Euskara hurbiltzeok, ezagutzeko eta lehen ezagupena errazteko helburuz, ikastaro laburren eskainta berria osatu du Udalak, udal euskaltegiaren bidez. Beren egoeragatik euskara ikasteko behar adina denbora ez duten perfilei zuzenduriko eskaintza da batik bat. Elkarlanean, herritarren behar eta eskarietatik abiatuta osatu dutela eskaintza nabarmendu nahi izan du Eneritz Albizu euskara batzordeburu eta Uda Euskara Patronatuko lehendakariak: «Gaur aurkeztera gatozen eskaintza osatzeko proposamenak egiteagatik eta borobiltzen laguntzeagatik eskertu nahi ditut Mintzapraktiketako eta Elkar-ekineko kideak, baita Bertan ere, hainbat sektoretako beharrak identifikatzen lagundu diguzuelako. Eta, jakina, eskerrik asko gaur aurkezpenera etorri zareten herritarrei». Albizuk ondoan izan ditu aurkezpenean, Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburua, Inge Beloki Udal Euskaltegiko zuzendaria, Bertan Merkatari Elkarteko teknikaria Xabier Aldalur, Mintzapraktikako kide Joanito Amenabar, Elkar-ekineko Imanol Agirre eta iaz ikastaro laburra egin zuten Nayat Ouassa dendaria eta Giselle Martel eta Rosmari Rubio zaintzaileak.
Albizuk elkarlana jarri nahi izan du balorean: «Eskaintza osatzeko elkarlanean aritu gara herri eragileak, euskara ikasteko interesa duten pertsonak eta udala. Gure helburua da herritarrei egokitutako eskaintza bat osatzea, eta euskarara hurbildu nahi duen edonork horretarako aukera izatea». Perfil zehatz bateko herritarrek euskara ikasteko aukerak erraztea da ikastaro horien helburua: «Badakigu ez dela erraza hizkuntza bat ikastea; are zailagoa da lanarekin edota etxekoen zainketarekin uztartzea. Horregatik, herritarren beharretara, motibaziora, lanbideetara, ordutegietara… ahalik eta gehien gerturatzen saiatu gara oraingo honetan. Emaitza bezala, hainbat perfili zuzendutako eskaintza osatu dugu». Euskara Azpeitian integratzeko «ezinbesteko tresna» dela ere azpimarratu nahi izan du: «Gurea arnasgune bat da, euskaraz bizi gaitezke hemen. Hori, hein batean, posible da herritar askok euskarara hurbiltzeko eta hura ikasteko konpromisoa hartu dutelako urte askoan. Eskerrak eman nahi dizkiegu horiei guztiei, eta gainontzekoei esan nahi diegu hau denon hizkuntza dela, eta udal euskaltegia beti prest egongo dela beraien beharrak entzuteko. Ildo horretan, udal euskaltegiko langileen lana nabarmendu nahi nuke. Beti prest zaudete aukera berriei eusteko eta aurrera egiteko. Zuen lanari eta prestutasunari esker gaude hemen».
Euskaraz ikastea, doakoa
Eskaintza berria, hein batean, integraziorako tresna dela nabarmendu du Leire Goenaga gizarte zerbitzuetako batzordeburuak: «Herrian integratzeko bidean dauden herritarrei, eta gure dendetan, tabernetan, etxeetan (zaintzaile bezala) lan egiten dutenei zuzendutakoa da. Badakigu sektore kaltebera dela hau. Horregatik, gure aldetik, erraztasun guztiak eskainiko dizkiegu ikasle hauei. Beraien sektoreetara egokitutako ordutegiak jartzen saiatuko gara, eta edukiak ere, eguneroko bizimoduan eta lanean erabiltzeko modukoak izango dira».
Finantziazioari dagokionez, udal euskaltegiko gainontzeko ikastaroetan bezala, doan ikasteko aukera izango dute, %85eko asistentzia izanez gero. Langabetuek edo egoera zaurgarrienetan dauden herritarrek ez dute dirua aurreratu beharrik izango. «Azken urteetan aipatu izan dugu inor atzean utzi gabe aurrera egitea dela gure helburua. Kasu honetan ere uste dugu beharrezkoa dela hizkuntza herritar guztien eskura jartzea, euskara izan dadin gure kohesio tresna, eta herritar orok izan dezan euskalduntzera sarbidea», zehaztu du.
