Gazteen Euskal Behatokiak egindako azken azterlanak adierazten duenez, Covid-19aren pandemiak eragina izan du euskal gazteen 2022rako aurreikuspenetan. Ia hamarkada batez geroztik euskal gazteek egungo egoera nola hautematen duten eta epe laburrera nolako aurreikuspenak dituzten aztertzen duen “Aurrera Begira-Gazteen aurreikuspenei buruzko adierazleak” azterlanaren bederatzigarren edizioan egindako txosteneko datuak 2021eko abenduan bildu dira, Euskadiko 15-29 urteko 4.356 gazteri egindako inkesta baten bidez.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Gazteriako zuzendari Agurtzane Llanok adierazi duenez, “pertsona horien erantzunekin, euskal gazteen egungo egoeraren balorazioa eta etorkizuneko aurreikuspenak laburbiltzen dituzten hamar adierazleak eguneratu dira, eta azterlanaren emaitzek erakusten dutenez, Covid-19aren pandemia eragina izaten ari da 15-29 urteko euskal gazteengan. Ildo horretan, gogobetetasun pertsonalaren indizeari dagokionez, serieko puntuaziorik txarrenak 2020. eta 2021. urteetakoak izan dira, artean handiak izanik ere (100etik 74 eta 73, hurrenez hurren).
Egungo egoeraren balorazioak ere nabarmen egin zuen behera 2020. urtean, eta 100etik 64 puntura iritsi zen (100etik 70 puntu 2019an). 2021ean, berriz, beste puntu bat galdu du, eta 63 puntutan geratu da.
Azterlanaren arabera, funtsezko alderdien balantzean agertu dituzte gazteek defizit handienak, hain zuzen ere ekonomiaren, lanaren eta aisiaren arloetan. Izan ere, gogobetetasun-maila urrun geratu da alderdi horien garrantziari dagokion mailatik.
Enplegua
Enpleguari dagokionez, egoeraren pertzepzioa hobea izan da. Izan ere, gazteen pertzepzioaren arabera, enplegua galtzeko edo lan-baldintzek okerrera egiteko arriskuak 6 puntuko beherakada izan du, eta % 48tik % 42ra jaitsi da 2020tik 2021era bitarte. Dena dela, 2021ean hautemandako arriskua pandemiaren aurreko urteetan (2017-2019) baino handiagoa izan da, 2013-2015. urteetan lortutako zifra negatiboetara iritsi ez bada ere.
Langabeen kasuan, berriz, urtebeteko epean enplegua aurkitzeko aurreikuspena jasotzen duen adierazleak 2 puntu galdu ditu 2020koarekin alderatuta. Izan ere, langabezia-egoeran dauden gazteen % 62k espero dute urtebeteko epean enplegua aurkitzea, eta ehuneko hori % 64ra iritsi zen aurreko urtean.
“Hala ere, datu hori 2019koarekin alderatzen badugu (urte horretan, enpleguaren gorakadaren ondorioz, emaitzarik onena lortu zen 2013. urteaz geroztik, eta % 92ra iritsi zen), beherakada 30 puntukoa izan da. Pandemiak enplegu bila dabiltzan gazteen aurreikuspenetan izan du eragina nagusiki”, argitu du Agurtzane Llanok.
Gazte ikasleek ikasketak amaitzean beren prestakuntzari lotutako enplegu bat aurkitzeko duten aurreikuspena islatzen duen prestakuntzaren araberako enplegu-aurreikuspenak azken urteetakoen antzeko zifrak eman ditu, 2020. urtearekin alderatuta bi puntu galdu badira ere. Zehazki, 2021. urtean, hamar ikasletik zazpik espero zuten beren ikasketen araberako lan bat aurkitzea ikasketak amaitzean (% 74k). Beraz, ehunekoa 2019ko eta 2017ko bera izan da, eta 2013koa baino askoz handiagoa (% 46 urte horretan).
Atzerrira behartuta emigratzeko aurreikuspenak behera egin du, eta serieko mailarik txikienean geratu da. Izan ere, gazteen % 8k baino ez dute uste etorkizunean atzerrira behartuta joan beharko dutenik lan egitera. Ehuneko hori oso urrun dago 2013ko % 16tik. Urte horretan, krisi-egoeraren eta langabezia-tasa handiaren ondorioz, gazte batzuek beren lan-arazoetarako soluziotzat jo zuten aukera hori.
Emantzipazioa
Urtebeteko epean beren kontura bizi nahi duten eta hori lortzerik izango ez dutela uste duten gazteen, edota emantzipatuta badaude ere ezinbestez gurasoen etxera itzuli beharko dutela uste duten gazteen ehunekoa ia ez da aldatu 2020. urtearekin alderatuta. Izan ere, ehuneko hori % 41era iritsi zen urte horretan, eta 2021ean, berriz, % 42ra. Emantzipazio zapuztuaren aurreikuspen hori jasotzen duen adierazlea 2019koaren antzekoa izan da, eta kontuan hartu behar da urte horretan lortu zela emaitzarik onena seriea hasi zenetik (% 40).
Elkarrizketa egin duten pertsonek euskal gazteei zortzi alderditan (lanerako gaitasuna, erantzukizuna, prestakuntza, parte-hartzea, ekintzaile-espiritua, idealismoa, autonomia eta elkartasuna) ematen dieten batez besteko puntuazioa islatzen duen gazteen gaitasunekiko konfiantza-indizeak emaitzarik txarrena lortu du 2013. urteaz geroztik, eta 64 puntura (100etik) iritsi da 2021ean.
Bost urteko epean egoera pertsonalak, gazteen egoerak eta Euskadiko egoerak izango duten bilakaeraren inguruko aurreikuspenek (hots, etorkizunarekiko konfiantza-indizea kalkulatzeko oinarri direnek) okerrera egin dute, eta 2021ean lortutako emaitza (61 puntu 100etik) serieko okerrena izan da.
Egoera desberdinak
2021eko emaitzak 2013koekin (hots, seriearen hasierakoekin) alderatuz gero, garai batean eta bestean bizi izandako errealitateak oso desberdinak izan direla ikus daiteke. 2013. urtean, langabezia-tasarik handienak erregistratu ziren, 2009ko ekonomia- eta finantza-krisiaren ondorioz. 2021ean, berriz (hau da, inkesta egin zenean), Covid-19aren pandemiaren seigarren olatuan murgilduta geunden, eta horrek eragin handia izan zuen, lan-alderdian ez ezik, osasun fisiko eta mentalean eta aisiaren eta gizarte-harremanen esparruan ere bai, besteak beste.
Agurtzane Llanok azpimarratu duenez, “2021. urtean, enpleguari lotutako adierazleek gora egin dute nabarmen 2013koekin alderatuta: enplegua galtzeko edo baldintzek okerrera egiteko arriskuak 15 puntuko beherakada izan du gazte langileen kasuan, eta enplegua aurkitzeko aurreikuspenek, berriz, gora egin dute, bai langabeen kasuan (8 puntu), bai ikasleen kasuan (28 puntu). Bestalde, lan egin ahal izateko atzerrira emigratu beharko dutela uste dutenen ehunekoa erdira jaitsi da (% 16tik % 8ra)”.
Edonola ere, gazteen bizitzak baditu lanaz bestelako alderdiak, eta, egungo egoeraren balorazioak 2013tik 2021era 3 puntuko igoera izan badu ere, gogobetetasun pertsonalak behera egin du 7 puntutan, eta, garrantzitsuena, etorkizunarekiko konfiantzak ere behera egin du, 3 puntutan.
Adierazle horiek ematen duten informazioa osatzeko, elkarrizketa sakonak egin zaizkie hainbat gazteri. Gazte horiek beren kezken, beren egoeraren bilakaeraren, inguruneko gazteekiko konparazioaren eta etorkizunarekiko aurreikuspenen inguruan gogoeta egin eta arrazoitu dute.