Errealitate birtuala erabiltzea haurrek interbentzio kirurgiko baten aurretik izan dezaketen antsietatea murrizteko

0

Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Haurren Kirurgiako Zerbitzua buru-belarri ari da lanean, haurrek interbentzio kirurgiko baten aurretik izan dezaketen antsietatea murrizteko. Asmo horrekin, saiakuntza kliniko bat hasi du anestesia orokorrarekin programatutako kirurgia txiki anbulatorio bat egingo zaien 5 eta 12 urte bitarteko pazienteen artean. Saiakuntzaren helburua da frogatzea errealitate birtuala eraginkorra dela paziente pediatrikoen kirurgia aurreko antsietate maila murrizteko informazio-euskarri gisa, ohiko praktika klinikoko prozedurekin alderatuta.

360 graduko formatuko bideo baten grabaziotik abiatuta –errealitate birtualeko betaurreko batzuen bidez bistaratzen da–, haurrak birtualki biziko du bere interbentzioaren prozesu guztia egun batzuk lehenago. Ebakuntzaren egunean ikusiko dituen espazioak zeharkatuko ditu, eta ebakuntza-gelako mahaian kokatuko da, operatuko duten profesionalen aurrean.

Haur Kirurgiako Zerbitzuak honako hipotesi hau dauka: Errealitate birtuala paziente pediatrikoa prozedura kirurgiko ezezagun baten aurretik informatzeko murgiltze-tresna gisa erabiltzeak bere antsietate mailak murriztea ahalbidetuko du.

Haur Kirurgiako zerbitzuan proiektuaren buru diren Gloria Chocarro eta Teresa Cardenal kirurgialariek operatu beharreko haurren esperientzia prozesu humanoago bihurtzeko –haien antsietatea gutxituko baita– gai den tresna bat izateko beharraz hitz egin digu.

– Zerk bultzatuta sortu zenuten sistema hau?

– Pazientearen behar medikoari edo, kasu honetan, kirurgikoari kalitatezko erantzun bat emateko asmoz sortu da proiektu hau. Interbentzio kirurgiko baten inguruko alderdi emozionalei arreta berezia eskaini nahi diegu, askotan gure pazienteak gehien kezkatzen dituen eta haiek gehienen baloratzen dituzten alderdiak balioesteko. Prozesu kirurgikoa humanizatzea eta arreta osoa ematea da helburua, pazientea hainbat alderditan, oro har, baloratzen duena.

Horrek bizitzako edozein etapatarako balio du, baina uste dugu ezinbestekoa dela paziente pediatrikoentzat. Izan ere, kirurgia aurreko antsietatea izateko arrisku berezia dute, arrazoi hauengatik: segurutzat ez duten ingurune ezezagun batean egotea, gurasoengandik bereiztea eta, adinaren arabera, prozesua edo kirurgia egiteko beharra ez ulertzea. Izan ere, kalkuluen arabera, pediatriako pazienteen % 50-70ek nolabaiteko kirurgia aurreko antsietatea dute, eta paziente horien % 67k portaera-alterazioak izango dituzte prozeduraren ondorengo uneetan.

– Zer onura dakarzkie txikienei?

– Errealitate birtualak eskaintzen dituen abantaila nagusiak denbora errealeko murgiltze eta interakzio handia dira. Bertan egotearen sentsazioa da antsietatea gutxitu dezakeen mekanismo nagusia.

Errealitate birtualak frogatu du medikuntzan eraginkorra dela, hainbat egoeratan. Prozedura edo sendabide mingarrietan, fobien tratamenduan edo autismoan, besteak beste, emaitza itxaropentsuak erakutsi ditu min akutua murrizteko.

Hala ere, berritzaileagoa da interbentzio kirurgiko bat egin aurretik erabiltzea, prozedura azaltzeko. Segurua dela frogatu bada ere eta alderdi zehatz horretan sakontzen duten azterlanak badaude ere, ez da asko erabiltzen. Horregatik, proiektu honek ekimen berritzaile bat abiaraztea dakar, eta, gainera, haurrentzat oso erakargarria izan daitekeen tresna batekin, hau da, errealitate birtualeko betaurrekoekin.