Euskadik ostatatzen du World Economic Forum-en “zero emisio garbi” lortzeko ekimenaren munduko klusterren lehen topaketa

0

World Economic Forum-ek (WEF) Euskadin egingo du gaur eta bihar (apirilak 7 eta 8) “Industria-taldeen zero emisio garbiranzko trantsizioa” ekimena osatzen duten mundu mailako klusterren lehen topaketa. Momentuz, parte-hartzaileen artean daude Hynet Cluster (Erresuma Batua), Zero Carbon Humber (Erresuma Batua), Kwinana Industrial Area (Australia), Chemelot (Herbehereak) eta Basque Net Zero Industrial Super Cluster.

Saioak BECen eta Accenture enpresak Bizkaiko Zientzia eta Teknologi Parkean duen zentro espezializatuan antolatu dira, eta helburutzat dute ekimenean parte hartzen duten nazioarteko klusterrak konektatzea, ekimenaren gobernantza-eredua zehaztea eta Basque Net Zero Industrial Super Cluster erakundearen ezaugarri eta aktibo garrantzitsuenak ezagutzea. Gainera, denbora-tarte bat erreserbatu da harremanak egiteko hemendik gutxira ekimenarekin bat egin lezaketen kluster berriekin.

World Economic Forum-ek sustatzen du “Industria-klusterren zero emisio garbiranzko trantsizioa” ekimena The Electric Power Research Institute (EPRI) erakundearekin eta Accenture enpresarekin, helburutzat izanik 2050. urtean zero emisio garbi izatea.

WEFeko Joanna Kolomanska-k eman die hasiera ekitaldiko saioei, eta saio horietan parte hartu du Mikel Amundarainek, Industriaren sailburuordeak.

Basque Net Zero Industrial Super Cluster-en aldetik parte hartzen dute erakundeko egungo industria- eta enpresa-ordezkariek (Petronor eta Iberdrola, Energia Klusterra, Aclima, Siderex, AFV eta Paperaren klusterra), eta parte-hartzaileen artean daude baita ere Eusko Jaurlaritzako zein SPRIko ordezkariak.

Bisita-agendak 4 bloke ditu:

  • Bisita Wind Europe azokara eta Wind Energy Basque Country-ren stand-era (Energiaren Klusterrak eta EEEk antolatua), zeinak 800 m2 baino gehiagoko espazio batean biltzen baititu 50etik gora euskal antolakunde eta erakunde publikoren gaitasun teknologiko eta industrialak, eta baita ere garapen berrienak.
  • Basque Net Zero Industrial Super Cluster erakundearen ordezkarien ekimen garrantzitsuenen aurkezpena:
    • Hidrogenoaren Euskal Korridorea, Petronor-ek lideratua. Bere baitan biltzen ditu 73tik gora enpresa eta erakunde parte-hartzaile, eta 2026ra arte 1.500 milioi euroko inbertsioa mobilizatuko duten 40 proiektu.
    • Iberdrolaren Global Smart Grids Innovation Hub-a, berrikuntzaren eta ezagutzaren zentro globala eta mundu mailako erreferentea sare adimendunetan, zeinak 30etik gora bazkide teknologikorekin batera 110 milioi euroko 120 proiektu identifikatu baititu trantsizio energetikoaren erronkei erantzuteko.
  • Ekimenean parte hartzen duten kluster industrialen arteko saioak (ateak itxita), kluster bakoitzaren aurrerapenak eta erronkak partekatzeko, proiektuaren egitura eta gobernantza-eredua zehazteko eta proiektua handitzeko aukerak identifikatzeko, tokia eginez kluster berriei.
  • Hainbat saio ekimenarekin laster bat egin lezaketen kluster berriekin: Sines-eko Klusterra (Portugal), Puglia-ko Klusterra (Italia), Anbereseko Portuko Klusterra (Belgika) eta Estatu Batuetako bost kluster. Zehazki, saio espezifiko bat egingo da Estatu Batuetako Energia Saileko kargu garrantzitsuekin, euskal kasua aurkezteko eta ekimeneko partaide izateko jarraitu behar dituzten urratsak azaltzeko.

Basque Net Zero Industrial Super Cluster

Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiak aurkeztu zuen “Basque Net Zero Industrial Super Cluster” ekimena (urriaren 28an Euskadin eta azaroaren 3 eta 4an Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Konferentzian COP26, Glasgown) da World

Economic Forum-ek 2050erako 0 emisio garbiko helburua betetzeko sustatu duen ekimenean parte hartzera gonbidatutako lau eskualde-proiektuetako bat.

Zehazki, Munduko Ekonomi Foroak sustatutako “Industria-klusterren zero emisio garbiranzko trantsizioa” ekimenaren helburua da industria klusterrek zero emisio garbiranzko trantsizioan izan dituzten lorpenak nabarmentzea eta, horrela, beste kluster batzuei motibazioa ematea eta esperientziak nahiz jardunbide egokiak eskaintzea eurek ere konpromisoak har ditzaten trantsizio horretan.

Une honetan munduko ekonomiaren ia % 80k konpromisoa hartu duelarik zero emisio garbira iristeko, guztiz premiazkoa da behar diren urratsak ematea helburu anbiziotsu hori lortzeko, eta ezinbestekoa sektore industrialetako enpresek, batez ere energia kontsumo handia dutenek (eta CO2 emisio handiak kontsumo horri loturik) paper garrantzitsuak jokatzea konpromiso horiek lortzeko ahaleginean.