Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak 2022rako aurrekontu proiektua onartu du gaur: aldeko 31 boto, kontrako bat ere ez eta 5 abstentzio. Aurreproiektua otsailaren 3an aurkeztu zitzaion Gobernu Kontseiluari, eta 7 zuzenketa tekniko aurkeztu dira epe barruan, guztiak doikuntza eta zuzenketa txikiak egiteko. Aurrekontuaren zenbatekoa 460.649.759 €-koa da; 2021ekoa, berriz, 437.374.467 €-koa izan zen. Beraz, aurreko urtekoarekin alderatuta % 5,32 gehitu da.
Zenbateko horretatik 339.250.759 € Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretatik datoz; 52.799.000 € (% 11,46) unibertsitatearen beraren diru sarrerak dira (tasa akademikoak eta administratiboak, administrazio emakidak, beste erakunde eta pertsona fisiko batzuekin kontratuak, etab.); eta 68.150.000 € (% 14,79) bestelako diru sarrerak dira (kanpoko kontratuak, ikerketa proiektuak, berezko tituluak eta aparteko dirulaguntzak). Bestalde, Euskal Herriko Unibertsitateak 450.000 € hartzen ditu Gizarte Kontseiluarentzat.
Gastuei dagokienez, langileei dagozkienak 354.306.941 € dira, hau da, guztiaren % 76,91; beste % 23,09, gainerako kapituluetan banatu da, hau da: ikerketara, funtzionamendu orokorrera, errektoreordetzen, zentroen eta sailen jarduerara, eta ekipamendu inbertsioetara.
Proiektu honen alderdirik azpimarragarrienak honako hauek dira: enpresekin eta kanpoko erakundeekin egindako kontratuengatik lortutako diru sarreretan aurreikusitako igoera, bai eta lehiaketa bidezko ikerketa proiektuetan ere; Eusko Jaurlaritzaren konpromiso irmoa Basurtuko eremuan Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eraikin berria eraikitzeko (3.500.000 €-ko partida 2022 urteko ekitaldirako, eta aurreikusita dago obrak uda baino lehen hastea); Estatuko aurrekontu orokorretatik datorren kopurua, 1.250.000 €, Itsasgunea proiektua garatzeko Portugaleteko Bilboko Ingeniaritza Eskolan.
2022ko aurrekontu proiektua egiteko, azken urteetan bezala, honako helburu hauek izan dira nagusi: austeritatea gastuak gauzatzean, eraginkortasuna baliabideen kontsumoan eta jasangarritasuna erabaki ekonomikoak hartzean. Aurrekontu proiektua Unibertsitateko Gizarte Kontseiluari helaraziko zaio, apirilaren 4an, egoki izanez gero, behin betiko onar dezan.
Aurrekontu proiektu honen onarpenaren harira, Eva Ferreirak, UPV/EHUko errektoreak, honako hau adierazi du: «Eskerrak eman nahi dizkiot Gobernu Kontseiluari aurrekontu proiektu honi eman dion babes zabalagatik, gure unibertsitatearen irakaskuntza, ikerketa, transferentzia eta kudeaketa jarduera eskergari eustea ahalbidetuko digun dokumentua baita. Oso oinarri sendoa da aurkeztu berri dugun 2022-2025 Plan Estrategikoaren helburuak lortzeko. Bestalde, energia larrialdiko egoeran gaudenez, datozen egunetan harremanetan jarriko gara zentroetako zuzendaritzekin eta inplikatutako taldeekin, energia kontsumoa murrizteko neurriak aurkezteko, beste administrazio publiko batzuk egiten ari diren bezala. Edozelan ere, gure ustez, neurri horiek ez dira koiunturalak: unibertsitateko kide guztiek energia arduraz eta modu jasangarrian kontsumitzeko daukaten konpromisoaren parte dira, bat etorrita EHUagenda 2030en alde egin dugun apustuarekin”.
Dirulaguntzak arazo ekonomikoak dituzten ikasleek ikasten jarrai dezaten
Era berean, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak deialdia ireki du arazo ekonomikoak dituzten ikasleei dirulaguntzak emateko. Bat-batean sortutako edo denboran zehar dirauten arazo ekonomikoen ondorioz arazo ekonomikoak dituzten Ikasleek ikasten jarraitzeko aukera izan dezaten ematen dira laguntzok eta itzuli beharrekoak dira. Horien helburua da unibertsitate publikotik bermatzen jarraitzea gaitasuna daukaten ikasleek unibertsitatean sartzeko (edo, kasu honetan, ikasten jarraitzeko) aukera dutela, alde batera utzita, egoera pertsonalaren edo familiaren egoera larrien ondorioz matrikula ordaintzeko izan ditzaketen arazo ekonomikoak.
Laguntza eskuratzeko, ikaslea gutxien dela matrikulatutako irakasgaien % 75era aurkeztu behar izan da. Laguntzaren zenbatekoa 2021-2022 ikasturteko matrikulan ordaintzeke daukan zenbateko osoa izango da. Bat-batean sortuta arazotzat hartuko da: familiaren sostengatzaile nagusia hil izana, langabezian geratzea, enplegu erregulazioko espedientea izatea, gaixotasun larria edo istripu larria. Deialdiaren arabera, laguntza hori dirutan bueltatu ahal izango da edo unibertsitateko kideen mesedetan egindako lanen bidez, baina lan horiek ezin izango dute inolaz ere ordezkatu ordaindutako zerbitzu profesionalik.