Gaur aurkeztuko da ‘Ametsen etorrera’ liburua, Azpeitiko udal liburutegian ipuin kontaketa eginda

0
Gaur, udal liburutegian egingo den ipuin kontaketa bidez aurkeztuko da Ametsen etorrera, 17:30ean hasiko da kontaketa. Felipe Murillok idatzi du ipuina eta Olatz Alkortak ilustratu. Azpeitian erroldatzen diren haur jaioberriei emango zaie liburua eta balore hezitzaileen bidez Azpeitia ezagutarazteko ipuina da.

Azpeitiko Udalak, herriko ikastetxeek, hezkuntza ez formaleko eragileek eta herrigintzakoek, urteak daramatzate Azpeitian elkarrekin herri hezitzailearen filosofia sustatzen. Gai ezberdinak landuz eta egitasmoak martxan jarriz Azpeitia Herri Hezitzailea eraikitzeko elkarlanean.

Norabide horretan, ur tanta bat gehiago izan asmoz eta baloreen lanketarako tresna izan asmoz, Ametsen etorrera ipuina sortu eta osatu du. Azpeitia Herri Hezitzailearen filosofiaren muina eta egituratzen dituen balio hezitzaileak bildu dituzte lantaldean bidelagun izan dituzten, Felipe Murillo ipuinaren idazleak eta Olatz Alkorta sormen eta ilustrazioen egileak. Hilabeteetako lanaren ostean, liburua errealitate bat da, eta herriko haurrei aurkeztu nahi die orain.

Ipuina aurkezteko, martxoaren 18an 17:30ean liburutegian ipuin kontaketa egingo da, eta, ondoren, txokolatada egongo da guztiontzat. HH 5.mailatik LH 3. mailako haur guztiei zuzenduta izango da emanaldia eta ipuin kontaketan parte hartzen duten haurrei ipuin bana oparituko zaie.

Behin ipuina aurkeztu ondoren, Udalak herrian jaiotzen diren haur guztien familiei ale bana oparituko die, erroldatzerakoan. Bestela eskuratu nahi dutenek 5€-ren truke gazte informazio bulgoan izango dute horretarako aukera.