Lehendakariak biktimen familia-memoriaren ondarea aitortu du

0

Iñigo Urkullu Lehendakaria Eusko Jaurlaritzak eta Gogora Institutuak, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak, Gerra Zibilean eta gerraostean (1936-1945) demokrazia defendatzeagatik exekutatutako pertsonei egiten dieten omenaldiaren buru izan da. Bilboko Vista Alegre hilerrian egindako ekitaldian Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatea izan ditu berarekin.

Beatriz Artolazabal sailburua, Memoriaren arloko arduraduna, Jose Antonio Rodríguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordearekin eta Monika Hernando arloko zuzendariarekin batera joan da, baita Aintzane Ezenarro Gogora Memoriaren Institutuko zuzendariarekin ere.

Era berean, Juan Mari Aburto alkatearekin batera, Gonzalo Olabarria Bilboko Kultura zinegotzia eta Yolanda Díez Bilboko Osasun eta Kontsumo zinegotzia izan dira.

Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Josu Erkoreka eta Idoia Mendia lehendakariordeak, eta Olatz Garamendi, Gotzone Sagardui, Pedro Aspiazu eta Iñaki Arriola sailburuak izan dira.

Ekitaldiara, honako hauek ere bertaratu dira: Ana Otaduy, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea; Iñigo Iturrate, Julen Arzuaga, eta Jon Hernandez, legebiltzarkideak eta Gogora Institutuaren Zuzendaritza Kontseiluko kideak; Ion Grambra, Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren zuzendaria Gipuzkoako Foru Aldundian eta Francisco Etxeberria, auzitegiko medikua, biak ere Gogorako Kontseiluko kideak; Esther Apraiz, Derioko alkatea; eta Igotz Lopez, Zamudioko alkatea eta memoria historikoko elkarteek hainbat kide.

Eusko Jaurlaritzak Gerra Zibilean eta gerraostean exekutatutako pertsonak omendu ditu gaur, eta biktima horien 300 senideren aurrean egin du. Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak Gerra Zibilean Euskadin hildako biktimei buruz egindako ikerketan oinarrituta, 2.194 pertsona exekutatu dira, erdia inguru zibilak, horietatik 60 emakumeak dira, eta 2.134 gizonak.

Familien memoriari esker ona eta aitzatespena

Iñigo Urkullu Lehendakariak hartu du hitza eta, lehenik eta behin, eskerrak eman dizkie familiei Gerra Zibilean eta gerraostean hildako biktima guztien “izen ona, duintasuna eta oroimena gordetzeagatik”. Aurrerantzean, gaineratu du, “familia-memoria hori gizarte-memoria bihurtzen da, zuen senideak Euskadiko memoria demokratikoaren parte dira”.

“Kausa justua defendatu zuten: askatasuna, beren herrialdearen defentsa eta autogobernua, justizia soziala, printzipio eta balio demokratikoak”. Eta gehitu du: «Gaur, beste behin, ozen eta argi esaten dugu: bidegabeki hil zituzten”.

“Dena eman zuten, gaur beren duintasuna aitortu, omendu eta berrezarri nahi diegu. Bere lekukoa jasoz eta totalitarismoaren eta intolerantziaren aurrean printzipio eta balio demokratikoekin dugun konpromisoa berretsiz egiten dugu”.

Gaur omendutako biktima asko Vista Alegreko hilerriko hormen kontra fusilatu zituzten. Horma horiek, lehendakariaren hitzetan, “frankismoaren basakeriaren sinbolo dira gaur egun, eta, batez ere, duintasunaren, memoriaren eta askatasunaren eta demokraziaren aldeko sinbolo”.

Bere hitzaldian, Iñigo Urkulluk gerrari erreferentzia egin dio, ordukoari eta oraingoei, Ukrainia aipatuz esan du: «Gerra beti da tragedia, zentzu guztietan, batez ere oinarrizko eskubideei dagokienez».

Amaitzeko, Iñigo Urkullu Lehendakariak pertsona horien guztien oroimena aitortzeak, ohoratzeak eta berreskuratzeak eragiten dion harrotasun-zirrara partekatu du: “Pertsona horiek guztiak, gizon eta emakumeak, memoria positiboa dira, konpromisodun memoria, itxaropenerako memoria”.

 

Ekitaldiaren garapena

Lehendakariak bere aurretik hitz egin duten pertsonak ere aipatu ditu. Hiru emakumek, Gerra Zibilean exekutatutako pertsonen senideak hirurak, hildakoak gogoratu dituzte, haien heriotzak beraien etxeetan zer suposatu zuen eta gaur egun gogoratzeak duen garrantziaz aritu dira.

