko Jaurlaritzarentzat azken urteotan estrategikoa izaten ari den ikerketa-ildo batean –teknologia kuantikoen esparruan– inbertsioak indartzen jarraitzera bideratuko da, Quantum deritzon eremu honetan Euskadi munduko ikerketa zientifikoko nodo gisa bultzatzeko helburuarekin.

Konputazio kuantikoan erreferente

Ekitaldian hitza hartuta, Jokin Bildarratz sailburuak adierazi du “Euskadik teknologia kuantikoetan egiten duen apustua irmoa” dela, eta gogorarazi du eskala kuantikoko fenomenoen azterketak 1999an egin zuela jauzi kualitatiboa Euskadin, Donostia International Physics Center (DIPC) sortu zenean, “lehen iraultza kuantikoaren inguruko ikerketan zentratutako lehen euskal ikerketa-zentroa izan baitzen. DIPC edukitzeak aukera eman digu zientzia egiten jarraitzeko, murgilduta gauden bigarren iraultza kuantikoan, eta, zehazki, eremu horretan nazioarteko erreferentziazko ikerketa-gunea izateko parada ematen digu”.

Hezkuntza Sailak bultzatzen duen Ikur 2030 Estrategiari esker, Bildarratzek gaineratu duenez, “are gehiago ari gara indartzen Quantum eremuan ditugun gaitasun zientifikoak. Euskadik konputazio eta algoritmia kuantikoaren eremua bultzatzen du. Konputazio kuantikoko erreferenteak izan nahi dugu”.

Sailburuak oso positibotzat jo du gaur sinatutako plana, eta “zientziaren eta gizartearen mesedetan elkarlanean jarraitzeko prest” agertu da. “Eusko Jaurlaritza beti izan da prest beste eragile batzuekin batera lan egiteko, bikaintasun zientifiko eta teknologikoaren premisarekin”.

Bildarratzek azaldu du “ezagutza zientifikoa sortzea lehentasuna dela Euskadin”, bai Eusko Jaurlaritzarentzat, bai gizarte osoarentzat. Horren erakusgarri, zenbait datu eman ditu, hala nola, Euskadik I+G+Bko gastuaren gaineko % 6ko gutxieneko igoera duela urtero, 2030era arteko ikuspegiarekin; edo Euskadik Estatu osoan BPGrekiko baliabide-portzentaje handiena inbertitzen duela, %2,08 2020an, Europako batez bestekoaren gainetik.

Ildo horretan, ikerketan egindako inbertsio horietatik lortzen diren emaitzak azpimarratu ditu. “Gure Ikerbasque programak %200eko itzulkina du bere inbertsioan, eta itzulera hori zientzian inbertitzen da berriro. Gure ekoizpen zientifikoa bikoiztu egin da azken hamarkadan. Europako funtsak biltzen liderrak gara. Esponentzialki handitu dugu Europako Ikerketa Kontseiluaren laguntzen lorpena. Maila goreneko talentua sortu, erakarri eta atxikitzeko dugun gaitasuna aparta da; 300 Ikerbasque ikertzailetik gora ditugu”.

Ikur 2030 Estrategia

Eusko Jaurlaritza teknologia kuantikoen aldeko apustu irmoa ari da egiten azken urteotan. Horren adibide da Ikur 2030 Estrategia, Hezkuntza Sailak 2021ean bikaintasuneko ikerketaren esparruan abian jarritakoa. Teknologia kuantikoak daude estrategia honetan apustu egiten den lau nitxo edo esparru estrategikoen artean, neurozientziekin, neutrionikarekin, edo superkonputazioarekin eta adimen artifizialarekin batera.

Ikur 2030 Estrategiarako lau eremu horiek aukeratzea ez zen aliritzira egin. Erronka globalei erantzuteko duten ahalmenaren aldeko mundu mailako apustuari erantzuten diote lau eremu horiek; izan ere, nazioarteko zientzia-ekimen eta ikerketa-ildo nagusiekin lerrokatutako esparruak dira, eta Euskadik, teknologia kuantikoei dagokienez ere, gaitasun bereziak eta posizionamendu ona ditu. Euskadiko zientzia-sarea indartzea eta nitxo zehatzetan nazioarteko posizionamendua lortzea du helburu Ikur 2030 proiektuak. Horregatik, apustu honi erantzuteko 282 milioi euroko inbertsio globala dago aurreikusia 2021-2030 aldirako, ikerketako lau eremu estrategikoetan.

Teknologia Kuantikoen Poloa

Estrategia horrekin bat, Hezkuntza Sailak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lankidetza-hitzarmena sinatu zuten joan zen irailean, Gipuzkoan Teknologia Kuantikoen Polo bat elkarrekin garatzeko. Bi erakundeek helburu bera dute: Gipuzkoa eta Euskadi erreferente bihurtzea arlo honetan, zeinak ahalbidetuko baitu gizartean eragin handia duten teknologia oso disruptiboak sortzea. Hori garatzetik edozein sektorek atera ahal izango du etekina, bereziki datu kopuru handiak erabiltzen dituzten sektoreek.

Akordio horren baitan, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Hezkuntza Departamentuak jardunaldi bat antolatu zuten martxoaren 2an Donostian teknologia kuantikoen inguruan. “Teknologia kuantikoak. Zientziatik merkatura” lelopean, 80 aditu inguru (enpresa ospetsuen ordezkariak, BERC ikerketa-zentroetakoak, IKZetako ordezkariak, zentro teknologikoak, unibertsitateak eta eragile ekonomikoak) elkartu ziren estrategiak partekatzeko eta teknologia horien etorkizuneko erronkei eta negozio-aukerei buruz hausnartzeko.

Hezkuntza Sailak, bestalde, inbertsio handiak ditu aurreikusita epe ertain eta laburrean, teknologia kuantikoetako bikaintasuneko ikerketara bideratuko diren azpiegitura berriak eraikitzeko.