Presazko tributu-neurriak egungo egoera ekonomikoa dela eta

0

Egungo egoera ekonomiko globala dela eta (inflazioa eta energiaren eta lehengaien kostuen gehikuntza, eta horiek ekoizpen-katean duten eragina), Bizkaiko Foru Aldundiak berehala onartuko ditu egoera horren ondorioak gehien pairatzen dituzten eragile ekonomikoen likidezia indartzeko neurriak, eragin ekonomiko negatibo handiagorik izan ez dezaten Bizkaiko sare ekonomikoko sektore ahulenek, hala nola enpresa txikiek, mikroenpresek eta langile autonomoek.

Enpresa txiki, ertain eta handiekin eta lehen sektoreko ordezkariekin, egungo egoerak haien jardueretan eragiten ari diren eraginei dagokienez, egindako gertu-gertuko diagnostikoan oinarrituta, hartu diren neurri horien edukia azaldu du Unai Rementeria ahaldun nagusiak Batzar Nagusietan.

Hartuko diren lehenengo neurrien artean daude zergen aparteko ordainketa atzeratzea, interesik eta bermerik gabe, lurraldeko mikro-enpresentzat, enpresa txikientzat eta langile autonomoentzat; gainera, urteko lehen bi hiruhilekoei dagozkien PFEZaren zatikako ordainketetatik salbuetsita ere badaude.  Era berean, 2022an % 15 igo da salgaien garraioaren sektoreko langile autonomoen gastuen forfaita ( % 55etik % 70era), % 35 nekazaritza- eta abeltzaintza-sektorearena ( % 35etik % 70ra), eta langile autonomoentzako eta mikroenpresentzako forfait orokorra ( % 10etik % 15era).

Neurri horiek Arabako eta Gipuzkoako foru-aldundiekin koordinatuta zehaztuko dira, eta premiazko foru-dekretu arauemaile baten bidez onartuko dira; beraz, 2022ko apirilaren 1etik aurrera aplikatuko dira.

  • Zergen ordainketa interesik gabe geroratzea

Langile autonomoek, mikroenpresek eta enpresa txikiek aparteko geroratzea baliatu ahal izango dute apirilaren 1aren eta uztailaren 31ren artean sortzen diren zergen ordainketetan (urteko lehen bi hiruhilekoei dagozkienak), eta hortik kanpo geratuko dira Sozietateen gaineko Zergaren, Ondarearen gaineko Zergaren eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren autolikidazioak eta urteko aitorpenak, geroratzeko metodo propioa dute eta.

Aparteko gerorapen hori aitorpena aurkeztean eskatuko da, dagokion aukera markatuta, eta automatikoki emango da, Ogasunak ez baitio bermerik eskatuko zergadunari. Hiru hilabeteko gabealdia izango du, eta geroratutako zenbatekoa sei epe berdinetan itzuliko da, interesik gabe.

Adibide gisa, apirilaren 25ean amaitzen den 600 euroko ordainketa bat 100 euroko sei epetan ordaindu ahal izango da 2022ko abuztuan, irailean, urrian, azaroan eta abenduan, eta 2023ko urtarrilean.

Gerorapen horren baldintzak COVID-19ak sortutako pandemiako krisiaren aurrean jarduera ekonomikoen likidezia errazteko 2020an eta 2021ean ezarritako berberak dira, eta horrek 227 milioi euroko injekzioa ekarri zuen eragindako sektore ekonomikoetan.

  • Errentaren zatikako ordainketetatik salbuestea

Jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoak (langile autonomoak) ez daude behartuta 2022ko lehen bi hiruhilekoei dagozkien PFEZaren ordainketa zatikatuak autolikidatzera eta ordaintzera. Ordainketa horiek, hurrenez hurren, apirilaren 1etik 25era bitartean eta uztailaren 1etik 26ra bitartean egiten dira.

Neurri honek 2022ko lehenengo bi hiruhilekoetan izan dezakeen eraginak 10,8 milioi euroko likidezia txertatzea dakar.

2020an eta 2021eko lehenengo bi hiruhilekoetan ezarri zen, COVID-19ak sortutako krisiari aurre egiteko, langile autonomoentzat PFEZaren ordainketa zatikatuaren salbuespena.

  • Autonomo eta mikroenpresentzako gastuen forfaita handitzea

Hirugarren neurria da gastuak konpentsatzeko forfaita mikroenpresei eta langile autonomoei ere aplikatzea, bereziki salgaien errepideko garraioaren, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren sektoreetako jarduerak dituztenentzat. Luzapen horrek 2022ko ekitaldi osoan izango du indarra, eta, beraz, ekitaldi honetan honela geratuko da:

Jarduera-sektorea Indarrean    Igoera          2022
Orokorra (PFEZ) % 10 % 5 % 15
Nekazaritza eta abeltzaintza (PFEZ) % 35  % 35 % 70
Salgaien errepide bidezko garraioa (PFEZ) % 55 % 15 % 70
Mikroenpresak (SZ) % 10 % 5 % 15

Neurri horren kostu fiskala (bilduko ez den zenbatekoa) 17 milioi eurokoa da PFEZean, eta 2,7 milioi eurokoa Sozietateen gaineko Zergan. Errentaren onuradun izango dira garraioaren arloko 1.754 autonomo, 1.346 nekazari-abeltzain eta beste jarduera batzuetako 36.144 langile. Sozietateen gaineko Zergan, 9.154 mikroenpresarentzat handituko da forfaita.

Gastuen forfaita

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan, 600.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten langile autonomoek beren jarduera ekonomikoaren etekina zuzeneko zenbatespen erraztuaren bidez zehazten dute; hau da, etekinaren emaitzari ehuneko murriztaile bat aplikatuta (diru-sarrerak ken gastuak).

Ehuneko horrek jardueraren berezko zailtasunen konpentsazio gisa jarduten du, eta garatzen duten jarduera ekonomikoaren arabera aldatzen da; nekazaritza- eta abeltzaintza-jardueren kasuan, % 35 da, eta salgaien errepideko garraioaren kasuan, % 55. Lehenengoentzat % 25ekoa da gehikuntza, eta salgaien garraiorako % 15ekoa; 2022rako ehuneko murriztailea % 60 eta % 70 izango da, hurrenez hurren.

Adibide gisa, garraiolari autonomoaren kasua proposatzen da; izan ere, 2022ko ekitaldian egindako jardueragatik 80.000 euroko diru-sarrerak lortzen ditu eta 30.000 euroko gastuak justifikatzen ditu. Bere jardueraren emaitza (80.000 – 30.000 euro) 50.000 euro da, eta zenbateko horri aplikatzen zaio konpentsazioko forfaita (50.000 euroren % 70= 35.000); beraz, PFEZean 15.000 euroko etekina tributatuko du (50.000 – 35.000 = 15.000).

Lehen sektorerako zuzeneko laguntzak

Aldundiaren eskumenen esparruko laugarren jarduera-eremu gisa, ahaldun nagusiak zuzeneko laguntza-multzo bat iragarri du, nekazaritza- eta abeltzaintza-jardueren ekoizle edo ekoizle txiki bakoitzak, batez beste, 3.200 euro izan ditzan. Laguntza hori Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailaren bidez bideratuko da, eta 1.250.000 euroko zuzkidura izango du.