Arantxa Tapia: “Garraioari buruzko akordioak baldintzak hobetu ditzaketen gai garrantzitsuak biltzen ditu, nahiz eta sektoreko egiturazko arazoak lantzen jarraitu behar den”

0

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua elkarrizketatu dute, gaur goizean, Bizkaia Irratiko “Goizeko Izarretan” saioan; eta, bertan, azpimarratu du atzo lortutako akordioak gai garrantzitsuak jasotzen dituela garraiolarientzat, “baldintzak hobetzeko modukoak izango direnak”, nahiz eta, sailburuaren ustez, sektoreko egiturazko arazoak lantzen jarraitu behar den.

Garraioa garrantzitsua izanik, Arantxa Tapia sailburuak nabarmendu du elektrizitatea eta gasaren arteko loturak erabat baldintzatzen duela industria eta, gainera, bi arazo hauei hornidura katearen eta lehen gaiena gehitu behar zaizkiela. “Hiru horiek horrela jarraitzen badute, egoera larri batean aurkitu gaitezke”, adierazi du. Zentzu honetan, sailburuak esan du, momentu honetan, beharrezkoa dela: garraio sektorean lortutako akordioa baliozkoa izan dadila lanean jarrai dezaten eta energiaren prezioa jaistea. “Horien eragina mugatuta, gure enpresak aurrera egiteko gaitasuna badutela uste dut, covid garaian erakutsi dute badituztela tresnak aurre egiteko horrelako egoerari. Nik uste hori izan daitekeela bidea gauzak hobera egiteko”, azpimarratu du.

Energiaren gaiari eutsiz, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak gogorarazi du energiarekiko dugun menpekotasuna izugarria dela eta 2050ko helburuak bete nahi baditugu “ondo egin behar dira gauzak egungo egoerari ere entzunez”. 2050urterako emisioak 0 neto izan behar dutela finkatuta izanik, Tapiak adierazi du beharrezkoa dela ekoizpen sistema aldatzea eta berriztagarrien aldeko apustu sendoa egitea, “baina bidea nola egin ere definitu beharko dugu. Ondo planifikatu behar dugu, eta aldaketa ez da egun batetik bestera izango”.

Arrantzaleak

Arrantzaleen inguruan galdetuta, Arantxa Tapia sailburuak adierazi du antxoa eta berdela zenbat eta urrunago egon, gure arrantzaleek ere geroz eta urrunago joan behar dutela, eta, une honetan, Europar batasunetik aurreratu diren laguntzekin, Jaurlaritzatik jar daitezkeenekin eta gasolioaren inguruan hartutako erabakiarekin garaia iritsi dela berriz itsasoratzeko.