Elkartasunean egindako inbertsio iraunkorraren adibide diren Peruko Garapen Lankidetzarako proiektuak bisitatzea

0
PRUEBA

Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkaritza bat, Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatua buru dela, Peruko Garapenerako Lankidetzako zenbait proiektu bisitatzen ari da. Elkartasun-ekimen horiek erakusten dute hainbat urtetan egindako inbertsio jarraituak aukera ematen duela programak modu integralean garatzeko eta helburuak hobeto lortzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiak Garapenerako Lankidetzan egindako inbertsioaren errealitatea bertatik bertara egiaztatzeko bisita hau Peruko hiriburuan, Liman, egingo da, eta baita Iquitos eta Piura hirietan ere. Proiektu hauek Alboan, Zabalketa, Athletic Club Fundazioa edo Proclade Yanapay bezalako erakundeen bitartez garatzen dira eta euren filosofia, beti ere Giza Eskubideen ikuspegitik abiatuta, nekazaritzaren garapenean, emakumearen berdintasunean eta indarkeria matxistaren aurkako borrokan edo pertsonen duintasunarekiko errespetuan oinarritzen da.

Laespada diputatuak azpimarratu duenez, Bizkaiko gizarteari dagokionez elkartasuna gure DNAren parte da, baina baita erakundeen eta Foru Aldundiaren beraren esparruan ere; izan ere Garapenerako Lankidetzaren ekimenek bi hamarkadako historia dute.

Ildo horretatik, COVIDaren pandemiak edo Ukrainaren inbasioak eta horrek ekarri dituen hiru milioi errefuxiatuekin inoiz baino arrazoi gehiago ditugu elkarrekin lan egiteko. Ukrainako hiru milioi errefuxiatuen ondorioz mundu osoko kopuru globala 80 milioi errefuxiatu baino gehiagokoa da eta handitzen ari da.

Pobretuek arrakala global sakonagoa gainditu behar dute. Berriro ere galtzaile dira. Hegoalde globalarekin lankidetzan aritzeko arrazoi gehiago ditugu. Nazioarteko lankidetza are beharrezkoagoa eta premiazkoagoa da. Elkartasun-adierazpenak indartu behar ditugu. «Justizia globala» ikuspegi integral eta koordinatu batetik landuz, mugaz haraindiko erantzun inklusiboa emateko azpimarratu du.

SENTSIBILIZAZIOA

Garapenerako Lankidetzako proiektuetara bertatik bertara egindako bisita-bidaia hauekin lortzen den informazioari esker hobetu egiten da herritarrekiko komunikazioa eta sentsibilizazioa planetako beste eremu kalteberago eta zaurgarriago batzuekin dugun elkartasuna mantendu eta indartzeko beharraz.

Era berean, sentsibilizazioa beste ekimen batzuekin osatzen da, adibidez gai hau ardatz duen Bizkaiko Foru Aldundiaren web gune berriarekin. Web.bizkaia.eus/cooperacion-bizkaia webguneak foru erakundearen dekretuei, inbertsioei, programei eta gaurkotasunari buruzko informazioa eskaintzen du.

Beste alde batetik berriki Garapenerako Lankidetzaren arloko IV. Gida Plana onartu da. Plan honi esker foru erakundeak Garapenerako Lankdietzan egingo duen inbertsioa 7,72 milioi eurokoa izango da, hau da, iaz baino % 23,8 gehiago, eta horrek ehun proiektu solidario inguru martxan jartzea eta mantentzea ekarriko du.

Ekintza horiek guztiak bat datoz Garapenerako Lankidetzaren arloko IV. Gida Planean jasotakoarekin. Plan horrek Hegoaldeari hobeto zerbitzatuko dion lankidetzaren aldeko apustua egiten du, gure gizartearen eta Hegoaldearen arteko harremanetarako eremua zabaltzearen aldekoa eta gure gizarteak gehiago partekatuko duen politika eraikitzearen aldekoa.

2016tik, aurreko legegintzaldiaren hasieratik, Bizkaiko Foru Aldundiak hegoalde globaleko herrialdeen garapenari egindako ekarpena % 56,2 hazi da, hau da, 3,42 milioi euro gehiago inbertitu dira eta, beraz, «Foru Aurrekontu osoaren % 0,7tik gertuago gaude, GGKEen Koordinakundeak aitortzen duen bezala».

PROIEKTUAK

  •  Indarkeriarik gabeko bizitza izateko eskubidea zaindu eta sustatzea Loreton. Zabalketa Elkarteak Iquitos hirian 2008tik garatutako programa. Programa honen ardatza Amazoniako udalerri honetako eremu marjinaletan indarkeria matxistaren kausak prebenitzea eta ondorioak artatzea da. 120.000 euroko inbertsioa gaur egun martxan dagoen ekintzan.
  •  Garapen iraunkorraren ikuspegitik abiatuta familia-nekazaritza eta ekintzailetza berritzaileak sustatzeko kudeaketa hitzartua. Alboan Fundazioak Piura hirian garatzen duen programa, lau urtekoa. 120.000 euroko inbertsioa ekitaldi honetan.
  •  Emakumeen artean: emakumeak ahalduntzeko estrategia. Proclade Yanapay Fundazioak garatzen duen lau urteko programa da, guztira Peruko hamaika hiritan eragina izango duena . 120.000 euroko inbertsioa ekitaldi honetan.
  •  Villagol eta Athletic Villa. Athletic Club Fundazioarekin garatzen den programa, Limako Villa El Salvador aldean kirolaren bidez neska eta gazteen duintasunaren eta etorkizunaren defentsa egiteko. Garapenerako Lankidetzaren eremuan eragile berriak sartzeko Bizkaia Koopera estrategiaren barruan kokatzen da. 25.000 euroko inbertsioa ekitaldi honetan.