Donostian 2021ean egindako delituen ia % 78 ondarearen aurkakoak izan ziren

0

Euskadiko Delinkuentzia Kasuen 2021eko Azterketa” dokumentuan urtero biltzen, aztertzen eta alderatzen da Euskadin gertatzen diren eta Ertzaintzak eta 15.000 biztanletik gorako udaletako udaltzaingoek zenbatzen dituzten arau-hauste penalei buruzko informazioa.

Donostian 2021ean, orokorrean, % 19,4 egin zuten gora delitu-indizeek aurreko urtearekin, 2020arekin alderatuta, baina datuek ez dute egoera erreala adierazten, 2020ko hilabete batzuetan mugikortasunaren murrizketa, tarte soziala eta etxeratzeak ezarri baitziren pandemiaren ondorioz. Zifrak 2019koekin alderatzea errealistagoa da, eta alderaketa horren arabera indizeak % 5,9 egin du gora. Udaltzaingoak eta Ertzaintzak jakindako arau-hauste penalak 12.705 izan ziren 2021ean eta 10.640 2020 atipikoan eta 12.000 aurreko urtean, 2019an.

Gipuzkoako hiriburuko 1.000 biztanleko delituen tasa 2021ean 67,54koa izan zen, eta pandemia aurreko urtearekin, 2019arekin alderatuta, zertxobait igo da, urte horretako tasa 64,03koa izan baitzen.

DELITU-TIPOLOGIA

Delitu-motaren arabera, Donostian gehien egiten diren arau-hauste penalak ondarearen aurkako delituak dira, eta 2021ean 9.884 erregistratu ziren, guztien % 77,7, eta beste guztien gainetik ebasketen salaketa-kopurua nabarmentzen da, 2021ean 4.390 erregistratu baitziren, 2019an baino 431 gutxiago, baina 2020an baino % 39 gehiago, konfinamendua ezarri zen urte horretan orokorrean behera egin baitzuten legez kanpoko egintzek eta, ondorioz, salaketek. Jabetzaren aurkako delituen % 19 iruzurrak dira. Delitu-mota hori, Interneten egindako delituek bultzatuta, mantendu egin da 2021ean, edo zertxobait jaitsi da, 2020an baino % 2,64 gutxiago izan baitira; izan ere, sarearen bidez egindako arau-hauste penal horiek jauzi kuantitatiboa eman dute azken bi urteotan, eta 2019an baino 1.000 gehiago izan dira; horrek eragin erabakigarria du delituen zifra osoan.

Pandemia aurreko urteari, 2019ari, dagokionez, Donostian 2021ean gora egin dute etxeetako lapurretek (% 7,7), merkataritza-establezimenduetakoek (% 15,6) eta indarkeria erabiliz egindako lapurretek (% 6,3). Aitzitik, behera egin dute ebasketek (% 8,9), enpresetako lapurretek (% 13,6) eta ibilgailuen lapurretek (% 30,4).

Pertsonen aurkako delituen atalean, eta estrategikotzat jotako delituen artean (Europar Batasunak herrialde kide guztietan oinarrizko tipologia komun gisa zehaztu dituenak), honako azalpenak nabarmendu behar dira:

  • Donostian 2021ean dolozko giza hilketa bat erregistratu zen. Ekainaren 27an gertatu zen Lauhaizetako (Altza) txabola eremuan. Gizon batek kolpeka hil zuen beste bat, eta lekuan bertan atxilotu zuten. Nabarmentzekoa da giza hilketaren saiakuntzek hirian izan duten igoera, arma zuriz egindako 17 eraso erregistratu baitira, eta hasiera batean aipatutako delitu horretan sailkatzen dira baina gero, lesioen larritasunaren arabera, auzibidean aldatu egin daitezke. Hirian gertatzen diren era horretako egintza gehienak marjinaltasunaren testuinguruan gertatzen dira.
  • 2021ean gora egin zuten sexu-erasoek aurreko urtearekin alderatuta, hain zuzen ere, 12 salaketatik 17ra, baina zifrak nabarmen daude 2019ko pandemia aurreko zifren azpitik (% 39,2 hain zuzen ere). Hala ere, gora egin dute 2019arekin eta 2020arekin alderatuta sexu-askatasunaren aurkako beste arau-hauste penal batzuek. Sexu-erasoetako batzuk bikotekidearekin edo bikotekide ohiarekin zerikusia duen indarkeriaren esparruan eta esparru pribatuan gertatzen dira. Era horretako delitu gehienetan aldez aurretik harreman bat dago biktimaren eta erasotzailearen artean, eta horrek asko laguntzen du delitua argitzen; halakoak izan dira kasuen % 85.
  • Euskal Poliziak hauteman du egonkortu egin direla edo zertxobait jaitsi Genero Indarkeriako / Etxeko Indarkeriako delituak, familiaren esparruko ohiko tratu txarrak eta lesioak eragiten dituztenak. 2021ean 461 kasu erregistratu ziren, eta 2020an 485 eta 2019an 513.

Segurtasun kolektiboaren aurkako delituak (droga-trafikoa): Era honetako delituei buruzko datuetan ikusten da 83tik 75era jaitsi direla, -% 9,6 hain zuzen ere, osasun publikoaren aurkako delituen, hau da, droga-trafikoaren delituen, eginbideak. Gipuzkoako hiriburuan alkoholaren edo drogen eraginpean gidatzen hautemandako kasuak % 35,7 igo dira 2020koekin alderatuta, baina % 2,8 jaitsi dira 2019koekin alderatuta.

BESTE DELITU BATZUK

Epigrafe honetan biltzen dira ordena publikoaren aurkako delituak eta beste hainbat, eta, orokorrean, % 33,5 egin dute gora 2021ean. Atal honetan nabarmendu behar dira urtean zehar izandako ordena publikoaren aurkako gertaerak, eta adierazpen gorena Donostiako Aste Nagusian izan zuten.

ERTZAINTZAK ETA UDALTZAINGOEK 4.312 PERTSONA ATXILOTU EDO IKERTU DITUZTE

Prebentzio jarraituak, ikerketa- eta inteligentzia-lan eraginkorrak lagunduta, 2021ean Donostian agintaritza judizialaren eskuetan jarritako eta auziperatutako pertsonen zifra igotzea ahalbidetu du. Atxilotuen eta ikertuen kopurua % 16,5 igo da Euskal Poliziaren (Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren) zifrak batuta: 2021ean 4.312 eta 2020an 3.599. 2019ean 3.517 pertsona auziperatu ziren.

ESTRATEGIA BATERATUA, PREBENTZIOA, KOORDINAZIOA, INFORMAZIOA ETA ANALISIA

Donostiako Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren estrategia aurrerantzean ere izango da hiriko auzoetan patruilen, bai auto-patruilen bai oinezkoen, lana indartzea, hain zuzen ere, hiritarren segurtasun-pertzepzioa areagotzeko eta bizilagunek segurtasunaren arloan dituzten premiei erantzuteko.

Bi polizia-kidegoen arteko jarduketa-plan bateratuak gehitu egin dira, eta horren adibideak dira COVID-19ak eragindako pandemia garaian egindako jarduketa bateratua eta “ez-jaietan” egindako prebentzio-lana.

Une hauetan lan hori ekintza-planekin indartu da leku itxietan lapurretei aurrea hartzeko, etxera itzultzeko ibilbide seguruak ezartzeko, inauterietako dispositibotan eta Gipuzkoako hiriburuko futbol-partidetan.