Bilboko Udalak datozen hilabeteetan bi igogailu berri egingo ditu Garate kalearen inguruan, Otxarkoagan.
Proiektua lizitazio fasean dago eta 1.626.560,69 euroko aurrekontua dauka. Gainera, adjudikatutakoan, hamar hilabeteko epean egitea aurreikusten da.
Bi igogailuak eraikitzearekin batera hirugarren jarduketa bat aurreikusten da: Garaizarko zelaietan zenbait oinezko bide egitea.
Helburua auzoaren barruan mugikortasuna hobetzea, arkitekturako oztopoak kentzea eta ibilbide irisgarriak sortzea da, bai Otxarkoagako zonen artean, bai Txurdinagarekiko loturan.
Hegoaldetik iparraldera Garate kaleak egituratzen duen eremu geografiko batean egingo dira hiru esku-hartzeak. Bideak inklinazio handia dauka; tarte batzuetan malda % 15ekoa da.
Jarduketa-eremuaren goiko eta beheko aldeen artean 37 metro inguruko aldea dago. Hiri-ingurune honetan, etxebizitzak plataforma horizontalen gainean daude. Berdeguneak, umeen parkeak, zelaiak eta tabernak daude. Gaur egun, kaleen arteko konexioa batez ere eskailera-tarte luzeekin eta malda handiko zeharkako kaleekin egiten da.
BEHEKO IGOGAILU BERTIKALA
Proiektatuko diren igogailuetako lehenak Garate kaleko beheko aldeari emango dio zerbitzua, eta Txurdinagako lan heziketako ikastetxetik hurbil eta Jesús Galíndez etorbidea eta Ornilla Doktorearen kalea lotzen dituen biribilgunetik hurbil egongo da.
Hain zuzen ere, igogailua Jesús Galíndez etorbidearen eta Garate kalearen artean dagoen ezpondan txertatuko da. Guztira 14,76 metroko desnibela gaindituko du eta bi geltoki izango ditu, 180 gradutan ipiniak.
Nukleo bertikal baten bidez gauzatuko da, egitura metaliko batekin. Egitura horren aldeetako bat beira laminatuz estaliko da. Beste hiru aldeak aireztatutako fatxadako panelez estaliko dira. Panel horiek paisaian hobeto integratzeko hormaren antzeko akabera izango dute.
Igogailutik irteteko goiko gunea eta urbanizazioa 16,27 metroko luzera duen metalezko pasabide baten bidez lotuko dira.
13 lagunentzako lekua izango du, eta eguneko 24 orduetan bideozaintza izango du.
Gaur egun, ingurune horretan, eskailera batzuk daude: beheko aldean Jesús Galíndez etorbidea dago, eta goian Garate kaleko 1, 2, 3, 4 eta 5. atariak. Bien artean, egoteko txoko txiki bat dago, Ugarte kaleko 30 eta 32 blokeen sarbidea dena.
GOIKO IGOGAILU BERTIKALA
Bigarren igogailua Garaizar kaleko baztergune batean jarriko da. Sarbidea kale horretako 12 eta 14. blokeen arteko oinezkoen pasabidean dauka, eta Garatera ematen du.
Lehendik dagoen ezpondan txertatuko da, eta 17,7 metroko desnibel bat gaindituko du.
Besteak bezala, bi geraleku izango ditu, 180 gradutan, eta metalezko egitura duen nukleo bertikal batekin egingo da. Kasu honetan, ordea, beira laminatua izango du lau aldeetan.
Igogailutik irteteko goiko gunea eta urbanizazioa 18,32 metroko luzera duen metalezko pasabide baten bidez lotuko dira.
Beheko elementu mekanikoak bezala, 13 lagunentzako lekua izango du. Eguneko 24ko orduetan bideozaintza zerbitzua izango du.
GARAIZARKO ZELAIETAKO BIDEAK
Garaizarko zelaietako eremuak muga hauek dauzka: iparraldean, Garaizar kalea; hegoaldean, Ugarte kalea, eta mendebaldean, Garate kalea.
Ingurunean komunikazio-ardatz irisgarriarekin segitzeko, zenbait arrapala eta sigi-saga doazen zenbait bide-tarte egitea aurreikusten da, Ugarte eta Garaizar kaleak konektatzeko. Horrela, 11 metro inguruko desnibela eta % 14,4rainoko maldak gaindituko dira.
Gainera, ibilbidearen erdian oinezkoen pasabide bat eraikitzeko asmoa dago, umeen jolasgunean irisgarritasuna hobetzeko, proiektatutako bideekin.
Helburua da irisgarritasun integraleko ardatz bat ematea zonari, lehen igogailutik bigarrenera, bide horietan zehar. Horietara, lau puntutatik iritsi ahalko da: bi puntu Garaizar kalean daude, beste bat umeen jolasgunearen mailan, eta laugarrena Ugarte kaleko 28.aren aurrean.
OBREN GARAPENA
Obrak urratsez urrats egingo dira, eta zonaren urbanizazioaren garapenarekin bateragarriak izango dira. Ildo horretan, lanen eremua berrurbanizatuko da eta ukitutako parterreak berregokituko dira. Gainera, hiri-altzari berriak (paperontziak) jarriko dira eta babes-eskudelak ipiniko dira.
Orobat, argiztapen-sarea egokituko da, markesinetan eta igogailuetan argiztapen-elementu berriak ipinita. Euri-uren sarea egokituko da eta zuntz optikoko hari berriak jarriko dira.
SARE SOZIALAK: