Osakidetzako plantillaren erdiak baino gehiagok egiaztatu dute, dagoeneko, haien plazan exijitzen den euskara-maila; kopuru hori bikoiztu egin da, 2013tik
Euskararen Erabilera Normalizatzeko III. Planaren bitartez, herritarrek osasun-eremuan euskararen erabilerari dagokionez antzematen dituzten premiei erantzuten zaie, eta Osakidetzako profesionalen artean euskararen erabilera sustatzeko eginkizunarekin konpromisoa hartzen da.
Hurrengo 6 urteotan (2022-2028), Osakidetzako Administrazio Kontseiluak oraintsu onartu duen Plan berriak Osakidetza eratzen duten zerbitzu-erakunde guztietan euskararen erabilera sustatzeko aplikatu beharreko neurriak ezarriko ditu. III. Euskara Plan honen bidez, jarraipena ematen zaio 2003an Osakidetzan euskara normalizatzeko hasitako prozesuari, eta, horretarako, haren helburu eta ekintzak hiru eremutara egokitu nahi dira: euskararen egungo egoera eta datuak, Osakidetzaren asistentzia-mailak eta planean bertan zehaztutako lehentasun-maila.
Euskara Plan berriaren helburu nagusietako bat da Euskadiko herriar guztiek adieraztea zer hizkuntzatan jardun nahi duten harremanetan Osakidetzan. Zentzu horretan, Osasun Karpeta berria tresnarik errazena eta azkarrena da harrera zer hizkuntzatan jaso nahi den erregistratzeko; beraz, Osakidetzak erabiltzaileak animatzen ditu Karpeta erabiltzera, hizkuntza-erregistroa formalizatzeko. Aukerak-hizkuntza aldatzea menuaren bidez, posible da Osakidetzarekin harremanetan jarduteko lehentasunezko hizkuntza erraz eta modu seguruan hautatzea.
Une hauetan, Osakidetzako erabiltzaileen % 70ek baino gehiagok adierazi dute, dagoeneko, zer hizkuntzatan jaso nahi duten osasun-arreta, baina Euskara Planaren helburua da prozesu hori osatzea. Hala, Plan honen indarraldiaren amaieran, ahalegina egingo da erabiltzaile guztiek Osakidetzarekin harremanetan egoteko hizkuntzaren erregistroa egina izateko.
Asistentzia-eskaintza euskaraz, pertsona erdigune izanik
Ekimen honen bidez, Osakidetzak ezagutu nahi du erabiltzaileek osasun-eremuan harremanetan jarduteko hizkuntzaren inguruan zer lehentasun dituzten. Erregistro honen helburua da, eskariaren arabera, asistentzia-mailetan behar diren osasun-zerbitzuen euskarazko eskaintza integrala antolatu ahal izatea, dela lehen mailako arretan, dela arreta espezializatuan, dela osasun mentalean.
Osakidetzak, orain, herritarren hizkuntza-eskakizunak xehetasunez neurtzeko eta haien beharretara egokitutako erantzuna emateko aukera ematen duen tresna bat du.
Euskara lehentasunezko hizkuntza gisa hautatzen dutenen kasuan, bai asistentzia-aplikazioetan pazientearen erregistroan, bai beste identifikazio-elementu batzuetan, seinale urdina e letrarekin agertuko da; horrek Osakidetzarekin duten harremanean euskararen erabilera lehenesten dutela adierazten du.
Gaur egun, lehentasunezko hizkuntza erregistratu duten pertsona guztietatik, 1,6 milioi pertsonatatik –erabiltzaileen % 70 baino gehiago–, % 20 inguruk esan dute euskaraz arta dezaten nahi dutela.
Euskara lanerako hizkuntza gisa erabiltzeko espazioak sortzea
Osakidetzako profesionalei dagokienez, Euskara Plan berriaren helburua da plantilla elebiduna areagotzeko prozesuarekin jarraitzea; orain arte lortu da gaur egun profesionalen % 52,8k egiaztatutako euskararen hizkuntza-eskakizuna izatea. Kopuru hori aurreko planaren hasierako emaitzen bikoitza da (2013. urtea).
Gainera, Osakidetzak aurreikusten du profesionalek euskara ikasten eta hobetzen jarrai dezaten sustatzea eta, hala, euskalduntzen laguntzeko sistemarekin jarraitzea; sistema horren bidez, aurreko Planean, erakundeko 15.087 profesionalek jaso dute prestakuntza.
Plan berriaren helburuetako bat da erakundeko aplikazio informazioak osorik euskaraz garatzea. Osakidetzako informazio-sistema nagusiak euskaraz erabat egokitzeak aukera emango du, esaterako, pazienteei arreta euskaraz ematen dieten eremu kliniko-asistentzialeko profesionalek historia klinikoaren erabilera hedakorra egin ahal izateko eta haien ebolutiboak euskaraz idazteko eta dokumentazioa hizkuntza horretan emateko.