Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, onartu du 2022-2023 ikasturterako gehienezko diru-laguntzak zehazten dituen Agindua, hizkuntza-normalkuntzarako Ulibarri Programan parte hartzen duten edo hartu nahi duten ikastetxeei zuzendutakoak. Halaber, Programan sartzeko edo jarraitzeko baldintzak zehaztu eta dedikazio-orduak finkatzen dira. Deialdi honek 1.225.000 euroko diru-kopurua du.
Ulibarri Programako ikastetxeetako hizkuntza normalkuntzarako proiektuek eskoletako egunerokoan euskararen erabilera sustatzea dute helburu nagusi. Ikastetxe hauek, eragile guztien artean euskararen erabilera sustatzeko proiektu bat adosten dute. Ikastetxeko Normalkuntza Proiektua egiteko, egoera aztertu eta diagnosia egiten dute zentro hauek. Ondoren, lau urterako proiektua (HNP) zehazten dute, eremuz eremu honako hauek definituz: helburuak, abiatuko diren jarduera motak, arduradunak, ebaluaziorako adierazleak eta denbora tarteak.
Ulibarri Programaren baitan garatzen diren hizkuntza normalizazioko proiektuak Ikastetxeko Hizkuntza Proiektuarekin loturan diseinatuko dira. Izan ere, egun pentsaezina da euskararen erabilerarako normalizazio proiektu baten garapenak harremanik ez izatea goragoko maila batean dagoen Hizkuntza Proiektuan hartzen diren erabakiekin. Era horretan, normalizazio proiektuak (orain arte eskola-orduetatik kanpo eragiten zuenak) eskola-orduetan ere eragin behar du, euskararen didaktikarekin eta erabilitako metodologiarekin erlazionatuta dauden eremuak indartuz.
2021-2022 ikasturtean, Euskadiko 409 ikastetxek hartzen dute parte Ullibarri programan: 235 ikastetxe publikok eta 174 itunpekok.