UPV/EHUk eta Vigoko Unibertsitateak osatzen duten EMBRCren Espainiako nodoa indartu egingo da Kanaria Handiko Las Palmaseko Unibertsitateko Algen Espainiako Bankuak bat egin ondoren

0

Kanaria Handiko Las Palmaseko Unibertsitateak (ULPGC) atxikitze-hitzarmen bat sinatu du gaur bere egoitzan Algen Espainiako Bankuak (BEA) Europako Itsas Baliabide Biologikoen Zentroaren (EMBRC, ingelesezko sigletan) Espainiako nodoarekin bat egiteko.

Europako herrialde guztien ikerketa baliabidea da EMBRC edo European Marine Biological Resource Centre, zeinak Europako baliabide biologikoak eta itsas ekosistemak eskuratzeko aukera nazioarteko komunitate zientifikoaren eta ekonomia urdineko erakundeen eskura jartzen baitu, guztira 10 herrialdetan banatuta dauden itsasoko 70 instalazio eta estazioei esker. Europar Batasunean eratu zen Ikerketa Azpiegituren Europako Partzuergo gisa (ERIC, ingelesezko sigletan), eta, 2018. urteaz geroztik, ikertzeko itsas baliabide biologikoen eta zerbitzuen hornitzaile nagusia da Europan. Ondorioz, biomedikuntzan, bioteknologian eta itsas ekologian oinarrizko ikerketa eta ikerketa aplikatua bultzatzen ditu, eta, modu horretan, ekonomia urdinaren garapena eragiten du nazioartean.

EMBRC sortu zenetik, Espainiak bi erakunde izan ditu ordezkari (EMBRC-ES), Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) Plentziako Itsas Estazioa (PiE-UPV/EHU) bata eta Torallako Itsasoko Zientzien Estazioa (ECIMAT-UVigo) bestea, Vigoko Unibertsitatearen (Uvigo) Itsasoko Ikerketa Zentroaren (CIM) barruan dagoena. Gaur sinatu den atxikitze-hitzarmenaren bitartez, EMBRCren parte izango da baita ere Algen Espainiako Bankua (BEA-ULPGC). Kanaria Handiko Las Palmaseko Unibertsitatearena da, eta Fundación Canaria Parque Científico Tecnológico fundazioak kudeatzen du. Hitzarmena sinatzeko ekitaldia Kanarietako Unibertsitateko Errektoretzan egin da, eta bertan izan dira unibertsitate horretako errektore Lluís Serra, UPV/EHUko errektore Eva Ferreira eta Vigoko Unibertsitateko Ikerketaren errektoreorde María Belén Rubio, hiru erakundeetako ordezkari gisa. Bestelako agintariak ere izan dira ekitaldian, besteak beste, EMBRCko zuzendari exekutibo Nicolas Pade eta EMBRC-ES osatzen duten hiru erakundeetako ordezkariak, horien artean, PiE-UPV/EHUko zuzendariorde Manuel Soto eta EMBRC-ESeko zuzendariorde zientifiko eta PiE-UPV/EHUko kide Ibon Cancio. Tokiko hedabideen eta agintarien aurrean hitzarmena sinatu ondoren, BEAk Taliarteko Itsas Parkean dituen instalazioak bisitatu dituzte.

BEA-ULPGCren atxikimenduarekin amaitutzat ematen da “European Marine Biological Resource Centreren (EMBRC-ERIC) Espainiako nodoaren koordinaziorako eta posizionamendu estrategikorako sarea” proiektuaz, Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioak finantzatu duenaz, abiarazitako lana. Hala, sendotu egingo dira instituzionalki EMBRCren operazioak Estatuan, itsas biologiaren eta ekologiaren arloko zerbitzuak emango baitira. Orain arte, emandako zerbitzuen xedea zen itsas ingurunearen kalitatea monitorizatzea eta itsas biodibertsitatea eta klima-aldaketaren ondorioak aztertzea. BEA-ULPGCren algen kultibo-bildumari esker, orain EMBRC-ESek itsas bioteknologiaren arloko ikerketa-zerbitzuak ere eskaintzen ditu. Arlo hori funtsezkoa da NBEren garapen jasangarriko helburuen oinarri den ekonomia urdinean, baita Europar Batasunaren helburu politiko estrategiko nagusietako bat ere. Era berean, zerbitzu-zorroaren gehikuntza horrek aukera ematen du EMBRCren ekintza-eremua handitzeko, Kanariar Uharteetako ur subtropikaletako itsas ekosistemak ikertzea errazten baitu. Horrek guztiak lagunduko du EMBRC-ESen Espainiako eta nazioarteko lankidetzako aukerak hobetzen, itsas zientzien arloan hiru erakundeen ikerketa-lana bultzatuz, zenbait diziplinatako nazioarteko ikertzaileekin eta erakunde zientifiko eta pribatuekin.

EMBRC UPV/EHUn 

Laster beteko du bere hamargarren urteurrena Plentziako Itsas Estazioak. Nazioartean erreferente bihurtu da bere esparruko ikerketa zientifikoari eta teknologikoari dagokionez, argitalpen zientifiko ugariri eta Erasmus Mundus kalifikazioa duten hainbat graduondokoren eskaintzari esker.

EMBRCren kide izateagatik, PiE-UPV/EHUk jarduera garrantzitsuak egin ahal izan ditu:

  • H2020 azpiegituren bost proiektu, Interreg Atlantic Area proiektu bat eta Ministerioaren bikaintasun-sareen proiektu bat (1 milioi €-tik gora).
  • Erasmus Mundus Masterreko ikastetxe gisa parte hartzea.
  • Italia, Suedia, Norvegia, Grezia, Erresuma Batua, Portugal eta Danimarkako 22 ikertzaileren ikerketa-egonaldiak garatzea Plentzian.
  • Zizare azelomorfo espezie berri baten aurkikuntza eta deskribapena (Faerlea assembli).
  • Ikerketa-ekipamenduak hobetzea.
  • Basque Micoalgae Culture Collection (BMCC) eta Bizkaiko Golkoko Ingurumen Espezimenen Bankua abiaraztea.
  • Eusko Jaurlaritzaren HAZI Fundazioarekin zenbait lankidetza-akordio sinatzea.
  • Akuikulturaren eta biozientzien sektoreko tokiko enpresentzako transferentzia teknologikoko jarduerak eta ikerketa-zerbitzuak.