Basque Trade & Investment agentziak ongietorria egin die “Wind Europe” ekimenaren nazioarteko ordezkaritzei

0

Bilbon ospatzen ari den “Wind Europe” ekimenaren -energia eolikoaren arloko Europako hitzordu handienaren- urteroko ekitaldian SPRI Taldeko Basque Trade & Investment agentziak ongietorri-ekitaldi bat antolatu du bertaratutako nazioarteko ordezkaritza guztientzat, eta sektore eolikoari zuzendutako lankidetza-hitzarmen bat sinatu du Poloniako Pomerania eskualdearekin.

Ekitaldi horretan Pomeraniako (Polonia) hainbat ordezkari eta enpresa izan dira. Pomerania da munduan energia eolikoa garatzeko plan handienak dituen eskualdeetako bat, eta Mikel Amundarain Energia sailburuordeak hango Eskualde Garapeneko Agentziarekin sinatu du lankidetza-akordio hori, zeinaren bidez posible izango baita harremanak garatzea eta sendotzea Euskadiren eta Poloniaren artean, eta ez bakarrik sektore eolikoan, baizik eta baita ere 4.0 Industrian, ekonomia berdean edo bioteknologian.

Era berean, ekitaldira bildu dira Estatu Batuetako Virginia estatuko ordezkariak (zeintzuekin lankidetza-akordio bat sinatu zen joan den udan), Turkiako Izmir eskualdekoak eta Hego Koreako Jeollanamdo eskualdekoak, Basque Trade & Investment lan handia egiten ari baita eskualde horietan, plan anbiziotsuak dituztelako sektore eolikoan.

Ekitaldian izan dira baita ere beste herrialde batzuetako agintariak eta enpresa-elkarte zein klusterretako ordezkariak, besteak beste Belgika, Norvegia, Islandia, Erresuma Batua, Portugal, Estonia edo Lituaniakoak, zeintzuek interes handia baitute euren gaitasun eolikoen ustiapenean.

Euskadi, bere energia sektoreko kluster indartsuarekin, erreferentziazko eskualdea da energia eolikoaren arloan, ez soilik sektorean lider diren enpresa ezagunak dauzkalako, baizik eta orobat 100dik gora enpresa dituelako sektoreko balio-kate osoan, eta baita ere mundu mailan erreferente diren Windbox eta BIMEP teknologi zentroak eta I+G+B-ko proiektu garrantzitsuak –gaur egun 12 baino gehiago-, energia eolikoaren sektoreko aurrerapen teknologikoen abangoardian daudenak.