Animazio Herri Harmailarako Klubaren proposamena San Mamesen

0

Joan den martxoaren 17an, bazkide talde batek beharrezko sinadurak aurkeztu zituen Ibaiganen, Ezohiko Batzar Orokor bat bultzatzeko. Bertan, San Mamesen Animazio Herri Harmaila sortzeko proposamena aztertu eta bozkatuko da, egungo animazio guneak bateratzeko eta bazkide gazteen eskariari irtenbidea emateko.

Euren proposamena Ipar Beheko Harmailan Animazio Herri Harmaila bat ezartzeko proiektuarekin lotuta dago. Interes hori bat dator Zuzendaritza Batzorde honek Ibaiganera iritsi zenetik adierazitakoarekin, 2020ko abenduako Batzarrean proposatu zuen bezala.

Klubak eta Zuzendaritza Batzordeak proiektua hobetzeko lanean jarraitu dute, datozen hamarkadetarako estrategikoa dela jakinda. San Mameseko errealitate berria, gero eta eskari handiagoarekin eta Gazte Abonoen bultzada berrituarekin, belaunaldien arteko erreleboa bermatzen duenak, Zuzendaritza Batzordeak Ipar Beheko Harmailan Animazio Herri Harmaila eratzeko plan bat aurkeztera eraman du, 4.074 eserlekurekin. Apirilaren 7an aztertuko da Ezohiko Batzar Orokorrean, Euskalduna Jauregian, bazkideen beste proiektuarekin batera (San Mamesen Orroa).

Proiektua ostegun honetan aurkeztu dute San Mameseko Iparraldeko Eraztunean Aitor Elizegi presidenteak, Aitor Bernardo eta Iker Goñi zuzendaritza batzordearen kideek, Jon Berasategi zuzendari nagusiak eta Javier Ucha kanpo harremanetarako arduradunak.

Harmaila proiektuarekin bat egin nahi duten zelai osoko bazkideek beteko lukete, eta bertan egongo diren %50a, gutxienez, Gazte Abonoak izango dira (14 eta 28 urte bitartekoak). Aukeratzeko irizpide guztietan, gazteenei emango zaie lehentasuna.

Tradizioagatik, gure sustraiengatik eta San Mameseko segurtasunak hala aholkatzen digulako, animazio gunea Ipar Harmailan bilduko litzateke, Hego Harmailan kokatzen ohi den kanpoko taldearen zaleengandik ahalik eta urrunen. Kirol ikuspegitik bultzada bat suposatuko du, eta kostu bakarra eserlekueen “Safe standing” deritzon sistema izango da. Eserlekuek segurtasuna bermatzen dute futbola zutik ikusteko, jende pilaketak saihestuz, 110. blokean jarrita dauden bezala.

Zuzendaritza Batzordearen planteamendu honek, gaur egun Ipar Beheko Harmailan dauden eta Animazio Herri Harmailan ez sartzea erabakitzen dutenei soilik eragingo die, beste eserleku bat aukeratzera eramanez. Hauentzako 20 urterako hobari batzuk prestatu dira, Bazkide 2022 izena duena. Onartuz gero, 2019ko udaberritik Ipar Behe Harmailatik beste eserleku batzuetara lekualdatu direnek izango lukete honen onura.

Bazkide konpromisarioek oniritzia eman gero, Animazio Herri Harmaila berria 2022-23 denboraldiaren hasierarako jarriko litzateke martxan.

Athletic Clubeko bazkideek Bazkideen Txokoan dute Animazio Herri Harmailaren proposamenari buruzko informazio guztia.