Donostiako Udalak genero indarkeriaren biktimentzako arreta indartu du

0
binary comment
PRUEBA

Donostiako Udalak genero indarkeriaren biktimentzako arreta indartuko du, lanaldi osoko hezitzaile bat kontratatuz, indarkeria mota horren biktima diren eta Udaleko harrera-etxeen erabiltzaile diren emakumeei arreta eta laguntza emateko.

Aitziber San Roman Gizarte Ekintzako zinegotziak adierazi duenez, “Udalak genero indarkeriaren biktimekin duen konpromisoaren beste urrats bat da hau, jasandako indarkeriaren ondorioak ahalik eta gehien arintzeko, eta suspertze prozesuan laguntzeko”.

Udalak genero indarkeriaren biktimei laguntzeko zerbitzu bat du, eta horren barruan 6 harrera-etxe ditu. Etxebizitza horietan, biktima diren emakumeak indarkeria gainditzeko prozesuetan daude, aldi baterako bizitoki aukera bat behar dutenak, babes neurririk behar izan gabe.

Emakume horiek laguntza soziala behar dute, eskuhartze integrala behar dute, laguntza trinkoak, hau da, esku hartze sozioedukatiboak eta psikosozialak. Gaur egun, biktima horiek arreta sozioedukatiboa jasotzen dute, baina beharrezkotzat jo da arreta hori indartzea, biktimez bakarrik arduratuko den hezitzaile bat kontratatuz

Udalak 486 emakume artatu zituen 2021ean

Gizarte Ekintza sailak genero indarkeriaren biktimei laguntzeko zerbitzu bat du, eta bertan hainbat programa garatzen dira, bai biktimei arreta emateko, bai indarkeria prebenitzeko.

Indarkeria matxistaren biktimei laguntzeko programak informazioa eta laguntza ematen die genero indarkeriaren biktimei, Gizarte Ekintzako Zuzendaritzaren baliabideak eta beste sail edo erakunde batzuek sustatutakoak erabiliz.

  • 2021ean 486 emakumeri eman zitzaien laguntza programa horretan, eta haietako 5 Udalaren etxebizitzetan hartu ziren.
  • 2020an, 443 emakume artatu ziren guztira (6 harrera-etxebizitzetan),
  • eta 2019an, 362 (10 harrera-etxebizitzetan).

Programaren arduradunak kasu bakoitzaren diagnostiko batetik abiatzen dira, eta biktimarekin esku hartze plan bat adosten dute. Plan horretan, besteak beste, honako laguntzak jasotzen dira: laguntza psikologikoko baliabideak, aholkularitza juridikoa, laguntza ekonomikoak, hezkuntza laguntza eta konpainia, kulturarteko bitartekaritza eta ostatua. Azken honetan, hemendik aurrera prozesuan laguntzeko pertsona bat izango dute.

Genero indarkeriaren aurkako Estatu Ituna

Kontratazio berri hori 2021erako Genero Indarkeriaren aurkako Estatu Itunaren Funtsarekin lagunduko da diruz. Donostiako Udalaren kasuan, 165.460 eurokoa da funts hori, eta genero indarkeriaren aurkako politikak garatzera eta arlo horretan arreta hobetzera bideratu behar da.

Kontratu berria gaur egun Arrats Elkarteak esleituta daukan gizarteratzeko ostatu baliabideetan gizarte eta hezkuntza arretarako zerbitzuaren kontratuaren bidez egingo da, eta urtean 47.189 euro gehituko zaio kontratuari.