BIC Gipuzkoak, bere instalazio berriak aurkeztu ditu

0

BIC Gipuzkoak egiten duen lana gora egiten ari da etengabe azken urte hauetan. Pandemia gorabehera, startupen sorkuntzak eta entitateak babestutako proiektu berriek indartu egin dute lurraldeko ekintzailetza-estrategia. 

Ekintzailetza-jarduerari lotutako esparru guztietako ordezkariak izan dira Donostiako Zientzia eta Teknologia Parkean kokatutako BIC Gipuzkoaren instalazio berrien aurkezpen-ekitaldian. Abiarazte-fasean dauden enpresei zuzendutako 6.000 metro koadroko azpiegitura espezializatuan, lurraldeko ekonomia- eta enpresa-jardueraren etorkizunerako estrategikoak diren sektoreetako 35 enpresa eta 300 profesional baino gehiago biltzen dira gaur egun. Sektoreak honako hauek dira: manufaktura aurreratua, 4.0 industria, bioteknologia, osasuna eta energia.

Ekitaldian, Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olano eta Eusko Jaurlaritzako Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuorde Estibaliz Hernaez izan dira. Olanok bere hitzaldian adierazi duenez, “Gipuzkoan eta Euskadin, ekintzaileak babesteko oso ekosistema sendoa dugu, erakunde arteko lankidetzan eta lankidetza publiko-pribatuan oinarritua. Eta instalazio hauek horren erakusgarri dira, baita lurraldean bultzatutako ekintzailetzaren erakusgarri ere, funtsezkoa baita enpresa-sare aurreratua eta dibertsifikatua izateko. Gipuzkoa buru-belarri ari da lanean etorkizuneko ekonomia eraikitzeko, espezializazio adimendunetik abiatuta. Ahalmenik handieneko sektoreetan oso ongi kokatuta dauden enpresa berriak ditugu, eta kalitateko enplegua, lehiakortasuna eta ongizatea lortzeko funtsezkoa den dinamismo hori sendotzea da gure helburua”.

Bestalde, Estibaliz Hernaezek pertsonak aipatu nahi izan ditu, eta, adierazi duenez, “ekintzaileak duen balioa agerian jartzeko eta legitimatzeko garaia iritsi da. Izan ere, ekintzaileak berritu egiten du, enplegua sortzen du eta, askotan, aldaketa sozial eta disruptiboen aitzindaria da”. Nolanahi ere, datorren hamarkadako proiektu berriak zuzenduko dituen ekintzailetza- eta sustapen-talentuaren hurrengo belaunaldia garatzeko “tokiko talentu-harrobi” bat sortu, erakarri, gaitu eta babestea da euskal ekintzailetzaren 2030erako erronka handietako bat”.

BIC Gipuzkoako presidente Leyre Madariagak azpimarratu egin du “BIC Gipuzkoak bere ia 30 urteetan bete duen zeregin erabakigarria, beti ekintzailetza-sistemako beste agente batzuekiko lankidetzaren ikuspegitik abiatuta bete duena”.

Madariagak azaldu duenez, joan den  urtean “marka bat ezarri du oinarri teknologiko eta berritzailea duten hainbat enpresa-proiektu garatzeko kapitalaren lorpenean”. 2021. urtean, BIC Gipuzkoak 80 ekintzailetza-proiektu eta 49 enpresa berriren sorkuntza babestu zituen.

Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sortutako Ekintzaile/Txekintek eta Barnekintzaile laguntza-programak “finkatu egin dira proiektuen lehen garapen-etapetan eraginik handiena duen finantzaketa-tresna gisa”, azpimarratu du BIC Gipuzkoako presidenteak. Azken bost urteetan, 330 ekimen berri babesteko hamaika milioi eta erdi euro bideratu dira programa horien bidez. Haietatik, 228k merkatuan dihardute gaur egun, eta 50 inguru konfigurazio-fasean daude.

Ekitaldian, halaber, ESADEko Eragiketa, Berrikuntza eta Data Sciences Saileko irakasle titular Xavier Ferrásek hartu du parte, eta adierazi duenez, “globalizazioaren joko-arauak aldatu egin dira pandemiaren ondoren”. Haren ustez, “kostuak kanporatzean oinarritutako globalizazio batetik berrikuntzan eta teknologian oinarrituta dagoen eta masa kritikoari garrantzia ematen dion globalizazio baterako bidea egiten ari gara. Berrikuntza hurbiltasuneko fenomenoa da. Hiri edo eskualde batean hurbileko agente asko badituzu, garrantzitsuena da elkarri eragitea”, eta, ildo horretan, Euskadin gauzak nola egiten ari diren azpimarratu nahi izan du.

Ekintzaileen izenean, Josema Odriozolak (Wavegarden), Maider Zabalak (Onena Medicines) eta Sandra Montesek (Scrapad) hitz egin dute. BIC Gipuzkoako zuzendari kudeatzaile Marisa Arriolarekin egindako elkarrizketa batean, beren proiektuak bideratzeko garaian jaso duten babesaren eta aholkularitzaren garrantzia aitortu dute.