Carlos Gurpeguiren debutaren 20. urteurrena

0

15 denboraldi, 393 partida eta 22 gol beregain, Carlos Gurpegui Athleticeko jokalari historikoetako bat bilakatu zen. Andosillakoak gaur bezalako egunean egin zuen debuta, 2001-02 denboraldian, orduko Madrigal estadioan, Vilarrealen aurka. Bere grinak, koloreekiko konpromisoak eta zelaira irteten zen bakoitzean ateratzen zuen izaerak Athletic Clubeko zaleen jokalari maitatuenetako bat bilakarazi zuten.

Athleticeko kapitaina 2011tik 2016ra bitarte, Athletic Cluben besokoa gehien eraman duen jokalarietako bat (159 partida hasieratik), San Mamesen idolo izateko sufritu behar izan zuen jokalaria izan zen. Golegile gisa estreinaldia Realaren aurkako euskal derbian egin zuen, Anoetan, 2002-03 denboraldiko lehen jardunaldian. Partidu gazi-gozoa emaitzagatik eta gero partida hark ekarriko zuenagatik.

Federazioaren erabakiz bi urtez partidarik jokatu gabe izan ostean, Athletic Clubekin 2009, 2012 eta 2015eko Errege Kopako finalak lehiatu zituen, guztiak FC Barcelonaren aurka. Urte horien artean, 2011ko urriaren 23an, bere kirol-ibilbideko beste gertakari gogorrenetako bat jasan zuen: belauneko aurreko lotailu gurutzatuan izandako haustura batek jokalekuetatik aldendu zuen 176 egunez. Hala ere, Gurpegui indartsuago itzuli zen eta beste lau denboraldi jokatu zituen talde zuri-gorrian.

Gurpeguik Europa Leagueko finalean ere parte hartu zuen eta, betiko, bere eta athleticzale guztien oroimenean geratuko da 2015eko Superkopa, Camp Noun irabazi zuen titulua, joan-etorriko kanporaketa batean irabazitakoa. Gainera, 2014-15 denboraldian Txapeldunen Ligara itzuli zen taldean ere parte hartu zuen.

2015-16 denboraldian bere kirol-ibilbidea amaitu arren, Carlos Gurpeguik bere bizitzako klubari lotuta jarraitu du urte hauetan guztietan. Gaur egun, CD Basconiako lehen entrenatzailea da, Hirugarren RFEFko bigarren filiala eta brontzezko ligako bigarren mailara igotzeko borrokan dabilena.