Eusko Jaurlaritzak premiazko finantzaketa-neurriak antolatzen ditu Finantzen Euskal Institutuaren eta Elkargi SGR-aren bidez

0

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuarekin batera.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburu Pedro Azpiazuk Finantzen Euskal Institutuaren eta ELKARGI SGRaren bitartez gerraren ondorioak arintzeko berehala antolatuko diren finantzaketa-neurrien berri eman du Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan. “Eusko Jaurlaritzak neurri zehatzak eta berehalakoak jarri ditu mahai gainean”, adierazi du. Horrela, FEIk eta ELKARGI SGRak hitzarmen bat sinatuko dute 10 M euroko finantzaketa-lerro bat aktibatzeko (behar izanez gero handitu daitekeena), eta, gainera, FEIk bere finantzaketa-eskaintzaren aukera osoa jarriko du nolabaiteko kalteak izan dituzten enpresa guztien eskura, finantza-erakundeekin batera finantzatzeko modalitatean, haien beharretara egokitutako soluzioak bilatzeko. Tresna biak bateragarriak dira. Azpiazuren arabera, “kirurgia fineko” erabakiak dira, eta “ez brotxa lodikoak”; izan ere, bere ustez, garrantzitsua da gerraren eta zehapen ekonomikoen ondorioak lehenbailehen moteltzea, «Eraginkortasunagatik eta erantzukizunagatik». «Pandemian zerbait ikasi badugu, egoera zailtzen bada azkar erreakzionatzea bideragarria dela da», gaineratu du.

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak euskal ekonomiarako hazkunde-aurreikuspenak berrikusi dituela, Ukrainako gerraren ondorioek eraginda; eta, horren arabera, 2022an EAEko BPGd % 4,5 haziko dela azaldu du —aurreko aurreikuspena baino 2,2 hamarren azpitik—, eta 2023an % 4,1 haziko dela aurreikusten dela. Enpleguari dagokionez, sailburuak azaldu du 2022an langabezia-tasa %9,5ekoa izango dela, eta 16.600 enplegu sortuko direla -aurreko datuek %9,2ko langabezia-tasa eta 11.500 enplegu sortzea planteatzen zuten-, eta 2023an, berriz, langabezia % 9,1ekoa izatea eta 8.000 enplegu sortzea aurreikusten dela. “Pandemiak eragindako arazoak bideratzen hasita ziren eta konfiantza eragile ekonomikoengana itzultzen ari zen une batean, Errusiak Ukraina inbaditu izanak erabat aldatu du 2022-2023 aldirako mundu osoko egoera”, adierazi du.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Gainera, ohikoa den bezala, Bingen Zupiria sailburuak, jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur onartutako hainbat akordio, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Gobernu Kontseiluak oniritzia eman du UPV/EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrarekin beste lankidetza-hitzarmen bat sinatzeko, Euskadiko gorroto-delituei buruzko urteko txostena eta Europarekin alderatzeko analisia egiteko.

Hezkuntza arloan, bi diru-laguntza deialdi onartu dira gaur. Alde batetik, baimendu da, 10,3 milioi euroko kopurua bideratzea Hezkuntza Sailaren menpeko ikastetxe publikoetako eskola-garraio zerbitzua kontratatzeko, Arabako Lurralde Historikoan. Eta, bestetik, Gobernu Kontseiluak onartu du 2022-2023 ikasturterako gehienezko diru-laguntzak zehazten dituen Agindua, hizkuntza-normalkuntzarako Ulibarri Programan parte hartzen duten edo hartu nahi duten ikastetxeei zuzendutakoak. Deialdi honek 1.225.000 euroko diru-kopurua du.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailari lotura, Gobernu Kontseiluak erabaki du 717.000 euro bideratzea turismoa merkaturatzeko eta sustatzeko laguntzetara, Turismoa Merkaturatzeko eta Sustatzeko TMS programaren bidez. Programaren helburua turismo-produktu berriak eta turismo-proiekzio handiko ekitaldiak diseinatzea, abian jartzea, sustatzea eta merkaturatzea da.

Azkenik, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak bere sailari dagozkion hiru akordioren berri eman du.

Alde batetik, Gobernu Kontseiluak ikus-entzunezko produkziorako diru-laguntzen deialdia onartu du gaur, eta 2,43 milioi euro bideratuko ditu horretara. Laguntza horien helburua da ikus-entzunezko lanen ekoizpena sustatzea eta kulturaren ikuspegitik hain garrantzitsua eta beharrezkoa den ikus-entzunezko azpiegitura indartzen eta sendotzen laguntzea.

Bestetik, Gobernu Kontseiluak 2022ko Euskadi Literatura Sariak arautzen eta deitzen dituen agindua onartu duela jakinarazi du. Urteko sari horiek 2021 urtean argitaratutako literatur lanen kalitatea saritzen dute, eta, horrela, literaturen alorreko euskal idazleen, itzultzaileen eta ilustratzaileen sorkuntza sustatzen dute. Gainera, saritutako lanak zabaltzeko aukera ematen dute, eta egileak eta beraien gainontzeko lanak ezagutarazten laguntzen dute.

Halaber, Gobernu Kontseiluak 2022ko Gure Artea sarien deialdia onartu du gaur. Artistek euskal arte garaikideari eta euskal kulturari egiten dioten ekarpenaren aitorpena dira. Arte plastikoak eta ikusizkoak sustatzeko helburuz ematen diran sari hauek hiru modalitatetan banatzen dira eta guztira 56.000 euro banatuko dira, iaz baino 2.000 gehiago.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena