Aste Santuan “Bilbao Basque Fest” itzuliko da

0

Bilbao basque FEST euskal kulturaren jaialdia hiribildura itzuliko da apirilaren 13tik 17ra, eta berritasun ugari eta 200 jarduera baino gehiago antolatuko dira hogeita hamar espazio baino gehiagotan.

Pandemiaren ondorioz bi urtez etenda egon eta gero, eta neurri egokiekin oraindik ere, hiria dinamizatzen duen, hurbileko merkatua eta kultura-turismoa sustatzen dituen eta hiriaz gozatu nahi duten bilbotarrei kalitate oneko proposamen bat eskaintzen dien jaialdia berreskuratuko du Bilboko Udalak Aste Santuan.

Apirilaren 13an, asteazkena, inaugurazio-ekitaldia egingo da Azkuna Zentroa – Alhondiga Bilbaon, arratsaldeko 18:30ean, eta han izango da Juan Mari Aburto alkatea.

Bilbao basque FESTen betiko sei gai nagusiei eutsiko zaie: Gourmet, Kultura, Musika, Market, Zinema eta Sport, hiribilduan jarduera ekonomikoa sortzeko jaialdi gisa egonkortu dutelako. Jaialdiaren bost egunetan, 200 jarduera baino gehiago egingo dira, gehienak doan eta adin guztietako ikusleentzat, eta musikaren, gastronomiaren, herri-kirolen, kulturaren eta zinemaren alderdirik adierazgarrienak erakutsiko dituzte, 300 artista baino gehiagorekin eta estreinaldi zein berritasun batzuekin.

Urtero bezala, jatetxeek, tabernek, goxo-dendek eta saltoki espezializatuek jaialdian parte hartuko dute. Aurtengo edizioan, ostalaritzako eta merkataritzako 307 establezimendu bilduko dira. Jaialdia gauzatzeko 150 langile egongo dira jarduerak burutzen eta produzitzen. Era berean, Bilboko Udalak 20.000 informazio-liburuxka banatuko ditu jarduerei, ordutegiei eta herritarrentzako informazio erabilgarriari buruzko xehetasunekin.

BERRITASUN GARRANTZITSUAK ZORTZIGARREN EDIZIORAKO

Bilbao basque FESTen zortzigarren edizioan programazioa sendotu da hainbat berritasunekin. Besteak beste, pertsonaia berri bat: “Txomin, Txirenea”. Bilbao basque FESTeko enbaxadorea txantxak gustuko dituen pertsonaia ahoberoa da, eta jaialdian ikusi ahal izango dugu beste edozein bisitari balitz bezala eta jarduera ugaritan parte hartzen. “Txomin Txirenea” pertsonaiarekin topatzen diren guztiek argazki bat egin ahal izango dute berarekin, eta sare sozialetara igo #BilbaoBasqueFest traolarekin.

Zabalguneko eraikinean, “Minimalarte” poesia-errezitala antolatuko da apirilaren 14an, osteguna, 19:00etan. Txani Rodríguez egongo da bertan, Euskadiko 2021eko Literatura Saria, eta Dana kubatarraren musikarekin eta piano baten notekin entzun ahal izango dugu euskaraz eta gaztelaniaz abesten.

Casilda Iturrizar parkean ere, edizio honetako beste berritasunetako bat eskainiko da: “Eskape Park”. Adin guztietako pertsonentzako abentura. Horren bitartez, Bilboko Zabalgunearen eta bilbotar ospetsu batzuen historia emango da ezagutzera, Casilda Iturrizar andrea, Ramón Bastida edo Boni barkilleroa, esaterako.

Larunbat gauean, “Euskal Sustrai Gaua – Noche de raíces vascas” proiektuaren txanda iritsiko da. Euskal nortasun-ikono eta -zeinuen proposamena, non jaialdiko ikuskizunik esanguratsuenak bilduko diren, dantza, herri-kirolak eta musika. Ikuskizunean 700 pertsona bilduko dira edizio honetako agertoki berrietako batean: Bilboko Club Deportivo kluba.

