Martxoaren 29ko 6/2022 Errege Dekretuaren arabera, apirilaren 1etik aurrera gasolina-zerbitzuguneek 20 zentimoko deskontua aplikatu behar dute erregai litro bakoitzeko. Hobari hori berariaz agertu beharko da fakturan.
Deskontu-mekanismoa honako hau da: ikusgai dauden publikoarentzako salmenta-prezioak hobaria islatu gabe mantenduko dira, eta hobari hori fakturan jaso beharko da. Deskontu hori islatzeko bi modu onartu dira:
- Deskontua aplikatu aurretik eta ondoren, adierazi erosketaren zenbateko osoa. Era berean, aplikatutako hobariaren zenbatekoa adierazi behar da.
- Hobariaren aplikazioa berariaz aipatzea.
Enpresek 15 eguneko egokitzapen-aldia dute fakturan deskontua islatzeko betebeharra betetzeko.
Kontsumitzaileek gasolina-zerbitzuguneetan jardunbide desegokiak hautematen badituzte (hala nola hobaria osorik edo zati batean ez aplikatzea, fakturazioko akatsak edo beste edozein irregulartasun), kexak edo salaketak aurkeztu ahal izango dituzte Kontsumobiden edo KIUBen aurrean. Gogorarazten dugu edozein salaketa edo kexa aurkezteko faktura edo salmenta-tiketa garrantzizko egiaztagiriak izango direla, eta, beraz, Kontsumoko Euskal Institutuak horiek kontserbatzeko beharra azpimarratzen du.
Dekretua behar bezala aplikatzen dela egiaztatzeko, apirilaren 15etik aurrera (enpresak egokitzeko epea) ikuskapen-kanpaina bat egingo da. Era berean, kontsumitzaileen eskubideak babesten Kontsumobide lankidetzan arituko da Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalarekin (MLBN), Lehiaren Euskal Agintaritzaren bidez.
Salgai dagoen erregaiaren litroko prezioek agerian eta hobaririk gabe egon beharko dute, erositako litro kopurua eta eragiketaren zenbateko osoa kontuan hartuta, kontsumitzaileek deskontua behar bezala aplikatu zaien egiaztatu ahal izango dute.
Azkenik, gogoratu 20 zentimoko deskontua AdBlue gehigarriari ere aplika dakiokeela, nahiz eta kasu honetan deskontua kilogramoko aplikatzen den eta ez litroko.