Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiria 2022ko Itzulia eta irabazleen maillot berriak modu ofizialean aurkeztu diran ekitaldian izan da gaur Hondarribian. 2022ko Basque Country Itzulia apirilaren 4tik 9ra egingo da Hondarribia eta Arrate artean, eta sei etapa izango ditu guztira. Lasterketa Hondarribitik abiatuko da 7,51 kilometroko kronoarekin, eta honako udalerri hauek bisitatuko ditu: Leitza, Viana, Laudio, Amurrio, Gasteiz, Zamudio, Mallabia eta, azkenik, Eibar, Arrateko santutegirainoko igoera tradizionalarekin.
Izena emateko prozesuko behin-behineko zerrendaren arabera aurreikusten denez, Itzuliko egungo txapelduna den Primoz Roglicek (Jumbo-Visma) eta munduko txapelduna birritan izan den Julian Alaphilippek (Quick-Step Alpha Vinyl Team) parte hartuko dute, baita honako hauexek ere, besteak beste: Enric Mas (Movistar Team), Remco Evenepoel (Quick-Step Alpha Vinyl Team), Adam Yates eta Geraint Thomas (Ineos Grenadiers), Ion Izagirre (Cofidis), Michael Woods (Israel-Premier Tech), David Gaudu (Groupama-FDJ), Brandon Mcnulty (UAE Team Emirates) eta Peio Bilbao (Bahrain-Victorious).
Gobikek 2022ko Basque Country Itzulirako egin dituen mailloten artean, lau diseinu desberdin daude. Honako hauexek nabarmentzen dira: Banco Sabadellek irabazlearentzat babestutako horia, mendikoa (Eusko Label), erregulartasunekoa (Gipuzkoako Foru Aldundia) eta gazteenarentzakoa (Euskadi Basque Country).
Informazio gehiago hemen.