Ikastaroen eskaintza
Inge Beloki Udal Euskaltegiko zuzendariak saioen berri eman du. Guztira, 4 ikastaro antolatu dituzte. Bi ikastaro uda aurretik eskainiko dira, eta udatik abendura bitartean izango dira beste biak.
- Mintzapraktikako behe mailako ikasleei zuzendutako ikastaroa: apirilaren 26tik uztailaren 21era, astean 2 orduko bi saio, 52 ordu guztira. Euskaraz ulertu bai baina euskaraz hitz egiteko ausardiarik ez duten herritarrei zuzendutako ikastaroa izango da. Mintzapraktika taldean sortutako behar bati erantzuteko eskaintza izango da. Azpeitian urte asko eman baina euskaraz hitz egiteko gaitasun edo segurtasun gutxi izanik, beren biloba edo gertukoekin euskaraz hitz egiteko pausoa eman nahi dutenei zuzenduriko saioak izango dira.
- Ostalaritzakoentzako ikastaroa: maiatzaren 9tik ekainaren 22ra, astean bi orduko bi saio, 28 ordu guztira. Ostalaritzan lan egiten duten edo lan egin nahi duten eta euskaraz ez dakiten herritarrei eguneroko beren lanerako oinarrizko trebakuntza eskainiko da bertan.
- Urlersaioak: irailaren 19tik azaroaren 4ra, 2 orduko 3 saio astean (60 ordu guztira). Ikastaro hau Aldaitz ikerketaren baitan eskainiko da eta ezinbestekoa izango da euskaraz ez ulertzea. Ezer ez ulertzetik ulermenean A2 maila izateko gaitasuna lortzea da helburua eksintza honetan.
- Merkatariei zuzendutako ikastaroak: urritik abendura bitartean, 20 ordu inguruko ikastaroak.
Ikasleek balorazio posiboa
Nayat Ouassa, Gisele Martel eta Rosmari Rubiok iaz ulersaioetan parte hartu zuten. Martek eta Rubio adineko pertsonen zaintzaileak dira, eta oinarrizko ikastaroa egin ostean, Udal euskaltegiko ohiko ikastaroetan euskara ikasten jarraitzen dute. Ouassa merkataria da eta euskaraz ikastean jarraitzea nahi badu ere, ordutegiak medio ezin izan du jarraitu. Hirurek ikastaroa motz gelditu zitzaiela adierazi dute: «Merezi du ikastaroa egiteak. Orain zertxobait ulertzen dut euskara, Zenbait hitz ulertzen ditut, han eta hemen entzuten ditut gero eta badakit zer esan nahi duen. Fruta dendan ere balio izan dit ikasitakoak; bueltak-eta, adibidez, euskaraz ematen ditut» adierazi du. Euskaraz ikastea jarraitu nahi duela ere adierazi du: «Oso hizkuntza polita dela uste dut, asko gustatzen zait, baina momentu honetan ordutegiagatik ezin dut ikasten jarraitu», adierazi du.
Martelek ere euskaraz ikasi duela azpimarratu du: «Ikastaroa hasi nuenean ez nuen ezer ulertzen. Orain ulertzeko gai naiz. Hitz egiterakoan, hitzak-eta ordena egokian kokatzea kostatzen zait, baina ulertzen dut». Martel eta Rubio zaintzaileak dira eta egunerokoan balio izan diotela gaineratu dute: «Nik zaintzen dudan adinekoak euskaraz hitz egiten eta ulertzen du. Nik ikastaroa egin dudanetik gauzak ulertzen dizkiot eta lagunekin elkartu eta tabernara joaten bagara-edo agurrak eta tabernan eskatzen euskaraz moldatzen naiz». Euskara «zaila» dela uste du Rubiok eta denbora eskaini behar zaiola ikasteko: «Azken aldian pixka bat utzita izan dut, baina berriro ekingo diot», esanez amaitu du.