Donostiako Udalak urtebete barru izango du bere lehen Zuhaitza Plana

0

Donostiak Zuhaitz Plan bat idazteko aginduko du, zentsu bat, diagnostiko bat eta estrategia bat egiteko, hiriko zuhaitz-ondarearekin zerikusia duen guztia planifikatu eta indartu ahal izateko.

Donostian bere hiri-bilbean dituen ia 50.000 zuhaitzen egoerari buruzko diagnostikoa egin nahi dugu. Ale kopuru hori hirukoiztu egiten da hirialdetik kanpo daudenak kontuan hartuz gero: basoetan, finketan, e.a.”, Marisol Garmendiak, Ekologiako zinegotziak, adierazi bezala. “Planak Donostiako zuhaitzen egoera, haien osasun-arazoak eta hainbat arrazoirengatik izan ditzaketen bestelako arazoak aztertuko ditu, hala nola hurbiltasuna edo inguruneko beste elementu batzuekiko harremana.”

Planari esker, Udalak zuhaitzak kontserbatzeko, zaintzeko, babesteko eta hobetzeko ekintzak diseinatu ahal izango ditu. Zuhaitz Plana idazteko aukeratzen duen enpresa espezializatuak urtebete izango du lana entregatzeko. Lehiaketaren lizitazio-prezioa 112.118 eurokoa da, % 21eko BEZa barne.

Azpimarratu behar da Donostiak 21 metro koadro berdegune dituela donostiar bakoitzeko, OMEk gomendatutakoa baino gehiago.

Datu interesgarri batzuk: hiriko espezierik ugariena platanoa da, eta hiri-bilbeari oso ondo egokitzen zaio. Zuhaitzik zaharrena Berioko artea da. 300-400 urte inguru ditu. Duela egun batzuk, zuhaitzetan mundu mailako aditua den William Moore britainiarrak bisitatu du. Zuhaitzik zabalena Kristinaenea parkean dagoen Libanoko zedro bat da, eta garaiena, Aieteko parkean dagoen sekuoia bat, 50 metrotik gorakoa. Sanserreka aldeko Argentinako ombua hiriko alerik exotikoena da. Eta Donostiako zuhaitzik ezagunena tamarindoa da, Kontxa pasealekuaren eta inguruko aldeen irudi ikonikoa.