Bizkaiko batzar nagusiek Barakaldon ekin deutsie barriro erakusketa ibiltariari

0

«Bizkaiko Batzar Nagusiak Ezagutuz» erakusketak gaur hasiko dau Barakaldon Bizkaiko geografian zehar egingo dauen bigarren ibilaldia. Herriaren erdialdean dagoan Bide Onera plazak maiatzaren 2ra arte hartuko dau erakusketa ibiltaria. Dozena bat panelen bidez, Europako sistema parlamentario zaharrenetakoaren garrantzi historiko, sozial eta kulturala erakutsiko da.

Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak eta Amaia del Campo Berasategi Barakaldoko Alkateak, inaugurau dabe gaur goizean Bizkaiko parlamentuak sustatutako erakusketea, Bizkaiko Batzar Nagusietako eta udalbatzako beste ordezkari batzuakaz batera. Erakusketea igaz be egon zan ikusgai Bilbon, Getxon, Portugaleten eta Durangon, eta holan lurraldeko lau barrutietatik lehenengo itzulia itxi dau.

Erakusketa ibiltariaren bigarren denporaldiko lehenengo helmugea Barakaldo izango da, eta bertatik Ermura (maiatzaren 4an), Galdakaora (bagilaren 1ean) eta Bermeora (garagarrilaren 1ean) joango da. Jente gehien bizi dan Bizkaiko herrietan barrena egingo dan bidaia da, XIV. mendetik Bizkaiko Batzar Nagusiak gertakari politiko nagusien protagonista eta lekuko izatea ekarri daben gorabeherak ezagutarazoteko.

«Bizkaiko Batzar Nagusiak Ezagutuz» formatu handiko 12 panelek osotzen dabe, eta parlamentu-erakunde moduan dauen eskumen-egitura zabala azaltzen da bertan, baita Batzar Nagusien kultur ondarea be. Erakusketan, bere lau egoitzetatik (Bilbo, Gernika, Abellaneda eta Gerediaga) zehar ibilpide xumea eskaintzen da, xehetasun handiagoz geldituz bere egoitza nagusia dan Gernikako Batzar Etxean, bertan dagozalako demokraziaren, askatasunaren eta bakearen euskal sinboloa, Gernikako Arbolea, eta osoko bilkuren aretoko buru dan eta Europako artearen emakume-talde baten lehenengo erretratu moduan hartua izan dan Francisco de Mendietaren «El Besamanos» margolana.

Erakusketaren inaugurazinoan, Ana Otadui Biterik barakaldarrek Bizkaiko Batzar Nagusietan izandako parte-hartze historikoa nabarmendu dau, «oso antxinako garaietatik datorrena», adibidez, Lope García de Retuerto edo Pedro Sarricolea XVI. mendearen hasieran diputatu nagusi izendatu ebezanean. Adibide bi horreek  erakusten dabenez, «Bizkaiko Batzar Nagusiek tradizino historiko handia dabe, Erdi Aroa baino lehenagokoa. Antxinatasun hori dala-eta, Bizkaiko parlamentua Europako lehenengo sistema demokratikoetariko bat da».

Gaur egun, Bizkaiko parlamentua «XXI. mendeko erakundea da, aldaketetara egokitua eta ordezkatzen dauen herriagaz etenbako komunikazinoan dagoana», Otaduik azpimarratu dauenez. «Ordezkatzen gaituen alderdi politikoek bertan hartzen ditue gure eguneroko bizimoduari eragiten deutsien erabagiak. Esaterako, aurrekontuak onartzea, zergak, errepideak, garraioak, egoitzak, enplegu-gaiak, ingurumena, nekazaritza, kultura eta Bizkaiko herritarrei zuzenean eragiten deutseen beste hainbat gai», esan dau.

Beste alde batetik, udalbatzako kideakaz batera etorri dan Amaia del Campo Berasategi Barakaldoko alkateak nabarmendu dauenez, berak zuzentzen dauen udalerriarentzat «ohore handia da erakusketa hau gure kaleetan hartzea eta, holan, Batzar Nagusiak gertuagotik ezagutarazotea; erakunde horretan, garrantzi handiko gaiak eztabaidatzen dira, ez bakarrik Barakaldorentzat, Euskadi osoarentzat». Del Campok gaineratu dauenez, Bizkaiko Batzar Nagusiak «gure lurraldean herritarren parte-hartzea ordezkatzen dauen organua dira, eta horregaitik uste dogu bereziki garrantzitsua dala herritarrek Bizkaiko Batzar Nagusien lana zuzenean ezagutzea, horrek gure historia hobeto ulertzen lagunduko deuskulako».