Serralta parketa eta Gurutzeta-Retuertora autobidezko sarbideak burutu dute hirigintzako tramitazioa

0

Udalbatzak gaur arratsaldean onartuko ditu behin betiko bi proiektu garrantzitsuren Xehetasun Azterlanak: Serralta Parkearen plana -obrak martxan daude- eta autobidetik egingo den sarbide berria, batez ere Gurutzeta, Retuerto, Burtzeña eta Bilboko Zorrotza auzoari zerbitzua emango diena.

Juan Antonio Pizarro Etxebizitza, Plangintza eta Hirigintza Kudeaketa Arloko zinegotziak jakinarazi duenez, plan horien hirigintza-tramitazioa amaituko da horrela, Barakaldoko Udalak 90eko hamarkadaz geroztik bultzatutako hiri- eta gizarte-eraldaketarekin jarraitzea ahalbidetzen baitute. Barakaldarren bizi-kalitatea hobetzeko urteetan egindako lanaren emaitza dira. Horretarako, berdeguneak, azpiegiturak eta zerbitzuak eskaintzen zaizkio hiriari.

Autobidearekiko lotura berria Bizkaiko Foru Aldundiak egingo du, eta Gurutzetako Ospitalera eta hura dagoen auzora, Retuertora, Burtzeñara eta Zorrotzara azkar iristeko bide bat sortzeko beharretik sortzen da, Bilborako autobidetik datozen ibilgailuetarako. Izan ere, orain arte ibilbide luzea egin behar da Max Center gunetik.

Autobidea San Ignazio kalearekin (N-634 zaharra) lotzea da planteatu den esku-hartzea, irteera-adar berri bat sortuz, UE 05 San Inazio egikaritze-unitatearen lursailetatik zeharkatuz biribilgune batean amaituko dena.

Biribilgune horretatik hiru norabide desberdinetara joan ahal izango da. Alde batetik, Retuerto, Errekatxo eta Kareaga aldera biratu ahal izango da. Bestetik, Gurutzeta, Llano, Burtzeña eta Zorrotzarantz. Eta, gainera, errepide nazional zaharretik edo Arrontegi-La Avanzadatik datozen ibilgailuetarako Bakea eta Ospitalerako dagoen irteerarekin lotzeko aukera ere egongo da, Pizarrok zehaztu duenez.

Etxebizitza, Plangintza eta Hirigintza Kudeaketa Arloko zinegotziak Aldundiari planteatu dio kontuan har dezala esku-hartze gehigarriak beharrezkoak izan daitezkeela esku-hartze horren ondorioz sor daitezkeen trafiko-pilaketak konpontzeko.

DOIKUNTZAK

Serralta parkearen planari dagokionez, xehetasun-azterlana zenbait kontu berregokitzera mugatzen da. Adibidez, N-634 zaharrarekin eta Andikollano kalearekin lotzeko bidea mantentzen du, autobidearen paraleloan luzatuko dena, Lutxanatik gertuen dagoen aldean dauden etxebizitzen etxabeetan eraikiko diren etorkizuneko garajeetarako sarrera izateko. Bide horren ondoan aire zabaleko aparkalekuak ere egongo dira.

Gainera, eraikinen baldintza estetikoak berrikusten dira. Orientazioaren arabera, kanpoko fatxada jakin batzuek ezingo dute balkoirik edo terrazarik izan; beste batzuek, berriz, aukera hori izango dute, gehienez ere bi metroko irtenunearekin.

David Chipperfield arkitekto ingelesak sortutako jatorrizko diseinuaren hiri-irudia kontserbatu nahi izan da une oro. Juan Antonio Pizarrok zehaztu duenez, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren Bizigarritasun Dekretuan jasotakoa ere kontuan hartu dugu, oraindik indarrean sartu ez den arren, alegia, balkoiek 1,5 metroko irtengunea izateko baldintza.

Gainerako doikuntzak bat datoz eraikinen eta sestren lerrokadurekin, bai eta arkupeen, atarien eta beheko solairuen erabilerarekin ere. Gai tekniko hutsak dira.