Hezkuntza Sailak gaur ireki du 2022-2023 ikasturterako Batxilergoan eskabideak aurkezteko epea, Euskadiko ikastetxe publiko nahiz itunpekoetan. Izena emateko bi bide izango dira, ohi bezala: ikastetxeetan bertan edo online, Hezkuntza Sailaren webgunearen bidez: www.euskadi.eus/hezkuntza.
2022-2023 ikasturtean Batxilergoa ikasteko aukera eskaintzen duten 205 ikastetxe publiko nahiz itunpeko izango dira Euskal Autonomia Erkidegoan, ondorengo lau modalitate hauetako bat ikasteko: Zientzia eta Teknologia Batxilergoa; Giza eta Gizarte Zientzietako Batxilergoa; Batxilergo Orokorra; edo Arteetako Batxilergoa. 2021-2022 ikasturte honetan 32.637 ikasle ari dira Batxilergoa ikasten Euskadin.
Kontuan hartu beharreko egutegia:
- Martxoaren 28tik apirilaren 8ra: eskaerak aurkezteko epea (biak barne)
- Maiatzak 11: onartuen eta ez onartuen behin-behineko zerrendak argitaratuko dira
- Maiatzaren 18ra arte: behin-behineko zerrendei erreklamazioak egiteko epea
- Maiatzak 25: onartuen eta ez onartuen behin betiko zerrendak argitaratzea.
- Ekainaren 20tik uztailaren 5era: matrikula egiteko epea.
Batxilergoko onarpen eta matrikulazio prozesuaz informazio gehiago nahi izanez gero, jo Hezkuntza Sailaren webgunera.