  • Maite Canedo, Heliodoro Patricio Jorge Lakaren biloba. Gerra Kontseiluaren sententziaz exekutatua 1938ko urtarrilean, eta Derioko hilerrian lurperatua. Ortuellakoa zen, Barakaldoko bizilaguna, erasoko guardia, ezkonduta zegoen eta 4 seme-alabaren aita zen.
  • Rosario Valdivielso, 100 urtekoa, Juan José Valdivielso Labradorren alaba. Gerra Kontseiluak Gijonen fusilatu zuen 1937ko azaroan, eta udalerriko hilerrian lurperatu zuten. Ondarroako bizilaguna zen, alarguna zen hil zutenean.
  • Mª Natividad Roa, Florentzia Olazagoitia Ceciagaren biloba. Oiartzunen exekutatu zuten, epaiz kanpo, 1936ko azaroan, eta udalerriko hilerrian lurperatu zuten. Arrasatekoa zen. Hiru seme-alaba zituen eta haurdun zegoen hil zutenean.

Aurretik, bertaratutakoek bideoan ikusi ahal izan dute matxinatuek nola egiten zituzten exekuzioak, bai Gerra Kontseiluaren bidez, bai judizioz kanpo, Euskadiko lurralde bakoitzean, non biktimen zifra nagusiak ere azaldu diren. Biktimen argazkiak ere jasotzen ditu bideoak, baita haien familiei zuzendutako agur-gutunetan jasotako azken gogoetak ere.

 

Plaka exekuzio-horman eta lore-eskaintzan

Hilerriko klaustroan ekitaldiaren lehen zatia amaituta, agintariak, familiekin batera, fusilamenduak egiten ziren hormetako batera hurbildu dira. Han oraindik orain, ikusteko moduan daude tiroek harrizko horman utzitako markak.

Gaur egun kontserbatzen den horma baten bi aldeetan, nitxo-ilaren alboen kontra, oroitzapenezko bi plaka jarri dira, Derioko hilerrian exekutatu eta lurperatutako pertsonen izenekin, guztira 523 pertsona.

Senitartekoek, bina plaka bakoitzeko, kendu dizkiote oihalak plakei agintariak, gainerako senideak eta bertaratutakoak aurrean dituztela.

Plakak zabaldu dituzten pertsonak Vista Alegreko hilerrian bertan hildako eta hobiratutako biktimen senideak dira:

Gotzon Agirre, Justo Ajuria Alavaren biloba, eta Araitz Azkaraik, Juan Jose Basterrechea Arrospideren senidea; eta Alberto Perez, Ana Naranjoren biloba, eta Miren Uribe, Jose Luis Uribe Bilbaoren alaba.

Bi plakak agerian utzi ondoren, bi dantzarik ohorezko aurreskua dantzatu dute eta, jarraian, lore-eskaintza egin da hormaren aurrean.

 

 

Informazio-totema

Derioko hilerriak bigarren horma bat du, non exekuzio gehiago ere egin ziren, eta hemen ere, gaur egun oraindik, hormako jaurtigaien markak ikus daitezke. Lekua seinaleztatzeko eta gertatutakoa zabaltzeko, exekuzioei buruzko informazioa biltzen duen totem bat instalatu da, baita Gogora Institutuaren datu-basera lotzen duen QR kode bat ere, 1936-1945 aldian Euskadin exekutatuko pertsonen izenak kontsultatzeko.https://labur.eus/bgckw

 

Exekuzioei buruzko datuak

Eusko Jaurlaritzak garai horretan Euskadin exekutatutako 2.000 pertsona baino gehiago omentzen ditu: hitzak barne hartzen ditu frankisten bandoak epai judizialik gabe burututako fusilamenduak, eta baita Gerra Kontseiluen sententziaz exekutatutako pertsonak ere. Azken horien kasuan, fusilatutako pertsonak eta garrote vil bidez exekutatutakoak ere sartzen dira.

Epaiketaz kanpo exekutatutako pertsonen kopuru zehaztugabe bat dago erregistro zibiletan edo parrokiako liburuetan jasota ez dagoena edo heriotzaren benetako arrazoia ezkutatzen duten kontzeptu batzuen pean egiten duena, eta horrek Gogoraren ikerketa-lana zailtzen du. Artxiboen ikerketatik eta bibliografiatik ondorioztatzen denez, frankistek 2.194 pertsona exekutatu zituzten Euskadin Gerra Zibilean eta gerraostean (1936-1945). Horietatik 60 emakumeak dira eta 2.134 gizonak.

 

  Lurraldea   Sexua Guztira
  Araba Bizkaia Gipuzkoa Beste batzuk Emakumeak Gizonak
Epaiketaz kanpo 214 67 542 368 43 1.148 1.191
Gerra Kontseiluz 29 536 92 346 17 986 1.003
GUZTIRA 243 603 634 714 60 2.134 2.194

Biktimak lurraldeka eta sexuaren arabera bereizita:

Material gehigarria

  • Gerra Zibilean eta gerraostean demokrazia defenditzeagatik fusilatutako pertsonen zerrenda osoa kontsultatzeko esteka:

https://labur.eus/bgckw

  • Ekitaldian ikusi den bideoa eskuragarri dago Irekian, hurrengo estekan:

https://www.irekia.euskadi.eus/es/sadmin/news/75839