Euskal eskulturaren erakusketa berreskuratu du Barakaldok 70 artista baino gehiagorekin

0
PRUEBA

Bigarrena, euskal eskulturaren erakusketa 1971, 1972 eta 1973 urteetan euskal artisten eskutik hirian bizi izan zen euskal eskulturaren erakusketa-mugimendutik 50 urtera iritsi da Barakaldora. Erakusketa gaur inauguratu dute Aitziber Atorrasagasti Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustapeneko zuzendariak, Begoña de Ibarra Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako zuzendariak, Amaia del Campo Barakaldoko alkateak eta Fernando Golvano erakusketaren komisarioak.

70 artista baino gehiago batu dira euskal eskulturaren inguruan, 1971 eta 1973 urteen artean Barakaldon sortutako erakusketa-mugimendua berreskuratzeko. 1971ko uztailean, Arte Plastikoen I. Erakusketa sortu zen, euskal eta estatuko artea industria izaerako hiri batean erakusteko helburuz. Euskal artista talde handi batek ez zion harrera onik egin erakusketari, eta horrela, Barakaldoko Udalak 1971ko abendutik 1972ko otsailera Euskal Artearen Erakusketa  bultzatu zuen. 200 artistak eta 400 lanek baino gehiagok forma eman zioten erakusketa honi, eta Barakaldoko erakusketa-aretoetan fase desberdinak izan zituen. Erakusketa honek bigarren edizio bat izan zuen 1973an, oraingo honetan jada hainbat euskal artistek komisionatua.

Bigarrena erakusketak testuinguru hura eguneratzen du egungo egoerarekin, 74 artistaren 74 lanekin. Gainera, BIC Bizkaia Ezkerraldea eraikina aukeratu da kokapen gisa; birgaitutako industria-gune bat. Azken Mugak bultzatutako erakusketa honek euskal eskultoreen elkarte berri bat sortu du, eta gaur bertan aurkeztuko da Bic Bizkaia Ezkerraldean ere.

Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako zuzendari nagusi Begoña de Ibarrak adierazi duenez, «Bigrarrena gure kultura-ondareari hainbat ikuspegitatik, hainbat ikuspuntutatik, aurre egiteko modu gisa aurkezten zaigu. Erakusketak gure eskulturaren iragana eta oraina gertutik ezagutzeko eta gozatzeko aukera ematen digu, gure lurraldeko kultura-eskaintza aberasten du eta, gainera, eraikin enblematiko honetan kokatuta dagoen erakusketak Bizkaiko industria-ondarearen garrantzi historikoa nabarmentzeko aukera ematen du.

Bestalde, Aitziber Atorrasagastik adierazi duenez, «Bigarrena, ESKULTORE IZATEAK elkarlotzen dituen kolektibo bat ikusaraztea du helburu. Artearen egungo testuinguruan desitxuratuta dagoen egiteko bat, sortzeko modu bat, ofizio bat aldarrikatzen duen kolektibo bat «.

Amaia del Campo Barakaldoko alkateak nabarmendu duenez, urte hauetan guztietan erakusketak Barakaldoko artista gazteei aukerak eskaintzean oinarritu dira, eta hori, ordutik eta gaur egun arte, konstante bihurtu da udalerriko kultur programazioetan. Kulturaren, sorkuntzaren, prestakuntzaren eta erakusketaren balio-kate osoa alderdi guztietan babestuz, nola ez, horien erdigunean jarriz gizarte-eragileak eta pertsona fisikoak, modu altruistan edo eremu profesionaletik Barakaldo erreferente bihurtu dutenak kultura-jardueran.

JARDUERA OSAGARRIAK

Ekainaren 17ra arte egongo da erakusketa ikusgai, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 21:00etara. Horrez gainera, jarduera programa bat prestatu da aldi berean, Clara Campoamor Zentro Zibikoan eta BIC Bizkaia Ezkerraldean bertan.

Zentro Zibikoan hainbat mintzaldi izango dira maiatzean. Lehenengoa, Travesía por la cultura Vasca I izenekoa, Marijose Aranzastik moderatuko du, eta Roscubas, Maite Canto, Guillermo Olmo eta Javier Santurtún artistek hartuko dute parte (maiatzaren 12an, 19:00etan). Bigarrena, Testimonios izenekoa, Vicente Larrea eta Ricardo Ugarteren eskutik dator. Hirugarren mintzaldian, berriz, 1971ko bereizi gabekoaz eta eskulturaren paisaiaz mintzatuko zaigu Fernando Golvano.  (Maiatzaren 2an, 19:00etan).  Jarduera guztietan eman beharko da izena aldez aurretik, telefonoz: 9844789552 , edota cclaracampoamorservicios@barakaldo.eus posta elektronikoz.

Bestalde, Ilgner eraikinak Eskultoreen Elkarteak prestatutako aurkezpena eskainiko du gaur arratsaldean, 18:00etan.  Horrez gainera, Euskal Eskulturan Zehar II izeneko mintzaldia izango da euskaraz, eta Mikel Lertxundi, Koldobika Jauregi eta Olatz Pereda izango ditu mintzakide eta Iñigo Sarriugartek, berriz, moderatzaile.

Halaber, ostiralero, Amaia Condek Bizitza eskultura erakusketa gunean eraikitzen izeneko eskultura jarduera egingo du zuzenean (10:00etatik 13:00etan).

Ildo berean, Mikel Mendizabalek parte-hartzaileen zentzumenak zolituko dituen Eskulturen irakurketa interaktiboa jarduera egingo du (maiatzaren 18an, 18:00etatik 20:00etara): bertaratuek eskulturak deskribatu beharko dituzte begiak estalita dituztela.

Azkenik, bisita gidatuak antolatu dira, eta artistak bertan izango dira (apirilaren 27an eta maiatzaren 4an, 18:00etatik 20:00etara).