Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak Eusko Jaurlaritzaren ordezkari gisa parte hartu du gaur Madrilen egin den Berdintasunari buruzko Konferentzia Sektorialaren Osoko Bilkuran. Bertan, berritu egin du Euskadik Genero Indarkeriaren aurkako Estatu Ituna blindatu eta harekin lan egiten jarraitzeko duen borondatea. Era berean, eskatu du, Estatu osoan 2023ko abendurako abian jarriko diren sexu-indarkeriaren biktimak artatzeko 24 orduko krisi-zentroei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoan foru-aldundi bakoitza organo kudeatzailetzat eta erakunde betearazletzat hartzea, zentro horien gestioan, eta, beraz, baita Next Generation funtsak kudeatzeko sisteman ere (COFFEE). Horrela, Eusko Jaurlaritza koordinazio-lanak egiten ari da proiektu honen barruan eta funtsak jasotzeko kanala da.
Bileran, halaber, jakinarazi da zer neurri hartu dituzten autonomia erkidego bakoitzak Ukraniako gerrak eragindako krisiaren inguruan. Euskadiren kasuan, Ukrainaren inbasioaren ondorioz lekualdatutako pertsonak hartzeko Euskadiko Lehen Kontingentzia Plana martxoaren 10ean aurkeztu zen Ukrainako errefuxiatuei harrera egiteko Mahaian, Lehendakaria buru zela eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak koordinatuta, eta hainbat gai jasotzen ditu, besteak beste, 900 840 111 biktimei arreta emateko telefonoan ukraineraz emandako arreta, harrera-egoerara egokitutako beste baliabide batzuen artean.