Urumea ibaia garbitzeko operatibo berezia amaitu da jada. Zortzi lanegunez aritu dira langileak ibaiaren ibilgura botatako mota guztietako hondakinak ateratzen, Mundaiz zubiaren eta Maria Cristina zubiaren artean, mendebaldeko ertzean.
Marisol Garmendia Ekologiako zinegotziak adierazi duenez, “zenbakiek beren kabuz hitz egiten dute. 7.280 kilo hondakin, mota guztietakoak, atera dira ibaitik: mikrouhin-labeak, lisatzeko oholak, bizikletak, gurpil-aulki bat, somierrak, komun-ontziak, itzalkinak eta kutxa erregistratzaile bat, besteak beste. Sinestezina da pertsona batzuek ibaia zabortegi gisa erabiltzea, inolako ingurumen-kontzientziarik gabe, hondakinak dagokien zabortegira eraman beharrean”.
Operatibo berezian bi langile-talde egin dira, eta bakoitza aipatutako zubien alde batean jarri da. Hiru langile uretan sartuta aritu dira, lan horretarako jantzi egokiekin: neoprenozko jantzia, gomazko bota altuak, ebakien aurkako eskularru mahukadunak eta segurtasun-kaskoa. Espaloian, beste bi langile poleez arduratu dira, hondakinak igotzen. Operatiboa osatzeko, langile batek hondakinak ibilgailu batean kargatu ditu, San Markosera eramateko. Han, behar bezala sailkatu eta zabortegira eraman dituzte.
Lanak itsasbeheran egin dira, hondakinak hobeto bilatu eta erretiratzeko eta langileen segurtasuna bermatzeko. Egunean, batez beste, 910 kilo hondakin erretiratu dira. Lehenengo egunean bildu dira hondakin gehien (1.540 kilo), eta azken egunean, gutxien (400 kilo).