Bilbao basque FEST jaialdiaren azken egunean, apirilaren 17an, igandea, artzain-txakurrekin antolatzen den hiri barruko lehenengo txapelketa egingo da Etxebarria Parkean. “ARTZAIN TXAPELKETA BILBAO” delakoaren LEHENENGO EDIZOAN 30 bat ardiko artaldea, 6 artzain eta arraza libreko beren txakurrak bilduko dira gaitasun-probak egiteko

ARTE ESZENIKOEN LEHENENGO FIGURAK

Bilbao Basque FEST kulturaren sinonimo da, eta Arte Eszenikoen MAX sariekin saritutako konpainien ikuskizunak izango ditu egitarauan: Deabru Beltzak, kaleko ikuskizunik onena, eta Demode Quartet, musika-ikuskizunik onena.

Deabru Beltzak taldea Bilbora etorri da Les Tambours de Feu lanarekin. Kaleko ikuskizun horretan akelarreko deabrua eta perkusionisten lagun-taldea apirilaren 14an osteguna, Gas Plazatik ibiliko dira danborren, piroteknia-suaren eta efektu berezien doinuarekin.

Demode Quartet taldeak a capella kantua eta umorea uztartuko ditu, euskaraz zein gaztelaniaz, apirilaren 15ean, ostirala, Azkuna Zentroko auditoriumean.

MUSIKA “BASQUE” ZIGILUAREKIN ETA HOTELETAN

Musika hasiera-hasieratik izan da Bilbao basque FEST jaialdiaren elementu garrantzitsuenetako bat. Inaugurazio-ekitaldia berriz ere egingo da Azkuna Zentroan apirilaren 13an, arratsaldez, Arabako Aitzina Folk jaialdiari egindako gonbidapenarekin, Aire Ahizpak hirukotearekin. 2013. urtetik Gasteizen antolatzen den ekimen solidario horrek zeregin bikoitza du: musika, dantza eta tailerren bitartez folkaren garrantzia nabarmentzea eta ataxia telangiectasia gaixotasun arraroa ikertzeko borroka babestea.

Jaialdiaren hurrengo hiru egunetan beste hiru euskal ekitaldi aurkeztuko dira Azkuna Zentroan: Flamenco on fire (Iruña), flamenko errezitala Juanjo Navasen txalapartarekin; Atlantikaldia (Errenteria), Basabi taldearen kontzertuarekin eta Bilbao Blues Festival, zeina uztailean lehenengo aldiz antolatuko den Bilboko Areatzan, Still River delakoaren kontzertuarekin.

Bestalde, Bilbao basque FEST jaialdiaren musika-programazioa hiribilduko SEI HOTELETARA eta OSTALARITZAKO BOST LOKALETARA zabalduko da, “Hotel Basque Music” eta “Taberna Live Music” zikloekin.

Dominé Bilbao, Ercilla de Bilbao, Barceló-Nervión, Gran Bilbao, Vincci Consulado eta Catalonia hotelek eta ostalaritzako Azkena Bilbao Aretoa, Shake, Nave 9 (Bilboko Itsas Museoan), Crazy Horse eta Badulake lokalek askotariko musika-hautaketak eskainiko dituzte ZUZENEAN, eta, horrela, giro bikainaz beteko dituzte gauero-gauero Bilbao basque FESTen espazio horiek.

Era berean, Kafe Antzokian ere “Bilbao basque FEST Rock City” ospatuko da gauero, euskal rock bandarik onenen eskutik.

GASTRONOMIA TXOKO GOURMET-EN

Aurten ere, Areatzako Txoko Gourmet izango da euskal gastronomiaren erdigunea Bilbao basque FESTen. Bisitatzen dutenek euskal eskualde ugaritako zero kilometroko produktuak dastatu eta eskuratu ahal izango dituzte, besteak beste, hauetakoak: Aiaraldea, Iparralde, Arabako Errioxa, Durangaldea, Enkarterri, Gorbeialdea, Urdaibai, Uribe Jataondo, Urola Kosta, Goierri eta Tolosaldea.

Espazio honetan, halaber, sukaldaritzako mini-tailerrez eta kalitate bikaineko produktuen dastatze arinez gozatu ahal izango dute, besteak beste, Idiazabal gazta, Iparraldeko garagardoa, Durangaldeko sagardoa, Tolosaldeko txokolatea, Uribeko eta Urdaibaiko txakolina eta Enkarterriko ore amazko ogia. Zortzigarren edizioan 1.080 plaza egongo dira doako berehalako dastatzeetan parte hartzeko.

