131.000 eurora igo du Barakaldok kultur dirulaguntzen partida

0

Diru kopurua handitu die aurten bertoko elkarteei Barakaldoko Udalak hiriko kultur ekimenak antolatzeko. Bizkaiko Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaratu eta biharamunean hasiko da kultur dirulaguntzak eskatzeko epea; aurten, 131.000 eurokoa da partida, iaz baino 8.500 euro gehiago. Hilabeteko epea dute elkarteek beren eskaerak www.barakaldo.eus webguneko egoitza elektronikoan erregistro telematikoz gauzatzeko.

Duela bi urte handitu zuen udal barakaldarrak kultur dirulaguntzen partida 11.250 euroan, guztira 122.500 euroko partida osatuz. Aurtengo aurrekontu honetan, ostera egin da kopuru hura handitu eta ahalik eta elkarte gehienetara heltzeko ahalegina. Oraingoan, beraz, 131.000 euro banatuko dira. «Ondo dakigu jakin, zenbateko ahalegina egiten duten gure hiriko elkarteek kultur jarduerak prestatzerakoan. Pandemiak baldintzatu dituen azken urteok ez dira gozoak izan, eta ahalegina egin nahi izan dugu aurrekontuetan laguntza gehiago emanez, elkarteek beren lana egiten jarraitu ahal izateko», azaldu du Kultura, Hezkuntza, Euskara eta Gazteria Arloko zinegotzi Nerea Canterok.

Urteko kultur egitasmo edo jarduerak burutu dituzten toki-erakunde guztiek eskura ditzakete laguntzak, bai eta noizbehinkako edo aparteko ekimenak egin dituztenek ere. Lehenengo kategorian, 99.500 euro banatuko dira, eta, bigarrenean, berriz, 31.500. Honela banatuko dira kopuruak: 24.500 euro, 5.000 eurotik beherako aurrekontuak dituzten egitasmoen artean; 32.000 euro, 5.000 eta 10.000 euroko aurrekontuak dituztenen artean, eta 43.000 euro, 10.000 eurotik gorako aurrekontuak dituztenen artean. Noizbehinkako nahiz aparteko jarduerak egiteko eskariei dagokienez, 31.500 eurokoa da zenbateko globala, eta kategoria bakoitzerako kopuruak, hurrenez hurren, 15.000, 11.500 eta 5.000 eurokoak.

Jende orori zuzendutako egitarau, egitasmo eta jardueretarako dira dirulaguntzak, beti ere, literatura, arte plastikoak, musika-ikuskizunak eta euskara sustatzeko ekimenak hedatzeko egokiak direnak.

Bide telematikoa erabiliz gero, www.barakaldo.eus egoitza elektronikoan egingo da izapidea. Bestela, BarakaldoApp mugikorreko doako aplikazioan. Batzar baterako deia egin die Kultur Arlok kultur erakundeei, eskaerak erregistro telematikoz aurkeztu nahi dituztenen zalantzak argitzeko. Apirilaren 11n, arratseko 19:00etan, Clara Campoamor Zentro Zibikoan.

DIRULAGUNTZEN PARTIDAK GORA

2022ko aurrekontua indarrean jartzearekin batera handitu zen Barakaldoko auzoetako jaiak diruz laguntzeko partida. Ildo horretan, 8.500 eurotik 10.000 eurora igo du Udalak auzoetako jaiak prestatzeko jai batzorde bakoitzak jasoko duen dirulaguntza. Horrez gai, eta betiko legez, Udalak bere gain hartuko du instalazio elektrikoak, agertokien muntaiak eta abarrek sortutako gastuak.

«Elkarte garrantzitsuak dira gure hiriko kultur garapenerako, eta kultur dirulaguntzen bitartez bezala auzoetako jaietako dirulaguntzen bitartez ere ekimenak bizirik  iraunarazten ahalegintzen gara», esanez amaitu du Canterok.