3.500 espezialista mediko baino gehiago prestatu dira Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean egoiliarren lehen promoziotik

0
PRUEBA

1972an Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak barneko mediku egoiliarren lehen promozioa egin zuen, eta, orduan, 67 egoiliarrek hasi zuten prestakuntza ospitalean.

50. urteurrena dela eta, erakundeak oroitzapenezko jardunaldi bat egin du, graduondoko prestakuntza-sistema (espezialitate medikoak garatzearen bidez) gure zentroan medikuntza modernoa bultzatzeko zeinen garrantzitsua izan zen gogoratzeko. Jardunaldi honetan, Jesús Morán Barriosek – Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko espezialisten prestakuntza zuzendu duela 1989tik 2017ra – esan duenez, “duela 50 urte, BAME izeneko sistema (gaur egun PSE) funtsezkoa izan zen Espainiako osasunaren modernizazioan, eta, gaur egun, eragile nagusia ere izan behar du, profesionaltasunaren printzipio etikoen eta konpromisoen bidez osasun-sistema publikoen balioekin eta defentsarekin konprometitutako profesionalak prestatuz”.

50 urte hauetan 3.500 espezialista baino gehiago trebatu dira 40 espezialitate mediko-kirurgiko baino gehiagotan. Gaur egun, Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea akreditatuta dago 44 espezialitatetan prestakuntza emateko 400 egoiliarri baino gehiagori.

Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko prestakuntza espezializatuaren bereizgarria haren prestakuntza-eredua da. 2008. urtean, Prestakuntza Espezializatuko Unitateak proiektu aitzindari bat jarri zuen abian Estatuko ospitaleen artean; hots, Gaitasunetan Oinarritutako Prestakuntza Espezializatua. Eredu hori hedatu egin da nazioko eta nazioarteko zentroetan espezialistak prestatzeko, eta helburu nagusi hauek ditu: irakaskuntza-kultura eredu positibista batetik eredu hermeneutiko batera aldatzea eta espezialista behar soziosanitarioekin bat datozen gaitasunetan prestatzea.

Ospitaleko Prestakuntza Espezializatuaren beste mugarri garrantzitsu batzuk Pediatriako Irakaskuntzako Unitate Multiprofesionalen egiaztapenak (2017an) eta Osasun Mentaleko Unitatearena (2019an) izan dira. Irakaskuntzako Unitate Multiprofesionalek aukera ematen dute asistentzia-arloak partekatzen dituzten espezialitateak irakaskuntza-unitate berean prestatzeko, sartzeko unibertsitate-titulu ezberdinak behar badira ere.

Gaur egun, Medikuntzako, Farmaziako, Biologiako, Psikologiako eta Erizaintzako graduetatik datozen egoiliarrak prestatzen ditu Ospitaleak.

Erizaintza Eskolaren 1. promozioa

1971-72 ikasturtean Ospitale honetako Erizaintza Eskola inauguratu zen; 70 ikasle zituen orduan. Eskolak 7 promozio prestatu zituen, 500 erizaintzako profesional inguru, ikasketak UPV/EHUra lekualdatu aurretik, jada Erizaintzako unibertsitate-diplomadun gisa.

Urte hauetan, pertsona asko prestatu dira osasun-zentro horretan, eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitalearen ospea handitzen lagundu dute, herritarrei arreta hobea emanez. Denbora honetan guztian, Ospitaleak areagotu eta garatu egin ditu espezialitate medikoak eta kirurgikoak, diagnostiko- eta tratamendu-zerbitzuetako azken teknologia, eta gaixotasunak hobeto ezagutzeko ikerketa-ildoak. Gainera, gaixotasun askoren erreferentzia-gune bihurtu da.