Durangaldeko Mankomunitateak, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera, eskualdeko erakunde, eragile, enpresa eta prestakuntza-zentroak bildu dituen ekitaldia egin du gaur goizean Durangoko Elkartegian. Topaketa horretan, eskualdeko eremu sozio-ekonomikoan euskara sustatzeko LANDUE Proiektuaren lehen urtean emandako pausoak aurkeztu dira, eta Durangaldeko 15 enpresak proiektuarekin bat egiteko konpromisoa sinatzeko ere balio izan du.
Aurkezpenean, Mireia Elkoroiribe Zenikaonandia Durangaldeko Mankomunitateko presidenteak, Lorea Bilbao Ibarra Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatuak, eta Bingen Zupiria Gorostidi Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak hartu dute parte.
Izan ere, Durangaldeko Mankomunitateak, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera, LANDUE (Durangaldean, Lana Euskaraz) proiektua abiarazi zuen duela ia urtebete. Ekimenak bat egiten du “Euskara eremu sozioekonomikoan sustatzeko 2020-2023 planarekin”, eta, aldi berean, Bizkaiko Foru Aldundiaren «BIZKEUS – arlo sozioekonomikoan euskaraz» programaren barruan kokatzen da.
Helburu horiekin, LANDUEk joan den urteko maiatzean eman zituen lehenengo pausoak, Durangaldean, lan-arloan, euskararen erabilera bultzatzeko, metodologia eta ekimen berriak sortuz, lanean eta herritarrekiko harremanetan erabiltzeko. Hala, laneko lehen hilabete hauetan, LANDUE eskualdeko hainbat eragilerekin jarri da harremanetan.
BABESA ETA LAGUNTZA
Lehen harreman horien ostean, guztira 15 enpresak egingo dute aurrera proiektuan. Enpresa horietako batzuk 50 langile baino gehiagokoak dira, Bruss, Baqué edo Azterlan, eta beste batzuk txikiagoak, Txirula Music, Asca, Gurekide edo Bermeosolo. Horiekin guztiekin eta LANDUEren barruan, ondorengo ekintzetarako hizkuntza-diagnostikoak egiten ari dira, hizkuntza-planak egiten lagunduz, eta besteak beste, hizkuntza paisaia, webguneak eta laneko dokumentuak euskaratzen ari dira.
Gainera, motibazio-saioak hitzartu dira lanbide-heziketako bi ikastetxetan –Iurreta LHII eta Zornotza LHII–, lan-mundura jauzi egiteko euskarak duen garrantzian sakontzeko. Ekimena 200 gazte ingururengana iritsiko da maiatzerako. Bi ikastetxe horietako, eta Lantegi Batuak-eko eta Txirula Music-eko –LANDUEko kideetako bi– arduradunek hartu dute parte gaur goizeko topaketan.
Gaurko aurkezpenean Bingen Zupiria Gorostidi Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azaldu duenez, “LANDUE proiektua estrategikoa da hizkuntza politikaren ikuspegitik. Balioa eransten dio elkarrekin jartzen gaituen heinean Bizkaiko Foru Aldundia, Durangoko Mankomunitatea eta Eusko Jaurlaritza. Balioa eransten dio, halaber, ulertzen duenean euskaratik ardatz litekeen jarduera ekonomiko sistematizatuak eratu eta egonkor litezkeela”. Zupiriak hau gehitu du: “baditugu, Euskal Autonomia Erkidegoan, ideia hau gertatzea posible dela erakutsi diguten industria nahiz zerbitzu enpresak. Munduari begira lanean diharduten euskal enpresak dira. Hizkuntzen kudeaketa aurreratuan kalitate ziurtagiria dutenak: Bikain-dunak. Euskarak balio erantsia eman diela aitortzen digute”.
Lorea Bilbao Ibarra Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatuak adierazi duenez, “gaurko ekitaldian 15 enpresek eta prestakuntza zentroek Landue proiektuan hartzen duten euskararen aldeko konpromisoa ekarpen handia da arlo soziekonomikoa euskalduntze aldera. Baina zalantzarik gabe esango nuke entitate hauei euskarak balio erantsia ekartzen diela euren eguneroko jardueran eta lehian eta, halaber, laguntzen diela entitate barruko langileei ere, onura ekartzen diela, haien arteko harremanetan ere eragiten duelako, onerako. Honengatik guztiagatik, adierazi nahi dizuet hizkuntza kudeaketa egokia egitea ere berrikuntza dela, enpresa eta gizarte bezala agertzen zaizkigun erronkei erantzuteko beharrezkoa den berrikuntza”.
Bestalde, Mireia Elkoroiribe Zenikaonandia Durangaldeko Mankomunitateko presidenteak proiektuaren hurrengo erronken berri eman du. “Proiektua sendotzea da helburua. Alde batetik, LANDUErekin bat egin duzuenekin lanean jarraitzea, aurrerapausoek eta hartzen dituzuen erabakiek atzera bueltarik izan ez dezaten. Bestetik, lanean jarraitzea, zorionez Durangaldeko enpresa-sarea oso zabala delako eta oraindik jorratzeko asko dagoelako. Hori da gure erronka nagusia, hazten jarraitzea eta batzen eta LANDUE komunitatea handitzen jarraitzea, horrek euskararen aldeko apustua egitea eta erabilera zabaltzea esan gura duelako”, azaldu du Elkoroiribek.
Durangaldeak 3.901 enpresa edo establezimendu ditu. Horien artean, 250 langile baino gehiagoko 10 enpresa eta 50 langile edo gehiagoko 79 enpresa daude. Eskualdean lan egiten dutenen ia erdiak, hau da, % 45,6ak, enpresa horietan egiten du lan. Gainera, eskualdeko herritarren % 52,28 euskaldunak dira. Eskualdearen ezaugarriek aukera handiak eskaintzen dituzte lan munduan euskararen kudeaketari heltzeko. Horretan sakontzea eta euskararen erabilera sustatzen ari direnei bultzada eta babesa ematea da LANDUEren helburua.