EUSKAL UMOREA BILBOROCKEN

Bilborock umorezko hiru euskal ikuskizunen agertoki izango da. Ostegunean, apirilak 14, Vaya pack de vascos estreinatuko da Nerea Garmendia eta Victor Amilibiarekin. Bertan, ia guztiok noizbait bizi izan ditugun askotariko istorio deserosoak kontatuko dizkigute.

Bigarren lana, De Bilbao ¡¡ahivalahostia!!, apirilaren 15ekoa, ostirala, Bilboko pertsonaien, ohituren, abestien eta tradizioen inguruan egingo dugun bidaia bat da. Amaitzeko, larunbatean, apirilak 16, garun paralisia duen Telmo Iruretak benetako bizipenak kontatuko ditu monologo ironiko batean: Toquecito minus.

Dena den, Bilborock ez da umorea bermatuta izango dugun espazio bakarra. Hiribilduko kaleak “Bilboko anfitrioiekinbisitatzea historia ikasteko modurik dibertigarriena izango da, bai eta itsasadarra Mirentxu eta Begotxurekin zeharkatzea ere, iragana eta oraina gogoan izateko eta hiriaren etorkizuna ikusteko, Bilbao paranormal izeneko ikuskizun umoretsuarekin.

ITZULI DIRA EZIBESTEKO JARDUERAK ETA KLASIKOAK: HERRI-KIROLAK, ZINEMA, ERROMERIAK…

Bilbao basque FEST jaialdiaren egitaratuan ezin ditugu ikusleek gehien txalotzen dituzten jarduerak ahaztu. Herri-kirolak dira horiek, eta, aurten, Areatzako kioskoaren alboan, berriz ere ikusiko ditugu kirolarien trebeziak ingudeak, fardelak eta harriak jasotzen, txingak eramaten, trontzekin, aizkorarekin, sokatiran eta abar. Beste urte batez, ikusleek beren gaitasunak probatu ahal izango dituzte euskal herri-kirolen modalitate horietan egunero-egunero begirale eskarmentudunekin antolatuko diren tailerretan.

Aurtengo edizioan, berritasun gisa, trontza mistoko Bizkaiko txapelketa ofiziala jokatuko da larunbat arratsaldean, apirilak 16. Egun horretan bertan, goizez, proba original bat jokatuko da: lehenengo Cross Training – Herri Kirolak entrenamendu ofiziala. Talde mistoen arteko txapelketa izango da, eta Cross Training eta euskal herri-kirolen askotariko probak egin beharko dituzte erlojuaren kontra.

Martzanako kaian berriz ere bilduko da jendea DJ’s Afrika Bibang, Mimoloco eta Lorea Argarate artisten erritmora hiru orduko saioetan. 19:00etatik 22:00etara.

Eta Azkuna Zentroan eta Zabalguneko eraikinean haurrek malabarismo eta akrobazien tailerra, magia-ikuskizunak eta kontzertu didaktikoak izango dituzte.

Zazpigarren euskal arteak ere bere lekua izango du Bilbao basque FEST jaialdian, Zinema sekzioarekin. Arratsalderako Icíar Bollaín zuzendariaren Maixabel filma proiektatuko da BBK Salan Bestalde, saio bakoitza hasi baino lehen Zinebi, Zinegoak eta Fant zinema-jaialdi bilbotarren film labur irabazle bat egongo da ikusgai.

Bilbao basque FEST jaia hiriko txoko guzti-guztietara iritsiko da kalejira eta erromeriei esker. Guggenheimeko zabaldegian, Arriaga Antzokiko atarian eta Ledesma, Villarias, Garcia Rivero Maisuaren kalea edo Poza kaleetan dardara nabarituko da otxote, txistulari, gaitero eta erraldoi eta buruhandiekin kalejiretan. Euskal dantza tradizionalak, aurten ere, Plaza Barrian ikusi ahal izango ditugu Bizkaiko Dantzarien Biltzarreko taldeen eskutik: Ortzadar Fanfarria, Salbatzaile dantza taldea eta Gaztedi dantzari taldea.

Igandean, apirilak 17, herri-erromeria antolatuko da Artxandan, dantza eta sagardo-dastatzeekin. Horrela, amaiera emango zaio Bilbao basque FEST jaialdiaren zortzigarren edizioari.

Hemen duzu Aste Santuan Bilbon Bilbao basque FEST jaialdiaz gozatzeko behar duzun informazio guztia eta programa osoa: https://www.bilbao.eus/basquefest/