Eusko Jaurlaritzak Mugikortasun Jasangarriaren Lege-proiektua onartu du

0

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Garraio eta Etxebizitza sailburuarekin eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuarekin batera.

Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Garraio eta Etxebizitza sailburuak Gobernu Kontseiluak gaur onartu duen Mugikortasun Jasangarriaren Lege-proiektua auzkeztu du. Proiektua Legebiltzarrera bidaliko du bertan eztabaida dadin. Arriola sailburuak azaldu duenez, legearen xedea Euskadin pertsonen zein salgaien mugikortasun iraunkorra bultzatuko duen esparru bat sortzea da.

Horrela legearen helburu nagusiak honakoak dira: irisgarritasun unibertsala bermatuko duen garraio publikoaren eskaintza hornitzea eta garraioan intermodalitatea sustatzea; ibilgailu pribatua erabiltzeko disuasio-neurriak ezartzea, mugikortasun aktiboa sustatuz; eta ingurumena eta herritarren segurtasuna eta osasuna hobetzen laguntzea, kutsadura atmosferikoa eta akustikoa, energia-kontsumoa eta klima-aldaketaren ondorioak murriztuz.

Gainera, Arriola sailburuak adierazi duenez, lege-proiektuak jasotzen du udalek eta aldundiek, beren eskumenen esparruan, hainbat neurri ezar ditzaketela Legearen helburuak sustatzen laguntzeko, hala nola tasak, kanonak, hobariak edo salbuespenak.

BILERAK ALDERDI POLITIKOEKIN

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakitera eman du gaur Lehendakariak Legebiltzarrean ordezkatutako alderdi politikoekin bilerak egingo dituela iragarri duela.

Bilera hauek datorren astelehenean hasiko lirateke Vox eta Alderdi Popularra-Ciudadanosekin egingo diren bi hitzorduak medio nahiz eta Vox-ekin zita oraindik ez dagoen erabat itxita agenda kontuak direla eta. Hurrengo egunean, apirilaren 5ean, beste bi saio egingo ditu Lehendakariak, EH Bildurekin eta Elkarrekin Podemos-Izquierda Unidarekin eta erronda apirilaren 6ean amaituko du Gobernuaren kargu dauden bi alderdi politikoekin, hau da, PSE-EErekin eta EAJ-PNVrekin.

Bingen Zupiriak azaldu duenez, bilera hauetan hainbat lehentasunezko gaiak tratatu nahi ditu Lehendakariak alderdi politikoekin: Errusiak Ukraina inbaditu ondoren erakundeek hartutako neurrien egoeraren jarraipena; ekonomia eta enplegua suspertzeko Berpiztu Planaren garapena; inbertsio estrategikoetarako erakunde arteko plana; eta urteko plan arauemailea.

UKRAINAR ERREFUXIATUAK

Bestetik, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Ukrainatik ihesean Euskadira etorri direnen egoeraren jarraipena eginez, azken orduko datuak partekatu ditu.

Horrela, Zupiria sailburuak jakitera eman du Jaurlaritzak Espainiako Gobernuaren zerbitzura jarri dituen baliabide guztiak martxan daudela eta nobedade bezala Irunen duela bi aste Lehendakariak eta Iparraldeko presidenteak elkarrekin inauguratu zuten 55 Pabiloia lehenengo aldiz erabili dela adierazi du, bere bidea egiten ari ziren erbesteratuei atsedenaldia emateko.

Espainiako Gobernuaren harrera-sare ofizialak 540 pertsona artatzen ditu une honetan, eta horietatik 397 ukrainarrak dira. Kopuru horri gehitu beharko litzaizkioke Eusko Jaurlaritzak Berrizen eta Oñatin dituen kudeaketa-zentroetan artatzen diren 20 pertsonak, eta horri Irungo 55. Pabiloitik pasa direnak. Euskadi urteak daramatza migrazioaren errealitate honi erantzuteko eta arreta humanitarioa eskaintzeko baliabideak martxan jartzen. Egun laguntza eskaintzeko dugun ahalmena bultzadakada horren emaitza da eta Ukrainako krisiak indartu egin du sarea.

Halaber, Bingen Zupiriak jakinarazi du datorren ostegunean Kontingentzia Planaren jarraipen-bilera egingo dela. Bilera horretan Kontingentzia Plan berri bat onartuko da, aurrekoaren jarraipena izango dena eta, orain arte bezala, egoeraren jarraipena egingo da egunez egun hartu beharreko neurriak egokitzeko.

Hezkuntza Departamentuak emandako datuen arabera, 231 haur dira Ukrainatik etorri eta sistema publikoan eskolatuta daudenak.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Gainera, ohikoa den bezala, Bingen Zupiria sailburuak, jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur onartutako hainbat akordio, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Eusko Jaurlaritzak bide eman dio Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko Euskal Etxeentzako eta euskal etxeen federazioentzako eta konfederazioentzako diru-laguntzen 2022ko deialdiari. Diru-laguntza horiek Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren bidez banatzen ditu. Orotara, 947.420 euro bideratuko ditu laguntza horietara.

Halaber, Gobernu Kontseiluak onartu du Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak 3,3 milioi euro bideratzea 2022an, sektore estrategikoetan, pertsonen zaintzan eta despopulazio-arriskuan dauden eremuetan biztanleria aktiboaren kualifikazio- eta birkualifikazio-ekintzen garapena diruz laguntzeko. Diru-laguntza horiek Europar Batasunak finantzatzen ditu, Next Generation Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Negoziazio Mahai Orokorrak lan-kontratuko langile finkoen 2022rako Erretiro Partzialeko Planari buruz hartutako erabakia onartu du Gobernu Kontseiluak gaurko bileran. Hori da enplegatu publikoen lan-bizitza amaitzeko bidea hobetzeko aurreikusitako neurrietako bat.

Hezkuntza arloan, alde batetik, Gobernu Kontseiluak gaurko bileran baimendu du 18 milioi euroko kopurua bideratzea Hezkuntza Sailaren menpeko ikastetxe publikoetako eskola-garraio zerbitzua kontratatzeko, Bizkaiko Lurralde Historikoan. Zehazki, 199 ibilbide lizitatuko dira lurralde horretan, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta DBH-ko ikasleei zuzenduak. Eta, bestetik, Gobernu Kontseiluak gaurko bileran baimendu du 5,8 milioi euroan handitzea 2021eko azaroaren 23ko Aginduari, zeinaren bidez diru-laguntzak ematen zaizkien itunpeko ikastetxeei, ikasleentzat ordenagailu eramangarriak eskuratu ditzaten. Diru-kopurua handituta, aipaturiko deialdiaren zenbateko osoa 21 milioi eurokoa da.

Azkenik, Kultura eta Hizkuntza Politika arloan, Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren musika-jarduera profesionaletarako dirulaguntzen deialdia onartu du gaur Gobernu Kontseiluak. 840.000 euroko partidarekin musika ekoizpena, sustapena eta zabalkunde proiektuak dira lagunduko direnak eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren helburua musikagintzaren balio kate osoa indartzea da, hau da, sorkuntza, erakustaldia, kontsumoa eta profesionalen lana beti ere enpresen eta programazioaren egonkortasuna babestuz.

OSASUNA

Bere aldetik, Osasun sailburu Gotzone Sagarduik koronabirusak Euskadin duen eraginari buruzko datu eguneratuen berri eman du; eta adierazi du datuek pentsarazten digutela datozen egun eta asteetan ez dugula aldaketa handirik izango pandemiaren bilakaeran.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena