Hiru hiri-igogailuk ordezkatuko dituzte Barakaldoko Sotzezgarbiako eskailera mekanikoen hiru zatiak

0

Barakaldoko Udalak auzoen irisgarritasuna hobetzen jarraitzen du egitura mekaniko berrien aldeko apustuarekin. Oraingo honetan Gurutzeta auzoaren txanda da, Sotzezgarbia inguruan. Bertako hiru eskailera mekaniko zatiak ordeztu, eta hiru hiri-igogailu jarriko dira, eremurako sarbidean irisgarritasun osoa ahalbidetzeko. «Eskailera horiek eta Arteagagoikokoek etengabe izaten dituzte funtzionamendu-arazoak, eta geldirik egoten dira. Arazo hori konpontzeko, hiru igogailu jarriko ditugu, eta hala, irisgarritasun osoa emango diegu gurpil-aulkietan dauden pertsonei, haur-kotxeei, eta abarri», azaldu du Amaia del Campo Barakaldoko alkateak.

Horrela, proiektuak kanpoko hiru igogailu panoramiko instalatzea aurreikusten du, gaur egungo eskailera mekanikoak ordezteko eta, horrela, barakaldarrak eremu horretara sar daitezen errazteko, orografia zaila baitu. «Hala, erabiltzaileen bizi-kalitatea hobetu ahal izango dugu, eta irisgarritasun-arazoak konponduko ditugu», azpimarratu du alkateak.

Altzairu herdoilgaitzezko profil laminatuzko egitura batek eta beira gardenezko itxitura batek osatuko dituzte igogailuak. Kabina, aldi berean, beira gardenezkoa izango da. Argiak izango ditu, gauean igogailuaren barruan ikusi ahal izateko, eta hala, emakumeentzako toki segurua izan dadin. Igogailuak tarte bakoitzaren beheko kotan kokatuko dira. Batetik bestera sartzeko, pasabide bat jarriko da. Egitura bertikala eta pasabidea argi bidez argiztatuko dira, erabiltzaileen ikuspen egokia bermatzeko eta beharrezko segurtasun-sentsazioa emateko.

Hiri-ingurunea egokitzeko lanak egin beharko dira, hala nola eskailerak, horiei eusten dieten hormigoizko tiraderak eta horien estaldurak eraistea. Sarrerako beheko aldeetan hormigoizko edo igeltserotzako hormatxoak txikituko dira, igogailuetarako sarbidea handitzeko, eta sarrerako eta pasabideetarako sarbideko zoladurak berregingo dira, irisgarritasunari buruz indarrean dagoen araudia betetzeko. Eskailerak zeuden lur-eremuak ere beteko dira, eta landareztatze egokitua egingo da, esku hartzen den tarte bakoitzean aldez aurretik zegoen landarediaren arabera.

Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 765.828,77 euro da. Gainera, kontratuak igogailuak mantentzeko bi urte ditu. Hurrengo egunetan, obra lehiaketa publikora aterako da, behin kontratua esleituta eta sinatuta, eta burutzeko epea 6 hilabetekoa izango da.

10 MILIOI INGURUKO INBERTSIOA BARAKALDO IRISGARRIAGO BATEN ALDE

Irisgarritasuna hobetzea da Amaia del Campo alkatearen helburuetako bat alkatetzara iritsi zenetik. Horrela, azken 7 urteetan 10 milioi euro inguru inbertitu dira Barakaldoko auzoak modu irisgarrian lotzeko sarbide mekaniko berrietan. Arrapala mekanikoak sortu dira Arrontegin (Arrontegi), Andikollanon (Lutxana- Llano) eta Eguzkiagirren (San Bizente ¿ Zuhatzu Arteagabeitia). Gainera, oinezkoentzako pasabideak sortu dira Desertu Berrian, Retuerton eta Burtzeñan. Eta Bakean (Gurutzeta), Arteagagoikon (Zuhatzu-Arteagabeitia), Etxatxun (Arrontegi) eta Sotzezgarbian (Gurutzeta) hiri-igogailuak jartzeko obrak egiten ari dira edo egiteko zorian daude. Gainera, 2021eko gerakinarekin, sarbide mekaniko berri bat egingo da Nafarroa kalean (Arrontegi).

Azkenik, udal-instalazioen irisgarritasuna ere hobetu da, igogailuak jarriz eta oztopo arkitektonikoak kenduz.