UPV/EHUko Giza Eskubideen Nazioarteko Batzarraren bigarren saioan, adierazpen-askatasunaren mugak izan dira eztabaidagai

0

Giza Eskubideen Nazioarteko Batzarraren bigarren eta hirugarren saioak egin dira gaur, eta hau eztabaidatu da horietan: ea oso bestelako arloetan, hala nola zuzenbidean eta artean, adierazpen-askatasunean muga legitimorik jar daitekeen.

Bigarren egunean, jende askok eman du izena, hitzaldien kalitateak eta hizlarien nazioarteko ospeak erakarrita. Atzo bezala, gaur ere parte-hartzaileen ekarpenak ikusmina sortzen ari dira.

Daniel Gamperrek, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakasleak, «Hitz librearen zirkunstantziak: iraina, probokazioa eta isiltasuna» hitzaldia eman du. Eguneko lehenengoa izan da, eta, hartan, adierazpen askeak artean eta beste arlo batzuetan dituen mugak izan ditu aztergai Gamperrek. Adierazpen-askatasuna funtsezko eskubidea izan dadila, esan du. Irakasleak 2005ean kokatu du gai horri buruzko eztabaidarik latzena. Urte hartan, Danimarkako egunkari batek Mahomaren karikatura ospetsuak argitaratu zituen. Gamperren aburuz, esan, adierazi edo irudika daitekeenaren muga gainditzeko joera dute askatasun artistikoak eta adierazpen-askatasunak. Gizarte-ohiturek, gustu onak eta norbanakoen eskubideen babesak ezartzen dituzte muga horiek. Bestalde, Gamperrek «probokazioaren erabileran eztabaida publiko demokratikoak dituen patologiak» aipatu ditu. «Zarata» sortzea dute patologia horiek helburu, nabarmentzeko eta ospea lortzeko. Azpimarratu duenez, ez du uste eztabaida publikoa otzandu edo debeka daitekeenik, baina bai probokazioaren erabilera adierazkorrak identifikatu.

Bigarren txostena, «Adierazpen-askatasuna eta zuzenbide penala gizarte pluralista batean», Tatjana Hörnle Krimena, Segurtasuna eta Zuzenbidea Aztertzeko Friburgoko Max Planck Institutuko zuzendariak eman du. Hörnlek adierazpen-askatasunaren debekuak eta zuzenbide penalean horri buruz dauden legeak aztertu ditu, eta hau adierazi du: «gorrotoa bultzatzeari dagokionez, giza duintasunerako eskubideak ere badu garrantzia debekuen justifikazioan, baina funtsezkoa da delituen deskribapenak mugatzea, diskurtso iraingarria oro har ez kriminalizatzeko».

Hirugarren saioan, adierazpen-askatasuna aztertu da, baina arreta Europan eta Amerikan jarrita. Josep Casadevall, Giza Eskubideen Europako Auzitegiko lehendakariorde ohia, Batzarreko ia hitzaldi guztietan ezkutuan egon den gai bati buruz aritu da. Hona hemen: «Adierazpen-askatasuna eta haren mugak». Hasteko, Casadevallek adierazpen-askatasuna definitu du eta, ostean, gaur egun harekin lotutako alderdirik korapilatsuei buruz jardun du: gerra- edo terrorismo-krimenen apologia, arrazismoa, homofobia, eta Interneteko eta sare sozialetako gorroto-diskurtsoa, besteak beste.

Amaitzeko, eguneko azken hitzaldian, Catalina Boterok —Andeetako Unibertsitateko Adierazpen Askatasunaren UNESCO Katedrako zuzendaria eta Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarreko Adierazpen Askatasunerako errelatore berezi ohia— kazetarien aurkako indarkeriari buruz hitz egin du. Zentzu zabalean aritu da indarkeriaz; hots, indarkeria fisikoa ez ezik espetxeratzeak eta akusazio neurrigabeak ere izan ditu mintzagai.

Itxiera eta ikasleen lana nabarmentzeko ekitaldia

Bihar, azken saioan, honako hauek izango dira hizlariak: Barbara Perry, Ontarioko Unibertsitate Teknologikoko Giza eta Gizarte Zientzien fakultateko Gorrotoari, Aurreiritziei eta Estremismoari buruzko Zentroko zuzendaria; Manuel Cancio Meliá, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Zuzenbide Penaleko katedraduna, «Adierazpen-askatasuna, gorroto-krimenak eta terrorismoa bultzatzea» izango den saioaren gaiari heltzeko.

Martin Scheinin, terrorismoaren aurkako borrokan giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak sustatu eta babesteko esparruko errelatore berezi ohiak itxierako lehen hitzaldia emango du, “Adierazpen askatasuna eta terrorismoaren erronka aro digitalean” eta azkenik Irene Khan, Iritzi eta adierazpen askatasunerako eskubidea sustatu eta babesteari buruzko errelatore bereziak itxiko du Kongresuaren hitzaldien azken saioa.

Gorka Moreno EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordeak emango dio amaiera ofiziala Batzarrari, ikasleek egindako posterrik eta komunikaziorik onenak nabarmentzeko ekitaldi batean.

Batzarrari buruzko informazio osoa: Egitaraua – Giza Eskubideen Nazioarteko Batzarra (humanrightscongress.org)