Sormenaren sarea ehuntzen Urola Kostan

0

Argazkia: Maria Maya Manterola / Urola kostako HITZA

Elkarren berri izan, eta, batez ere, elkarren sostengu izateko, Zumaiako sortzaileen sarea osatzeko lanetan dabiltza Libe Yeregi, Irati Zubieta eta Irene Arano. Sukalde lanetan aritu dira orain arte: hitzordu pare bat egin dituzte Emakumeon* Etxean herriko sortzaileekin.

Ekainaren 4an egingo den Zumaiako Emakumeen Topaketan beren txokoa izango dute sortzaileek, eta egun hori baliatuko dute sare horri zabalpena emateko, “zerbait eginez, errazago hasten baita bidea”.

Iurretako artisau azoka batean egin zuten topo Zubietak eta Yeregik. Aurrez ez zuten elkarren berririk. Azoka bera oso polita izan zen, Zubietaren arabera: “Herri horretako emakume taldearen aurkezpena zen, eta egitarauaren barruan antolatu zuten azoka. Pentsatu genuen ona litzatekeela Zumaian antzeko zerbait egitea”.

Sortzaileek elkarren berri izatea nahi zuten, azoketarako ez ezik, saretzeko ere bai. Zubietak dio sortzaile izatea ez dela erraza, eta askorako balio dezakeela, esaterako, “norberaren antzera daudenekin” bizipenak partekatzeko edota formakuntza saioak antolatzeko. “Elkar sostengatzeko modua” da sare hori, Zubietaren hitzetan.

Emakumeon* Etxera jo zuten lehendabizi, eta bertan jarri zuten hitzordua Zumaiako sortzaileak elkartzeko. Zubietak, Yeregik eta Aranok, hirurek dute beren sorkuntzari bide emateko proiektu bana esku artean, baina proiekturik gabeko sortzaile ugari dagoela nabarmendu nahi izan dute. Horietako batzuk izan ziren lehen saio hartan.

Hitzordu hura baliagarria izan zuten “elkarri aurpegiak jartzeko”, baina “horretantxe” geratu zen. Ekainaren 4ko jaialdi horretan sortzaileek beren lekua izatea eskaini zien gero Emakumeon* Etxeak. Hori antolatzeko aitzakian elkartu dira berriro ere.

“Sorkuntzaren mundua zabala da; ez du gauza materialak sortzen dituzten jendeak soilik osatzen”, azaldu du Zubietak. Eta hori islatu nahi dute jaialdi horretan izango duten espazioan: oholtza, salmenta mahaia, tailerrak eta erakusketa bat jarriko dituzte. Parte hartu nahi duten zumaiarrek formulario bat bete beharko dute, eta espazio horretan egin nahi dutena bertan zehaztu. “Lehen saiora joan ez zirenak ere etor daitezke, zerbait eginez, errazago hasten baita bidea”, gaineratu dute.

Jarraitu kontakizun interesgarri hau irakurtzen bere jatorrizko artikuluan, HEMEN:
Urola Kostako HITZA